Aurtengo denboraldiak eman ditu eman beharrekoak, eta lasaitasuna irabazi izango dute euskal taldeetako jarraitzaile gehienek. Ez da harritzekoa, momenturen batean edo bestean luzea eta malkartsua izan baita talde guztien bidea. Reala izan da tristura eta jardun eskasetik salbuetsi daitekeen talde bakarra. Ligan ez dute lan duinik egin txuri-urdinek, baina Espainiako Kopa irabazi izanak galanki gozatu ditu zaleak. Zaporea are gozoagoa izan da jakinda titulu horri esker Europa ligan ariko direla gipuzkoarrak hurrengo denboraldian. Athletic, ordea, Europatik kanpo geratu da. Ustez inoizko talderik onena izan arren, era kaskarrean amaitu du aroa Bilbon Ernesto Valverdek. Eta Osasuna eta Alaves ere ez dira ibili suziriak botatzeko moduan. Amildegiaren ertzean ibili dira liga amaitu bitarte, baina lortu dute mailari eustea, eta proiektua hobetzeko aukera izango dute datorren denboralditik aurrera.
Osasuna. Sufrimendua, muturreraino
Azken arnasa hartu arte estu eta larri ibili da Osasuna. Jakina zen Jagoba Arrasateren itzala luzea izango zela Iruñean, eta zaleak ez ziren konforme agertu Vicente Morenoren lanarekin iragan denboraldian. Hori ikusita, Braulio Vazquez kirol zuzendariak Alessio Lisci fitxatu zuen aulkirako, eta itxaropen handiak jarri zituzten harengan. Besteak beste, Mirandesen lan ona eginda baitzetorren entrenatzaile italiarra. Ordea, zenbakiek garbi diote aurreikuspenetatik urrun egon dela Osasunaren jarduna. Jesus Areso izan ezik, gainerako jokalari garrantzitsu guztiak bere aginduetara izan ditu Liscik, baina ez du asmatu zukua ateratzen. Victor Muñozek eta Ante Budimirrek eutsi diote zutik taldeari, baina beste jokalari guztiak euren mailatik urrun ibili dira. Dena den, nabarmen huts egin duena talde jokoa izan da. Talde nortasuna.
Hitz batean, gorabeheratsua izan da nafarren denboraldia. Liscik berak aitortu zuen sasoi hasiera jokatzeko ideia batekin zetorrela, baina ideia horri uko egin zion lehen partidetan, hainbat jokalari min hartuta zeudelako. Osasunak bost jokalariz osatutako defentsa lerroarekin ekin zion denboraldiari, eta horrek ez zuen inor konbentzitu. Min hartutakoak errekuperatu ahala, gustuko joko sistema zelairatu zuen entrenatzaileak, eta taldeak hobekuntza izan zuen. Partida onak jokatu zituen bolada batean, baina lehen itzuliko balorazioa eskasa izan zen.
Osasunak hemeretzi puntu bildu zituen lehen itzulian, eta jaitsiera postuetatik soilik bi puntura egon zen lan erdietan. Sadarretik urrun egindako lan eskasak kondenatu zuen taldea egoera horretara. Hemeretzi puntuetatik soilik bi batu zituen Iruñetik urrun. Alarma gorria azaroaren 23an piztu zen. Egun horretan, gorritxoek 1-3 galdu zuten etxean Realaren aurka, eta jaitsiera postuetan egin zuten lo. Boladaka taldeak itxura txukuna eman arren, garesti ordaindu zituen atzean egindako huts larriak, eta 2026ari egoera kritikoan ekin zion. Liscik beti adierazten zuen denbora kontua zela hobera egitea, berak sinesten zuela jokalariengan, eta talde nafarrak susperraldia izan zuen urtarrilaren erditik aurrera. Horren aurretik, hori bai, beste kolpe bat hartu zuen taldeak, Kopatik kanpo geratu baitzen, Realaren kontra galduta, Anoetan (3-2). Final-laurdenetako sailkapena eskura izan zuten nafarrek, birritan jarri baitziren aurretik markagailuan.
