Jon Gaztañaga. Gimnasticeko jokalaria

«Deialdietan egon ez arren, sekula ez diot utzi nigan sinesteari»

Realean tokirik ez, eta Gimnasticerako bidea hartu du andoaindarrak. Bigarren Mailan aritzea ez zaio atzerapausoa iruditzen, eta esan du asteburua iritsi eta berriro futbolari sentitu nahi duela.

BERRIA.
jon eskudero
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hamabost urtez Realari lotuta egon ondotik, beste bide bat hartu beharra izan du Jon Gaztañagak (Andoain, Gipuzkoa, 1991).Duela astebetetik Gimnasticeko jokalaria da. Gaztetatik lortu izan du hainbat adituren ahotan egotea, besteak beste, hamazazpi urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Europako txapeldun izan baitzen. Ordea, urte luzez ez du lortu tokirik talde txuri-urdinean, eta, azkenean, kanpora irten da. Pozik dago Tarragonan, baina Andoainen bertan harrapatu du BERRIAren deiak, arropa bila etorririk. Etapa berriari aurre egiteko ilusioz gainezka dago.

Astebete daramazu Tarragonan. Zer moduz lehen egunak?

Uste baino hobeto. Toki berri batera iristean dena da arrotza, eta arraro egiten dira egoera batzuk. Halere, kluba oso atsegina da, eta teknikariek zein taldekideek oso ondo hartu naute. Azpiegiturak ere txukunak dira, eta horrek ere laguntzen du gustura egoten. Hiriari dagokionez, aurrez ez nintzen sekula egona, eta asko gustatzen ari zait. Klima atsegina du, hondartzak ere politak dira, eta jendea jatorra. Oraingoz oso eroso nago.

Aurrez Ponferradinan eta Numantzian jokatu duzu. Beraz, egokitzeko arazorik ez duzu izango, ezta?

Ponferradinan Castañedaren babesa izan nuen, eta lagun bat alboan izateak asko laguntzen du. Sorian ez nuen taldeko inor ezagutzen hasieran, baina, Jagoba Arrasate entrenatzailea izanik, dena errazagoa izan zen. Gimnasticen ez dut inor ezagunik, baina orain arteko esperientzia laguntzen ari zait. Badakit pixkanaka sartu behar dudala talde giroan, eta egokituz joango naizela. Uste dut gustura egongo naizela. Entrenatzeko, hori bai, nahiago nituen Ponferradako edota Soriako klimak. Hotzarekin hobeto moldatzen naiz beroarekin baino.

Eskaintza batzuk izan dituzu. Zergatik aukeratu duzu Gimnastic?

Aukera ezberdinak izan ditut mahai gainean: Albacete... Baina gehien bete nauena Gimnasticena izan da. Eskaintza iritsi zitzaidanean gustatu egin zitzaidan, eta berehala hasi nintzen taldea ezagutzen duten hainbati deika. Oso ondo hitz egin zidaten klubaz eta hiriaz. Kirol zuzendariak eta entrenatzaileak ere deitu zidaten ni fitxatzea nahi zutela adierazteko. Ligako lehen partida ikustera estadiora joan nintzen, eta Donostiara itzultzean berehala jarri genuen negoziazioa martxan. Dena arratsalde batean lotu genuen, eta eskertzekoa da kluba nigan interesatu izana.

Nolako proiektua da Gimnasticena? Zein da helburua?

Bigarren Mailan helburuak jartzea ia alferrikakoa da. Duela bi denboraldi igoera fasean sartu zen taldea, nahiz eta ez lortu igotzea. Iragan sasoian, berriz, mirariz eutsi zion mailari, azken jardunaldian. Horregatik, gure helburua da ondo jokatzea eta zaleei berriz ere partidak ikustera joateko grina piztea. Hori lortuta, saiatuko gara igoera fasean sartzen, eta, zergatik ez, Lehen Mailara igotzen.

