TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA

Dena dauka: ona da, aztia, leiala, azkarra eta oso gaztea

Cunegok laugarren etapa irabazi eta eskura du Giroa, dotore. Simoni nagusia justu antzean aritu zen. Garate lehen hamarren artean dago

Andoni Urbistondo.
2004ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Damiano Cunego txirrindulariak aho bete hortz utzi du Giroko ingurumarian dabilen oro. Aspaldi hasi zen denak harrituta uzten, baina balentriak ohiko bilakatu dituen heinean, are handiagoa da hura etengabe goratzeko gogoa. Cunegok laugarren aldiz jaso zituen eskuak garaile, Bormio 2000 eski estazioan, eta mirari edo istripuren bat gertatu ezean, aurtengo Giroa poltsikoratuko du.

22 urteko gazteak txirrindulari bati eska dakizkiokeen dohain ia denak dauzka: ona da, Giroko indartsuena, etapak aise irabazteko azkarra azken metroetan, gazteek nagusiei eduki beharreko leialtasunari eutsi dio Giro osoan, eta aztia, bizkorra ere bada buruz. Fenomeno bat, izar distiratsu bat bihurtzeko bidean da. Azken hiru asteotan erakutsi duen mailari segida ematea falta zaio orain. Lan zaila da hori.

Saecoko nagusia zein zen argitu behar zen atzo. Zalantza izpirik ez dago. Cunego da nagusia, besteak beste Gilberto Simonik ez duelako hausten, ez dagoelako azken urteetan bezain sendo, eta nagusiak huts egiten badu, zer hobe nagusitza talde bereko beste norbaiti ematea. Simoni, dena den, bere aginteari eusten, garaipen zerrenda handiak ematen duen sonari zukua ateratzen saiatu zen. Erasoa jo zuen azken mendatean, hori egiteko beharrik ez bazuen ere. Eskerrak Cunego eroso zihoala, eta Simoni bera justu antzean, bere egoa handitzeko egindako funtsik gabeko eraso hark Cunego kaltetu izan balu, Simonik urtetan bizkar gainetik kenduko ez zuen kritika zaparrada jasoko zuelako Italian.

Taldeko liderrari, probako liderrari zor zaion errespetua hankapetik pasata jokatu zuen Simonik atzo. Aldaretik jaistea ez da erraza, batez ere talde bereko 22 urteko ume mokoa bada aldare horretatik jaisteko agintzen dizuna. Baina errealitatea da gordinetan gordinena, egoskorretan egoskorrena, eta datorren bezala onartu behar da. Simonik aspaldi ikasita behar zuen hori, eskarmentu handia baitu. Atzo, ordea, zer ikasi baduela agerian geratu zen.

Simonik podiuma lortzeko, Hontxar eta Popovitx atzeratzeko aitzakiapean jo zuen erasoa, beharbada, edo etapa garaipena lortzen saiatzeko, baina bere jokaera ez zen zuzena izan. Zalantzagarria da, gainera, Simonik Giroa bitan irabazita, podiumeko koska batek edo beste etapa garaipen batek asebeteko lukeen.

Cunego gaztea Simoni nagusiari leial

Cunego gazteak leialtasunez jokatu zuen. Bai atzo, eta baita Giroa hasi zenetik ere. Giro hasieran esan zuen Simoniri laguntzea zela bere asmo behinena. Maglia arrosa (liderraren maillota) lortu zuenean ere, trebea izan zen kazetariek egin zizkioten galdera gaiztoei erantzuten. Asteartean, Falzesen irabazita, Simoni oso zainduta zegoelako jo omen zuen aurrera. Gaur badakigu ez zela horrela izan, Simonik ezin zuelako ez zuela aurrera egin, eta Cunegok indartsuena delako jo zuela erasoa. Atzo, Simonik erasoa jo eta imintziorik txikiena egin gabe, mugitu gabe geratu zen, zain.

Cunego txirrindulari bikaina da. Alejandro Valverderekin alderatu dute, baina osoagoa da italiarra. Ona eta leiala izateaz gain, etapak irabazteko azkartasuna da bere dohainetako bat, eta burua ere ondo jantzita dauka. Atzo, Simonik aurrera egin eta Dario Cioni (Fassa Bortolo) abiatu zen haren bila. Berehala, Cunego bere bila. Gurpilean geratu ez, eta Cioniren parera jarri zen Cunego, ausart, oldarkor, bera han, indartsu zegoela jakinarazteko, badaezpada. Harrituta begiratu zion Cioni zailduak Cunego hasiberriari, baina Cunegok bere helburua lortu zuen: Cioni beldurtzea.