Bost egun geroago, mugarria izan zen ligan Oviedori 3-2 irabazitako partida, Sadarren. Galtzen joan ondoren, irauli egin zuen lehia Lisciren taldeak, eta horrek sekulako konfiantza eman zion multzoari. Sei partidatik lau irabazi zituen bolada horretan, eta bi berdindu. Azken garaipena Real Madrilen kontra lortutakoa izan zen (2-1). Hiru puntu horiei esker, jaitsiera kontuak ez ziren aipatu ere egiten klubaren inguruan, Europako postuak soilik bi puntura baitzituzten gorritxoek. 34. jardunaldian hamargarren postuan ziren, 42 punturekin. Hots, azken lau partidak segidan galdu eta gero, azken jardunaldiko azkeneko segundora maila galtzeko arriskuarekin iritsi da Osasuna. Azkenean lortu du Lehen Mailan jarraitzea, baina sasoi eskasak bere ondorioak utz ditzake.
Esate batera, ikusteko dago zer gertatuko den Liscirekin. Beste denboraldi baterako indarrean dauka kontratua, baina haren lanak ez du inor konbentzitu, eta baliteke aulkian aldaketaren bat egotea. Hainbat entrenatzaileren izenak izan dituzte buruan klubekoek. Osasunatik ateratzeko aukerak dituen beste bat Victor Muñoz da. Ezker hegaletik direnak eta ez direnak egin ditu espainiarrak, eta talde handiak ate joka hasi zaizkio. Budimirren beraren lana ere biribila izan da, hemezortzi gol sartu baititu guztira. Klubak lana izango du bulegoetan. Hori bai, beste behin garbi geratu da hau: goi mailako jarraitzaileak dituela taldeak. Unerik zailenean ere babes izugarria eman diete jokalariei.

Alaves. Oztopo guztien gainetik
Gorabeheratsu ibili den beste euskal taldea Alaves izan da. Eduardo Coudeten gidaritzapean, sasoia hasteko ilusioz ziren gasteiztarrak, baina lehen albiste txarra bulegoetatik iritsi zen berehala. Izan ere, FIFAk urtebeteko zigorra ezarri zion Facundo Garcesi, Malaysiako selekzioarekin jokatu ahal izateko dokumentazio faltsua aurkeztu zuela argudiatuta. Zigor horrek planak hankaz gora jarri zizkion taldeari, defentsako lerroan jarduteko piezarik garrantzitsuena baitzen Garces. Liderra, alegia. Coudetek ahaleginak eta bi egin zituen defentsan beste jokalari batzuk probatzen, baina taldeak igarri zuen Garcesen hutsunea. Dena den, Jon Pachecok lan duina egin zuen sasoi hasieran postu horretan.
Hutsuneak hutsune, jokatzeko erari ez zion uko egin entrenatzaile argentinarrak, eta iragan sasoi amaierako bide bera hartu zuen. Joko gustagarria egitearen alde agertu zen Coudet hasieratik, baloia oinetan izan eta joko erasokorra egiteko helburuz. Sasoiari duin ekin zieten arabarrek, eta gogoangarria izan zen nola ospatu zuten jokalariek San Mamesen lortutako garaipena, laugarren jardunaldian: 0-1. Emaitzez harago, joko erakargarria eta eraginkorra egiten zuen Alavesek, eta askoren ustez ligako sorpresa onenetako bat izan zitekeen Coudeten multzoa. Itxura ona zuen taldeak, baina pixkanaka goitik behera egiten hasi zen.
Azaroa iritsi ahala sartu zen zuloan Alaves. Hilabete horretan, ligan jokatutako bost partidetatik lau galdu egin zituen: Rayo Vallecano, Girona, Celta eta Bartzelonaren aurka. Soilik Espanyoli irabazi zion tarte horretan. Bolada gaizto horrek eragina izan zuen, eta jaitsiera postuetan sartu ziren gasteiztarrak. Hori aski ez, eta neguko merkatuan jokalari garrantzitsuenetako bat galdu zuten: Carlos Vicente. Maletak egin eta Birmingham Cityra hegan egin zuen jokalariak. Galera handia izan zen, eta lehen itzulian Alavesek lortutako zenbakiak ez ziren espero bezalakoak izan. Sasoiaren erdira hemeretzi punturekin iritsi zen taldea.
