Alaves 2-1 Athletic

Derbia Alavesentzat, azken unean

Rodrigo Ely atzelariak sartu du garaipenaren gola Alavesentzat, geldikako jokaldi batean, 91. minutuan. Etxeko taldeak emaitza irauli du. Athleticek hamargarren partida du irabazi gabe. Oso partida eskasa izan da. 

jarraia177909.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 23a
16:38
Entzun

Derbi itsusia jokatu dute Alavesek eta Athleticek Mendizorrotzan, berdindua, eta halakoak hausteko baliabide ona izaten dira geldikako jokaldiak. Horrela irabazi dio etxeko taldeak kanpokoari, Rodrigo Ely atzelariak 91. minutuan erabat behartuta egindako erremate batekin. Hiru puntu gozo dira Alavesentzat, 30. era heltzeko balio diotenak, eta jaitsiera zortzi puntura dauka orain. Athleticentzat, berriz, kezka eta zalantzak handitzea besterik ez du ekarriko gaurkoak, hamargarren partida baitu segidan irabazi gabe; azken laurak galdu egin ditu, gainera. 

Gaizka Garitanoren taldeak hartu du aurrea, hala ere. Raul Garciak gol ederra sartu du area ertzetik, ezkerretik, geldikako jokaldi baten segidan. Ordurako erakusten ari ziren bi taldeak erasoan gauza gutxiko partida izango zela. Ematen zuen aurretik jartzen zenak garaipena lortzeko aukera handiak izan zitzakeela, baina, Alavesen zorionerako, azkar lortu du berdintzea. Penaltiz izan da, kontraeraso bizi batean sorturiko jokaldian. Yerayk egin dio penaltia Aleix Vidali, eta Lucas Perezek sartu egin du. 28. minutuan izan da hori. 

Athletic hobeto ari zen Alavesen aldean, eroso antzean. Etxekoek ezin zuten Williams kate motzean lotu, erdiko hiru atzelarirekin baziren ere. Zelaiaren erdian ere, etxekoek lanak zituzten nagusitzeko. Kontua da gaur kanpotarrak zirenek ez dutela dohain handirik erakutsi alde izan duten partida ixteko. 

Bigarren zatia ere zatarra izan da, baina Alaves gero eta hobeto moldatuz joan da. Horretan eragin handia izan dute Asier Garitanoren erabakiek. Zelai erdia indartu du Joselu aurrelaria kenduz, eta hegaletan abiadura sartu du Burkerekin eta Mendezekin. Vidali askatasuna eman dio Lucas Perezen atzean mugitzeko. Erasoan ez ezik, entrenatzailearen erabakiek defentsan ere sendotasuna eman diote taldeari, moztu egin baitiote Athletici kontraeraso zitalen bidea. Fisikoki ere hobeto bukatu du etxeko taldeak, eta Athletici luze egin zaio partida, Espainiako Kopan eta ligan elkarren segidan jokatu behar izan zituen partidak erasanda, ziurrenik. 

Berdinketa usaina oso hedatua zegoenean heldu da etxekoentzat poza. Vesgak egin behar ez zuen falta bat egin du Alavesen eskuin hegaletik eta areatik gertu. Itxia izan da erdiraketa, eta Elyk, brasildarren berezko abileziarekin, eskuinarekin jo dio baloiari, oso behartuta eta erdi erorita. Zutoina jo, eta barrura joan da. Hiru puntu zoragarri Alavesentzat, eta beste kolpe bat Athleticentzat. 

FITXA

Alaves 2: Pacheco; Navarro, Laguardia, Ely, Duarte,
Agirregabiria (Edgar Mendez, 46. min.); Manu, Camarasa (Pons, 80. min.),
Vidal; Joselu (Burke, 71. min.) eta Lucas.

Athletic 1: Simon; Capa (Lekue, 77. min.), Nuñez, Yeray, Iñigo,
Yuri; Dani Garcia, Vesga, Muniain; Raul Garcia (Aduriz, 80. min.) eta
Williams (Larrazabal, 85. min.).

Golak: 0-1: Raul Garciak (17. min.). 1-1: Lucasek (penaltiz, 28. min.).  2-1: Elyk (91. min.).

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak: Alaveseko
Navarro, Agirregabiria, Ely eta Ponsi; eta Athleticeko Capa, Nuñez, Dani
Garcia eta Iñigori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.