Garzelli Gavian saiatu zen, baina Saecok ez zion utzi

Passo Gaviak, aurtengo Giroko Coppi gainak, izan behar zuen etapako epailea, baina espero baino mugimendu, eraso gutxiago egon zen han. Saeco taldeak du horren errua. Cunegok eta Simonik bi edo hiru taldekide izan zituzten alboan uneoro, gehien komeni zitzaien erritmoa jartzeko, eta eraso ahaleginak zailtzen zituen erritmo itoa jarri zuten Bertagnolik, Szmydek eta Eddy Mazzolenik. Stefano Garzelli eta Wladimir Belli bakarrik ausartu ziren erasotzen.

Garzellik (Vini Caldirola) gainerako 12 kilometro geratzen zirela jo zuen aurrera. Pedal kolpe behartuarekin zihoan aurrena, baina eroso ondoren, gerriari kolpeak ematen, baina arin-arin. Bi minutuko errenta lortu zuen ia gainean. Jaisten trebea da Garzelli, baina lagun bakarra baino trebeagoak dira hiru, eta Saeco taldekoek, jaitsieran elkartu ostean, Garzelli irentsi zuten. Jaitsiera baino, Gaviako igoera izan zen ikusgarria. Elur hormen tartean egin zuten bidea sarri, eta errepideak mendian gora egiten zuen bidea erakusten zuten telebistako irudiak ikusgarriak izan ziren.Tropela batuta, etapa hasieran sortutako ihesalditik iraun zuen Vladimir Miholyevic (Alessio) zen lasterketa burua, Bormio 2000 igotzen hasi aitzin. Harekin batera zen Patxi Vila nafarra, besteak beste, baina Garzelli aurretik egonda, ihesaldia azkar hil zen.Simonik hasi zuen erauntsia azken igoeran. Dario Cioni eta Serhii Hontxar haren bila abiatu ziren, Cunego alboan zutela. Metro batzuk atzerago ziren Juanma Garate, Belli taldekidea eta Andrea Noe, eta Pellizotti eta Garzelli atzean geratu ziren hasi eta berehala. Tankera horretan egin zen igoera, Cionik eta bere taldeak Simoni harrapatu bazuten ere. Garatek aukera bikaina zuen sailkapen nagusian postu dezente aurreratzeko, baina erasoa ezin jo, eta kostata egin zuen bidea gorantz Irungoak. Ondo dago Garate, baina ez da igotzaile peto-petoa. Sailkapenean bederatzigarren postuan dago orain, eta bosgarren postua minutu pare batera dauka. Hortik gora daudenak harrapaezinak dira. Dena den, aurrera egiten badu, aurrean direnak kale egin eta Garatek azken egunetako erregulartasunari eusten badio egingo du. Hamar onenen artean sartu da dagoeneko, eta hori merituko lorpena da. Koska pare bat igotzea da erronka orain.

-

Sailkapenak



 

18. ETAPA





1. D. Cunego (Saeco) 3.56.312. Dario Cioni (Fassa) 5era3. Gilberto Simoni (Saeco) d. b.4. J. Perez Cuapio (Pana.) 10era5. Serhii Hontxar (De Nardi) 18ra6. Eddy Mazzoleni (Saeco) 36ra7. Juanma Garate (Lampre) d. b.8. Iaroslav Popovitx (Land.) 40ra9. Wladimir Belli (Lampre) d. b.10. Andrea Noe (Alessio) d. b.11. Bradley McGee (FDJ) 1.00ra12. Tadej Valjavec (Pho.) 1.11ra13. Emanuele Sella (Pan.) 1.16ra14. L. Laverde (Formaggi) 1.21era15. S. Garzelli (Vini) 2.03ra25. Patxi Vila (Lampre) 5.40ra73. I. Astarloa (Lampre) 23.43ra

NAGUSIA





1. D. Cunego (Saeco) 80.38.462. S. Hontxar (De Nardi) 1.31ra3. Gilberto Simoni (Saeco) 3.07ra4. I. Popovitx ( Land.) 3.23ra5. Dario Cioni (Fassa) 4.44ra6. Wladimir Belli (Lampre) d. b.7. Bradley McGee (FDJ) 5.24ra8. Stefano Garzelli (Vini) 6.45era9. Juanma Garate (Lampre) d. b.10. Andrea Noe (Alessio) 6.58ra11. Tadej Valjavec (Pho.) 7.11ra12. Ch. Brandt (Lotto) 8.56ra13. Franco Pellizotti (Ale.) 8.59ra14. Emanuele Sella (Pan.) 9.21era15. Pavel Tonkov (Vini) 10.06ra22. Patxi Vila (Lampre) 22.59ra47. I. Astarloa (Lampre)1.07.02ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.