Mugan bizitzera ohitu zen Alaves: jardunaldi batzuetan jaitsiera postuetan zegoen, eta besteetan hortik kanpo. Errealitatea zen taldeak gero eta gutxiago sinesten zuela Coudetengan. Bada, martxo hasieran iritsi zen aldaketa aulkian, halabeharrez. 26. jardunaldian izan zen. Klubak eta Coudetek hala hitzartuta, entrenatzaileak River Platerako bidea hartu zuen, eta Quique Sanchez Floresek hartu zion lekukoa. Aldaketa ez zen aulkian soilik gertatu, baita jokatzeko eran ere. Bada, madrildarraren etorrerak mesedea egin zion taldeari. Hasiera ez zen erraza izan, lehen partidan 3-2 galdu baitzuen Alavesek Valentzian. Hurrengo neurketan, berriz, azken jokaldian berdindu zuen Vila-realek Mendizorrotzan (1-1).
Ordea, Celtaren zelaian jarri zuten mugarria gasteiztarrek, 29. jardunaldian. 3-0 galtzen joan ondoren, norgehiagoka irauli eta 3-4 irabazi zuten. Garaipen horrek askorako balio izan zuen, eta hortik aurrera joko hobea eskaini zuen Sanchez Floresen taldeak. Joko bertikalagoa egin zuen, eta atzean sendo agertzea izan zuen lehentasun. Aldagela barruko harmonia hobetu zuen entrenatzaileak, eta, jaitsiera postuen mehatxua gainean izanagatik, ongi kudeatu zuen urduritasuna multzoak. Astebeteko epean bi garaipen segidan lortu eta mailari eustea lortu zuten arabarrek. Bost eguneko epean, Bartzelona eta Oviedo menderatu zituzten, hurrenez hurren.
Balentria horretan, ezinbestekoak izan dira erasoko bi jokalariak: Lucas Boye eta Toni Martinez. 11 gol sartu ditu lehenak, eta hamahiru bigarrenak. Antonio Sivera atezainaren lana ere goraipatzekoa izan da sasoi osoan zehar. Orain proiektu berriari begira jartzea tokatzen zaio Alavesi, eta proiektu hori nahierara kudeatu ahal izango du Sanchez Floresek.

Reala. Matarazzoren miraria
Mirariaren parekotzat jo daiteke Realak osatu duen denboraldia, txanponaren bi aldeak ezagutu baititu hilabete gutxiren buruan. Imanol Alguacilek aulkian urte gogoangarriak egin ondotik, etxeko beste entrenatzaile baten aldeko apustua egin zuen Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak taldea gidatzeko: Sergio Francisco. Emaitzek ez zioten lagundu irundarrari. Egia da jokalari multzoak gabezia batzuk bistaratu zituela jada iragan denboraldian, eta entrenatzaileak ez zuen asmatu jokalariak onbidean sartzen. Kirol zuzendaritzaren planifikazioa ere ez zen egokiena izan udaran. Besteak beste, soilik Duje Caleta-Car eta Gonzalo Guedes fitxatu zituen garaiz. Merkatuko azken egunean iritsi ziren Donostiara, bestalde, Carlos Soler eta Yangel Herrera.
Hortaz, Realak ez zuen hasiera erraza izan, eta emaitzetan islatu zen hori. Sergio Franciscoren taldeak hainbat gabezia erakutsi zituen, erasoan zein defentsan, baina arimarik eta nortasunik gabe ziharduela zen arazo nagusia. Jokalariek konfiantza gutxi zuten entrenatzailearekin, eta gero eta itxura txarragoa hartzen ari zen proiektua. Sergio Franciscok sarritan esan ohi zuen prentsaurrekoan bazuela indarrik eta kemenik egoera iraultzeko, baina denbora agortu egin zitzaion. Hortaz, ez zen turroiak jatera iritsi, eta Aperribaik kargutik kendu zuen. Lehen hamasei jardunaldietan hamasei puntu soilik batu zituen taldeak. Behin-behinean, Jon Ansotegik hartu zuen haren tokia.
