Beti Onak taldeak gaur jokatuko du liga erregularreko azken neurketa Guardesen aurka, etxean. Nafarrek irabazi egin behar dute; gainontzean, jaitsiera saihesteko ligaxka edo fasea jokatu beharko dute ziurrenik. Estitxu Rodriguez (Atarrabia, Nafarroa, 2006) denboraldiko ezusteetako bat izaten ari da, eta argi du: «Guretzat final baten modukoa izango da Guardesen aurkako partida, gure esku baitago mailari eustea».
Ez dira ligari nahi bezalako bukaera ematen ari. Martxoan Espainiako Kopan txapeldunorde geratu ostean, ligan norgehiagoka bakarra irabazi dute. «Azken txanpa hau luze samar egiten ari zaigula esango nuke». Bederatzigarren postuan daude sailkapenean: jaitsiera fasea jokatu gabe mailari eustea bermatzen duen azken tokian. Duela bi aste, ordea, Eldak 32-26 irabazi zien, eta puntu bakarrera jarri zen. Emaitza horrekin, gainera, Eldak izango du puntuen aldea.
Aipatu bezala, Beti Onak-ek Guardes hartuko du etxean; Eldak, berriz, Gijon. Bi taldeen helburua izango da jaitsiera fasea ez jokatzea eta mailari eustea, beste denboraldi batez gorenean jarraitzeko. «Ez dugu jaisteko fasean pentsatu ere egiten; gure buruan Guardesen aurkako partida besterik ez dago».
Eskubaloiko Espainiako Ohorezko Mailan, azken sailkatuaz gain —Zuazo da talde hori—beste talde bat ere jaitsiko da kategoriaz. Hamargarren eta hamahirugarren postuen artean geratu diren lau taldeek beste ligaxka bat jokatuko dute, jaitsiera fasea deitua. Fase horretan, elkarren aurka lorturiko puntuak gordeko ditu talde bakoitzak eta, berriz ere, elkarren aurka jokatuko dute. Fase horretako azken sailkatua izango da kategoria galduko duen beste taldea.
Guardesen aurkako norgehiagokaz galdetuta, ondorengoa azpimarratu du: «Norgehiagoka gogorra izango da, baina oso gogotsu gaude, gure esku baitago gorenean jarraitzea». Denboraldia «aho zapore onarekin» amaitu nahi dute, «bai guregatik, bai zaleengatik». Rodriguezek onartu duenez, psikologikoki «oso gogorra» izango litzateke jaitsiera saihesteko fase hori jokatu behar izatea.
Uste du «oso garrantzitsua» dela partida etxean jokatzea. «Garairik txarrenetan ere zaleek jarrera eredugarria izan dute. Ondo jokatzen ari ez zarela dakizunean ere, badakizu animatzen jarraituko dutela; jokalari bat gehiagorekin jokatzearen modukoa da guretzat».
Gaurko neurketan gertatzen dena gertatzen dela, Guardesek lehen postuan amaituko du liga, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen die nafarrei: «Espero dugu lasai etorriko direla, puntuen behar larririk gabe». Gainera, Espainiako Kopan irabazi egin zieten galiziarrei, eta horrek konfiantza ematen die: «Espainiako Kopan bezain gogotsu atera behar dugu haien aurka, baloi guztiak borrokatu, defentsan gogor aritu eta erasoan beldur gabe jardun».
«Gol askoko» neurketa bat izatea nahi dute. Izan ere, Guardes hobeto moldatzen da gol gutxi izaten diren partidetan, punta-puntako atezainak baititu. Beraz, «ahalik eta kontraeraso gehien» egiten saiatuko dira, horrela, «aukera handiagoa» izango baitute bi puntuak lortzeko.
Denboraldi gorabeheratsua
Ligaren lehen zatian bikain aritu zen Beti Onak. Nafarrak estreinakoz sailkatu ziren Espainiako Koparako. Martxoan jokatu zuten txapelketa hori, Granollersen, eta ezustekoa eman zuten. Ligako liderra eta etxeko taldea kanporatu zituzten: Guardes eta Granollers. Hala, finalerako sailkatu ziren. Bera Beraren kontra neurtu zituzten indarrak, eta 30-21 galdu zuten. «Espainiako Kopa historikoa izan zen klubarentzat, denboraldiko momenturik onena. Taldea oso gogotsu eta zoriontsu zegoen, eta kantxan ere izugarri disfrutatu genuen». Koparen ostean, ordea, gauzak ez zaizkie nahi bezala atera nafarrei: «Gogor jarraitzen dugu lanean, eta gauza desberdinak lantzen. Baina ez dakigu zer gertatzen zaigun».
«Denboraldi honetan nuen helburuetako bat kanpotik gehiago jaurtitzea zen. Hori lantzen aritu naiz, eta pixkanaka konfiantza handiagoa izatea lortu dut» ESTITXU RODRIGUEZ Beti Onak taldeko jokalaria
Dena den, denboraldia ondo amaitzea espero du, bera «oso gustura» baitago egin duen lanarekin «Pozik ibili naiz egunerokoan, eta zoriontsu gorenean jokatzeko eman didaten aukeragatik. Ahal den guztia disfrutatzen saiatu naiz. Oso eskertuta nago, entrenatzaileak eman didan konfiantzarengatik».
Taldean aurrerapauso nabarmen bat eman du Rodriguezek, eta denboraldi hasieran bere buruari jarri zizkion helburuak lortzen ari dela berretsi du: «Helburuetako bat kanpotik gehiago jaurtitzea zen, horrek jokoan aukera gehiago ematen dizkizulako. Hori lantzen ari naiz, eta ohartu naiz pixkanaka konfiantza hartzen ari naizela».