Dena prest Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketarako

Abenduaren 27an hasiko da, eta martxoaren 28an bukatu; Azpeitian jokatuko dute finala. Alejandra Perez eta Marta Gomez lehen aldiz ariko dira maila nagusiko txapelketan, eta Mujika aurrelari arituko da bere iloba Ruiz de Larramendirekin batera.

Pilotariak Adosek antolatutako Binakako Txapelketaren aurkezpenean, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU
Pilotariak Adosek antolatutako Binakako Txapelketaren aurkezpenean, Azpeitian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko abenduaren 23a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bat bukatu, eta bestea hasi. Ados Pilota klubak antolatutako lau eta erdiko txapelketa amaitu berri da, eta pilotariek hilaren 27an ekingo diote hurrengoari: Binakako Txapelketari. Gaur aurkeztu dute txapelketa, Azpeitian (Gipuzkoa), hantxe jokatuko baita finala, martxoaren 28an. Aurreneko partida, berriz, Larraintzarren izango da (Nafarroa). 

Hogei pilotari ariko dira hiru hilabete luzez: sei bikote lehiatuko dira Lehen Mailan, eta lau Promozio Mailan. Hauek dira maila nagusian parte hartuko duten bikoteak: Iturriaga-Orbegozo, Barrokal-Perez, Oskoz-Arrastia, Mujika-Ruiz de Larramendi, Aranburu-Mendiburu eta Gomez-Agirre. 

Alejandra Perez eta Marta Gomez lehen aldiz ariko dira maila nagusiko txapelketan. Ez dituzte nolanahiko kideak izango ondoan. Perezek lau eta erdikoan txapeldun izan berri denarekin jokatuko du, Maddi Barrokalekin; bete-betean dagoela erakutsi du bergararrak. Gomez, berriz, Naroa Agirre pilotari eskarmentu handikoarekin ariko da; iaz txapela jantzi zuen Leire Oskozekin batera. 

Badago nabarmendu beharreko beste bikote bat: Maite Mujika eta Olatz Ruiz de Larramendi. Izeba eta iloba elkarrekin ariko dira, eta Mujikak aurrelari gisa jokatuko du.

Bestalde, Promozio Mailan bikote hauek hartuko dute parte: Arruti-Alberro, Iriarte-Ernaga, Gomez-Sotil eta Sagardui-Etxeberria.

Lehiaketa sistemari dagokionez, Lehen Mailako sei bikoteek bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen lau bikote sailkatuak finalerdietan ariko dira: ligaxkako lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren sailkatuak, hirugarrenaren aurka. Promozio Mailan, berriz, bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du, eta lehen sailkatua finalean ariko da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek elkarren aurka jokatuko dituzte finalerdiak, eta partida horretako irabazlea izango da bigarren finalista.

Aurkezpenean izan da Jon Oteiza Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzia, eta Ados Pilota klubaren jarduna txalotu du: «Ados Pilotak emakumezkoen pilotaren bidean egiten duen lana goraipatzekoa da, eta ohorea da guretzat final handia berriro ere Izarraitz pilotalekuan hartzea».

Makina bat frontoitan

Euskal Herriko 25 frontoitan jokatuko dituzte Binakako Txapelketako partidak. Larraintzarren hasi eta Azpeitian bukatuko da, eta finalerdiak Beasainen eta Legazpin (Gipuzkoa) jokatuko dituzte. Partida guztiak Adosen Youtube kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean.

Ados Pilota klubak eskerrak eman dizkie txapelketa antolatzeko laguntza emandako guztiei eta babesleei. Horietako bat da BERRIA. Egunkariak txapelketa babestu eta haren berri emango du.

Azken aldian Oskoz-Agirre bikoteak jantzi zuen txapela, finalean Iera Iturriaga eta Ane Mendiburu 22-15 mendean hartuta. Hunkigarria izan zen, omenaldia egin baitzioten Naroa Elizalde Etxekoloneari, txapelketa jokatzen ari zirela hil zen Adoseko pilotariari. Txapelketa guztietan dute gogoan Etxekolonea. 

Bosgarrenez jokatuko dute Adosek antolatutako Binakako Txapelketa. 2022an Madalen Etxegarai eta Olatz Ruiz de Larramendi pilotariak nagusitu ziren, 2023an Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendi, 2024an Ainhoa Ruiz de Infante eta Leire Galeano eta 2025ean Leire Oskoz eta Naroa Agirre. Ikusi beharko da 2026an zer bikotek janzten duen txapela. Lehia eta ikuskizuna ez dira faltako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.