Bada, urtea hastearekin batera iritsi zen Pellegrino Matarazzo Realaren aulkira. Apustu arriskutsua egin zuen Realak, baina bete-betean asmatu zuen Erik Bretos kirol zuzendariak. Aperribaik, gerora, aitortu du adimen artifizialari galdetu ziola Matarazzori buruz, eta hark erantzun ziola ez zela egokia taldea gidatzeko. Ez zuen asmatu. Lehen bi hilabeteak zoragarriak izan ziren. Zuloan zegoen talde bat hartu, eta zerura eraman zuen estatubatuarrak. Batez ere alderdi psikologikoa landu zuen. Jokalariek irribarrea berreskuratu zuten, eta pixkanaka jokoa ere bai. Joko erasokorra eta ausarta zelairatu zuen entrenatzaileak, eta protagonistek bikain erantzun zioten. Lehen bi hilabeteetan zortzi garaipen, lau berdinketa eta soilik porrot bat bildu zituen Realak. Iraultza ikaragarria izan zen. Gainera, hainbat jokalari berreskuratu zituen; Beñat Turrientes eta Luka Sucic, kasurako.
Hala iritsi zen Espainiako Kopako balentria. Finalerdietan Athletic garaitu zuten txuri-urdinek, eta finalean sekulako giroa nagusitu zen Sevillan. Pandemia garaian ez bezala, zale gipuzkoarrek finala zuzenean ikusteko aukera izan zuten, eta irabaztekoa ere bai. Realak penaltietan garaitu zuen Atletico Madril, eta orduantxe hasi zen festa. Matarazzo izan zen protagonista nagusia. Guztien maitasuna irabazi zuen, batez ere ekintzei esker. Pertsona umila dela argi utzi izan du beti, Donostian paseatzea gustatzen zaiola, eta euskaraz hitz egiten ere ausartu da. Esate batera, Alderdi Ederren egindako ospakizunetan euskara hutsean egin zituen hitzak.
Soilik denboraldi bukaerak ilundu du Realaren distira. Izan ere, Kopa irabaziz geroztik Reala ez da talde bera izan. Intentsitatea galdu dute jokalariek, ziurrenik jada ziurtatua dutelako Europa ligarako sailkapena, eta Matarazzo haserre agertu da behin baino gehiagotan. Ez da gutxiagorako, zortzi partida baitaramatzate donostiarrek irabazi gabe. Lau lehia galdu dituzte azken zortzi partidetan, hiru galdu, eta bat berdindu. Okerrena da gol mordoa sartu dietela. Hortaz, aurrera begira badu zer hobetua Matarazzok. Datorren denboraldian Europan lehiatuko da Reala, eta talde lehiakorra osatzera derrigortuta dago entrenatzailea. Aldaketak egongo dira multzoan. Ikusi beharko da zer gertatzen den Take Kubo, Aihen Muñoz eta Brais Mendezekin. Hirurek protagonismoa galdu dute hamaikakoetan. Aritz Elustondok, kapitainetako batek, ez du jarraituko.

Athletic. Iparra galduta
Lehen egunetik azkenekoraino sufritu du Athleticek denboraldi honetan. Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatzea lortu ondotik, ilusioz gainezka ziren jokalari eta zaleak lanari ekiteko, baina ilusioa amesgaizto bihurtu da denborarekin. Sasoia hasi baino lehenago hasi zitzaizkion kontuak okertzen Jon Uriarte buru duen klubari. Besteak beste, Yeray Alvarezek positibo eman zuen lehenik. Ilea ez erortzeko substantzia bat hartuta, positibo eman zuen kontrol batean jokalariak, eta hamar hilabeteko zigorra jarri zioten. Sententzia gogorra jakinarazi zuen UEFAk, eta onartu beste erremediorik ez zitzaion geratu jokalariari. Barkamena eskatu zuen publikoki, eta ez zuen helegiterik aurkeztu.