Atzerapausoa al da zuretzat Bigarren Mailan jokatzea?

Ez. Futbolean garrantzitsuena jokatzea da. Gimnasticen hori lortzen badut, aurrerapausoa egingo dut. Berriro ere futbolari sentitzea da nire nahia, eta inguruari erakustea balio dudala. Realean oso gaztetan sartu nintzen, eta hamabost urteotan nuen guztia eman dut, bai partidatan eta bai lan saioetan. Oso harro nago egin dudan bideagatik, eta eskertuta ere bai, pertsona eta futbolari gisa hezi nautelako. Bion bideak banatu egin dira, baina beti jarraituko dut txuri-urdina izaten. Kontua da nire aukerak bilatu behar nituela, eta horregatik joan naizela Gimnasticera.

Realean hain aukera gutxi izanda, jokatzeko deseatzen egongo zara, ezta?

Gogo faltarik ez daukat, batez ere iragan sasoian apenas eduki nuelako minuturik. Guztira 42, uste dut. Ahazteko moduko denboraldia izan zen niretzat. Lau bat hilabete min hartuta egin nituen, eta osatu nintzenean ohartu nintzen Eusebio entrenatzaileak ez ninduela kontuan hartzen. Gutxienez, entrenatzeko moduan egoteak lasaitu egiten ninduen, nahiz eta denok jokatu nahi izan. Kapitulu horiek atzean utzi, eta Gimnasticen gozatzea dut orain buruan. Joan den jardunaldian ez nuen debutatu, eta orain lan egingo dut aukerak izateko. Asteburua iritsi eta futbolari sentitu nahi dut berriro. Garrantzitsu sentitu nahi dut.

Kanpoan utzita ibili eta gero, Realak kontratua luzatu zizun, baina ez du islatu zelaian konfiantza hori. Minduta al zaude?

Soriako etapa amaitu eta Realera itzuliko nintzela esan zidatenean, zoriontsu sentitu nintzen. Zorte txarra eduki nuen sasoi-aurrean, min hartu nuelako. Urtarriletik aurrera jokatzeko prest nengoen, baina jada beranduegi zen. Entrenatzaileak beste hautu batzuk eginak zituen. Pentsatu nuen lanean jarraitu beharra neukala, futbola ez zelako hor amaitzen. Neure buruarengan konfiantza izan dut beti, eta inoiz ez dut zalantzarik izan entrenatzaile batek deialdian sartu ez nauelako. Nik ez badut nigan sinesten, alferrik segituko dut lanean. Gogotsu nago baleko jokalaria naizela erakusteko.

Realean aukera gutxi izan duzu horretarako. Eusebiorekin haserre bukatu al duzu?

Ez. Denboraldi hasieran garbi esan zidan ez ninduela kontuan hartuko, eta eskertzekoa da. Ez nuen beste sasoi batez alferrikakoa izan nahi. Gustatuko zitzaidan Realean hogei urtez jokatzea, baina hori ezinezkoa da. Hemendik kanpo ere badago futbola. Egia da Realean aukera asko ez dudala izan, baina debuta egin nuen urtean uste dut nire aukerak baliatu nituela. Ordutik aurrera ez dut aukera gehiegi izan, baina ez nago haserre.

Iñigo Martinezek eta Asier Illarramendik, besteak beste, zorte ona opa dizute sare sozialetan. Eskertzekoa da, ezta?

Taldekide baino gehiago lagun handiak izan ditut biak, eta, Gimnasticen egon arren, harremana mantenduko dut. Illarramendi eta biok elkarrekin sartu ginen Realean. Taldekide askorekin ez naiz agurtu, baina Zubietara joango naiz aste honetan.

Reala lidergoan dago. Zer espero dezakegu taldeaz?

Gauza handiak egiteko gai da, eta, lehen postuari eustea zaila izango den arren, goian egongo da. Europan zerbait ederra egin dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.