REALA 5 - 3 GRANADA

Denboraldiko lehen gozatua

Sasoiko lehen garaipena lortu du Realak, minutu askotan aurreko sasoiko irudi ona emanda. Zelai erdiak bikain funtzionatu du, eta Kubok jarri du txinparta erasoan

Realeko jokalariak, atzo, Granadaren aurka Anoetan sartutako bost goletako bat ospatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Kubok (9. min). 1-1: Le Normadek (35. min, b.a.). 2-1: Kubok (44. min). 3-1: Zubimendik (59. min). 4-1: Barrenetxeak (67. min).5-1: Mikik (76. min, b.a.). 5-2: Boyek (83. min).5-3: Bryan Zaragozak (99. min).

Realzaleak gozatuz gozatu aritu ziren aurreko sasoian. Baina denboraldi honetan kostatzen ari zitzaion martxa hartzea Imanol Alguacilen taldeari. Hiru partida, eta hiru berdinketa. Atzokoan, ordea, taldeak denboraldiko lehen poza eman zien zaleei, 5-3 irabazi baitzion Granadari. Taldearen motorrak, zelai erdiak, behar bezala karburatu zuen. Brais Mendezek, Merinok eta Zubimendik gidatuta, batez ere bigarren zatian, aurreko sasoiko Reala ikusi zen. Festa betea izan zen Anoetan, eta, sei punturekin, bai taldea eta bai zaleak patxadaz joan daitezke sasoiko lehen etenera;bueltan egokituko zaion partida maratoia behar bezala prestatu beharko du. Albiste txarrena: Granadak sartutako hiru golak. Badu oraindik zer hobetua hor talde txuri-urdinak, aurreko sasoiko sendotasuna berreskuratzeko.

Imanolekdebuta egiteko aukera eman zion ezker hegalean Tierneyri. Aurrean, berriz, aurrelari petorik gabe aritu zen. Oiartzabal kapitaina kokatu zuen puntan teknikariak. Etxean jokatutako lehen bi partidetan egin bezala, bizi jokatzen hasi zen Reala, eta oso nagusi izan zen. 9. minutuan jaso zuen saria, Kubok gola sartu baitzuen, Brais Mendezen pase bikain baten ostean. 13. minutuan beste aukera on bat izan zuen japoniarrak, baina Granadako atezainak ondo erantzun zuen.

Realak atzean sartua zuen Granada. Baina hurrengo minutuetan moteldu egin zen partidaren erritmoa. Realak baloi jabetza zuen; eroso zegoen. Baina ez zuen lortzen min egitea. Ezin zuen Granadak ezarritako armiarma sarea gainditu. Hala, Gironaren eta Celtaren aurkako partiden mamuak azaltzen hasi ziren. Are gehiago,35. minutuan Granadak banakoa egin zuenean. Korner batean izan zen, eta gola Le Normadek sartu zuen bere atean. Taldeak ez zuen ondo zaindu jokaldia, eta erdiko atzelaria jo ostean joan zen baloia sareetara.

Hurrengo minutuak ez ziren errazak izan Realarentzat. Baina berriz ere Kuboren txinparta agertu zen. Japoniarrak gol ikusgarria sartu zuen (44. min). Traorek pasea eman zion areatik gertu, eta Malikoari baloia itzuli beharrean, barruraka sartu, baloia ezker oinera egokitu, eta jaurtiketa bikain batekin gola sartu zuen.Talde txuri-urdinak beste bi aukera izan zituen atsedenaldiaren aurretik partida erabakita uzteko. Baina ez zuen asmatu.

20 minutu oso on

Bigarren zatian gol zaparrada izan zen. Realaren lehen hogei minutuak oso onak izan ziren. Aurreko sasoiaren antzera, baloia bizi mugitu zuten Brais Mendezek, Zubimendik eta Merinok, eta nagusitasun hori Zubimendik berak (59. min), Barrenetxeak (67. min) eta Mikik bere atean (76. min) sartutako golekin biribildu zuen.

Ederra izan zen Zubimendiren gola, Realaren hirugarrena. Kubok eta Brais Mendezek jositako jokaldi batean izan zen. Galiziarrak atzera eman zion baloia Zubimendiri, eta eskuinkada bikain batekin sartu zuen gola donostiarrak.

5-1ekoarekin, partida erabakita zegoen. Sadiqek eta batez ere Chok bi aukera oso garbi izan zituzten seigarrena sartzeko. Baina Granada izan zen Remiroren atea bitan zulatu zuena. Horrek ilundu zuen apur bat garaipena.Baina atzokoan, Imanolek adierazi bezala, irabazteko beharra zuten, eta helburu hori, behintzat, lortu zuen taldeak.

Partida amaieran, hauxe adierazi zuen teknikariak: «80 minutu oso on jokatuko ditugu. Azken txanpan sartu dizkiguten bi golak? Neurri batean nire errua izan da. Ikuskizuna ematen jarraitu nahi izan dugu, eta aldaketak horri begirakoak izan dira. Gora zoazenean, arrisku hori dago. Baina oso pozik nago».

Bestalde, atzo eman zuten Txapeldunen Ligako egutegiaren berri. Reala hilaren 20an hasiko da jokatzen, Anoetan, Milango Interren aurka (21:00etan). Azkeneko saioa, berriz, abenduaren 12an izango dute, Italian. Urriaren 3an, asteartez, Austrian izango dira txuri-urdinak, Salzburgoren aurka jokatzeko. Imanolen taldeak kanpoan jokatuko duen lehenbiziko partida izango da. 18:45ean izanen da neurketa. Aste batzuk geroago, urriaren 24an, Benficaren aurka jokatuko dute, Lisboan (21:00etan). Laugarren eta bosgarren saioak etxean jokatuko dituzte: azaroaren 8an eta 29an, Benficaren eta Salzburgoren aurka, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.