Aurreko bi denboraldietan, azken jardunaldian eutsi zion Osasunak mailari, eta sasoi honetan bi jardunaldiren faltan salbatuta direnez, Jose Antonio Camachoren taldeak sasoi ona egin duela esan daiteke. Talde apala izaten jarraitzen du Osasunak azken hamarkada osoa Lehen Mailan eginagatik, eta denboraldi guztietan helburu bakarra izaten du Iruñeko taldeak: mailari eustea. Gero zerbait dotoreagoa lortzeko borrokatu ahal badaiteke, hobe, baina Camachok sarritan esan bezala, «beste talde batzuentzat Txapeldunen Ligan aritzea bezain garrantzitsua da Osasunarentzat Lehen Mailan izatea». Eta helburua hori izanik, amaitu berri den sasoia ona izan da Osasunarentzat, zalantzarik gabe. «Denboraldiko helburua bete dugu, eta, ondorioz, balantzeak positiboa izan behar du. Mailari eusteko lehian ez dugu batere sufritu, eta Osasunaren helburua Lehen Mailan jarraitzea da, ezin dugu inor engainatu», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak Taxoaren egindako prentsaurrekoan. Estutasunik gabe eutsi dio mailari taldeak, eta azken urteetako sufrimenduen ostean, gozo hartu dute osasunazaleek 2009-2010 denboraldiaren azken txanpa.
Dena ez da ona izan, dena dela. Iragan sasoian beste entrenatzaile batek -Jose Angel Zigandak- hautatutako jokalari talde bat zuzendu behar izan zuen Camachok, eta aitzakia hori izanik, entrenatzaile espainiarraren lana baloratzea zaila zen. Sasoi honetan hasieratik bukaerara berak zuendu du Osasuna, ordea. Eta datorren sasoiari begira zuzendu beharreko zenbait alderdi ikusi ahal izan ditu Camachok. Taldeak 43 puntu besterik ez ditu batu -puntu kopuru horrekin Bigarren Mailara jaitsitako taldeak badira-, eta maila galdu duten taldeek inoiz baino puntu gutxiago batu dituztelako izan da sasoi lasaia nafarrentzat, ez Ligako onenen artean ibili direlako.
1. Gol gabezia
Talde honek golak sartzeko duen ezina kezkatzeko modukoa da, esaterako. Iragan sasoian bezalaxe, denboraldi honetan ere Ligako txarrenen artean geratu dira gorritxoak arlo horretan. Espanyolek (29 gol) eta Sportingek (36 gol) bakarrik sartu dituzte nafarrek baino gol gutxiago. 38 partidatan 37 gol sartuta harro egoterik ez dago, ez horixe. Camachok ez dio halako garrantzirik eman nahi datu horri, dena dela: «Gol gehiago egiteko aukera ugari sortu ditugu, eta ardura ez da aurrelariena bakarrik. Dena dela, golak sartzeko aukerarik ez sortzea izango litzateke kezkagarriena eta arlo horretan ondo aritu garela esango nuke. Asmatzea falta izan da, besterik ez», esan zuen atzo entrenatzaile espainiarrak. Maila galdu duten hiru taldeek Osasunak adina gol edo gehiago sartu izanak argi uzten du gorritxoen gabezia, dena dela.
2. Nafarroako Erresuma
Nafarroako Erresuma gotorleku bilakatzearen garrantzia azpimarratu izan dute azken hamarkadan Osasunatik igaro presidente eta entrenatzaile guztiek. Azken sasoietan Osasuna ez da talde sendoa izan etxean, dena dela. Eta sasoi hau ere ez da bestelakoa izan. Lau taldek bakarrik irabazi dituzte sasoi honetan Osasunak baino partida gutxiago etxeko partidetan. Gorritxoek, berriz, hemeretzi partidatan zazpi partida irabazi dituzte, Xerezek sei irabazi ditu, Malagak bost eta Valladolidek eta Racingek launa. Azken jardunaldian, maila galtzeko arriskuan ziren lau talde horiek. Gorritxoek atera beharreko ondorioa hauxe litzateke: etxetik at lehen itzulian irabazitako partida garrantzitsuei esker dago Osasuna Lehen Mailan, etxetik at jokatutako azken zortzi partidetan puntu bakar bat ere ez baitu batu Iruñeko taldeak, eta etxetik kanpo bigarren itzuli negargarria egin du. Nafarroako Erresuma ez da gotorlekua, eta zaleak ere beste denboraldietan baino hotzago egon dira.