Hori aski ez, eta udan sekulako kalapita sortu zen Nico Williamsen inguruan. Hainbat hedabideren arabera, Bartzelonak ia fitxatuta zeukan jokalaria, eta halaxe saldu zuen Joan Laporta Bartzelonako presidenteak ere. Horrek haserrea eragin zuen Athleticen, eta kontra egin zion Kataluniako klubari, argudiatuz ezin zezakeela hitz egin beste klub bateko jokalari bati buruz. Sekulako ika-mika sortu zen Bartzelonaren eta Athleticen artean, eta azkenean Nico Williamsek bilbotarrekin berritu zuen kontratua. Dena den, prozesu horrek guztiak kalte egin zion Uriarteren lantaldeari.
Bulegoetan lanak eginda, denboraldiaurreari ekiteko prest zegoen Athletic, eta lesioak iritsi ziren. Bat baino gehiago, eta larriak. Zehazki, Beñat Pradosek eta Unai Egiluzek eskuin hankako lotailu gurutzatua hautsi zuten. Azken horren hutsunea betetzeko Aymeric Laporte fitxatu zuen Athleticek, baina azken orduko arazo burokratikoengatik ez zen garaiz gauzatu fitxaketa. Nonbait, Laporteren talde ohiak ez zituen dokumentazioak behar bezala bete, eta horrek atzeratu zuen fitxaketa. Azkenean, jokalaria Athleticera iritsi zen, nahiz eta behar baino beranduago heldu. Buruhauste bat gehiago gainditu behar izan zuen presidenteak.
Bien bitartean, Ernesto Valverderen taldeak ekina zion ligari, eta lehen hiru partidak irabazi egin zituen jarraian: Sevilla, Rayo Vallecano eta Betisen aurka. Jokoan izandako bederatzi puntuetatik bederatziak batu arren, ez zuen itxura ona eman Athleticek, eta gerora etorri ziren komeriak. Hain zuzen, Txapeldunen Ligari ekitearekin batera. Bi lehiaketak egoki uztartu ezinik ibili ziren zuri-gorriak. Izan ere, min hartutako jokalarien zerrenda amaiezina izan zen bolada batean. Nico Williams pubalgia gainditu ezinda ibili zen, Oihan Sancet arazo muskularrekin, Alex Berenguer ere bai, Iñigo Ruiz de Galarreta karranpekin... Txapeldunen Ligako partida askotan harrobiko gazteekin zelairatu zen Valverde. Zehazki, txapelketa horretako bi finalistak igaro ziren San Mamesetik: Arsenal eta PSG. Azken horren aurka hutsean berdindu zuen Athleticek. Txapelketa duina jokatu zuen, nahiz eta hurrengo faserako sailkatzerik lortu ez.
Ligan okerragoa izan da zuri-gorrien jarduna, baita Espainiako Superkopan ere. Urtarril hasieran, Athleticek 5-0 galdu zuen Saudi Arabian Bartzelonaren aurka, Superkopako finalerdietan. Kolpe bat gehiago izan zen emaitza hori. Bazirudien Europako lanak alde batera utzita ligan suspertu egingo zirela bizkaitarrak, baina ez. Gurpil batean murgilduta egon dira jokalariak, fisikoki euren mailatik oso urrun. Espainiako Kopak sortu zuen ilusio apur bat Bilbon, baina mingarria izan zen finalerdietan Realaren kontra kanporatzea. Galtzea baino, galtzeko modua izan zen okerrena. Athleticek ez zuen gaitasunik izan Realari kontra egiteko ere.
Gorka Guruzetak hamasei gol sartu ditu sasoi osoan, eta hura izan da ondo aritu den bakarra. Gainerako jokalari guztiak oso kaskar aritu dira iragan denboraldiarekin alderatuta: Sancet, Dani Vivian, Areso… Valverdek ez du asmatu egoera iraultzen, eta behin baino gehiagotan bere onetik aterata zegoela sumatu da prentsaurrekoetan. Iparra galduta, alegia. Athleticek hemeretzi partida galdu ditu ligan, inoizko gehien. 504 partida zuzenduta erretiratuko da San Mamesko aulkitik Valverde, eta luzaroan gogoratuko dute egindako lana. Hori bai, aurtengo sasoia luze joan zaio, eta ez du asmatu egoerari buelta ematen. Orain Edin Terzic alemaniarrak hartuko dio lekukoa, eta hark izango du lana. Taldean nork jarraituko duen eta nork ez erabaki beharko du lehenbizi.