3. Camacho
«Partida guztietan azken minutura arte irabazten ahalegindu ez garenik ezin du inork esan behintzat, eta hori oso garrantzitsua da», esan zuen atzo Jose Antonio Camachok, denboraldia ontzat jotzeko arrazoi gisa. Baina Riazorren galdu ostean egin adierazpenak gogoratu beharko lituzke Osasunako entrenatzaileak. «Deportivok bere partida egin du, eta akabo. Guk beste ganora batekin zelairatu behar genuen, oldarkorrago, gutxienez jaurtiketaren bat egitea nahiko nuke aurkariak partida irabazi nahi genuela ikus zezan. Baina ez, ez dakit, jokalariei partida irabazteko mezua behar bezala igortzen ez dut asmatzen agian», esan zuen orduan Jose Antonio Camachok, partida amaitu berritan, Coruñan. Partida guztietan irabazten ahalegindu ez direla beste inork baino lehenago entrenatzaileak berak salatu zuen beraz.
Eta Coruñakoa ez zen partida bakarra izan. «Irabazteko aukerak izan eta berdintzen ere asmatu ez ditugun partida horiek izan dira denboraldi honetako gauzarik txarrena», onartu zuen atzo Camachok berak.
4. Fitxaketak
«Plasilen eta Margairazen truke jaso diruarekin Aranda, Camuñas eta Calleja ekarri genituen, eta Callejak ez hainbeste, baina beste biek asko jokatu dute, eta asmatu egingo genuen fitxaketekin, sari guztiak Camuñasi eman baitizkiozue», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak sasoi honetarako egin fitxaketen lana aztertzen hasita. Camuñasen ekarpena oso ona izan dela ukatzerik ez dago, baina Callejak berhura fitxatu izana arrazoitzeko aukerarik ere ez du izan, eta Arandak gauza onak bezain txarrak erakutsi ditu: langilea da, aurkarientzat deserosoa da, eta barruak hustu arte borrokatzen da, baina lotsatzeko moduko eraginkortasun falta erakutsi du erremateak egiteko orduan. Datorren denboraldirako hiruzpalau fitxaketa egingo dituztela aurreratu zuen Camachok atzo, eta zurrumurruen arabera Realeko atezain Asier Riesgo eta Atletico Madrileko atzelari Pablo Ibañez izango dira Osasunako bi jokalari berri. Azpilikuetaren eta Monrealen truke eskaintzaren batzuk izatea espero dute Osasunako agintariek, baina dirutza baten truke ez bada ez dutela kluba utziko esan zuen Camacho entrenatzaileak atzo. Gutxienez iragan sasoian bezainbeste asmatu beharko dute nafarrek taldean aldaketak egiteko orduan. Eta, ahal bada, gainera, gehiago asmatzea da helburua, Osasunak merkatuan muga ugari dituela jakin arren.
5. Juanjo Lorenzo
2009-2010 denboraldia izango da Juanjo Lorenzo kirol zuzendariak Osasunan egingo duen azkena, Patxi Izkok astelehenean baieztatu zuenez. Zazpi denboralditan Osasunaren kirol erabaki guztiak zuzendu ostean, Lorenzok agur esango die gorritxoei, beraz-gaur goizean emango du agurreko prentsaurrekoa Nafarroako Erresuman-. Izkok 2003an fitxatu zuenean Martin Gonzalez ordezkatzera zetorren Lorenzo-Aguirrek eta zaleek erakutsi babesagatik jarraitu zuen Martin Gonzalezek Taxoaren-, eta bitxia bada ere Martin Gonzalezek hartuko du orain Lorenzoren lekukoa kirol zuzendaritzan. Zigandari erakutsi babesa larrutik ordaindu du Juanjo Lorenzok.
6. Ezusteko pozgarriak
Denboraldiak albiste onak ere utzi ditu Osasunan, dena dela. Baikor izaten laguntzen dute, esaterako, Ricardoren eta Pandianiren gaztaro berriak, Azpilikuetaren eta Monrealen iragarritako gorakadak, Ruperren agerpenak, Juanfranen egonkortasuna eta fidagarritasuna eta Vadoczen bigarren itzuliko susperraldiak. Txanponaren bestaldean Roversio, Galan eta Jokin egon daitezke, oso aukera gutxi izan baitituzte. Fitxaketak egin ahal izateko zenbait jokalarik alde egitea ezinbestekoa izango den arren, iraultzarik egin beharrik ez du izango Osasunak udan -lerro bakoitzean jokalari bat fitxatzea izan daiteke-, eta sasoi honetan nabarmendu diren jokalariek gora egiten jarraituz gero, datorren denboraldirako itxaropentsu egoteko arrazoiak baditu osasunazaleak.
Iragan sasoian baino hobeto aritu da Osasuna sasoi honetan -43 puntu egin dituzte gorritxoek, dena dela, iaz bezalaxe- estutasunak saihestuz, eta datorren denboraldian ere gora egiten jarraitzea da helburua.
Dena ez da ona izan
Mailari eusteko helburua aise bete duen arren, gabeziak ere erakutsi ditu Osasunak 2009-2010 denboraldian. Zuzendu beharreko gauzak dira, besteak beste, golak sartzeko izandako zailtasunak eta etxeko partidetan egindako zenbaki eskasak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu