Derbia Espainiako Ohorezko Saskibaloi Mailan.

Etzi jokatuko da bosgarren jardunaldia, eta bi euskal taldeak elkarren aurka ariko dira, Iruñean (19:00). Liga hasiera ez da nahi bezain ona izan Obenasa eta Hondarribia-Irunentzat; sailkapeneko beheko postuetan dira biak, mailari eusteko borrokan.

Eider Aranberri, E. A.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

CESAR RUPEREZ.

Obenasako entrenatzailea

«Hamalau talde onenen artean egoteak ilusio handia egiten digu»



Partida bat irabazi eta gainontzeko hirurak galdu egin ditu Obenasak. Liga ez da Cesar Ruperezek (Iruñea, 1975) nahi bezala hasi. Horregatik, eta etxean jokatzeak ematen duen abantaila aprobetxatuz, sasoiko bigarren garaipena lortu nahi dute nafarrek etzi, Hondarribia-Irunen aurka.

Liga hasi berritan partida bat irabazi eta beste hirurak galdu egin dituzue. Zer deritzozu?

Egia esan, sailkapenean gorago edo beherago egotea baino gehiago, gure helburua etxeko partidak irabaztea da, horiek ziurtatzea. Lehen jardunaldian lortu genuen, Eivissaren aurka, baina hirugarren partida galdu egin genuen, Kanaria Handiaren aurka. Garai honetarako garaipen bat gehiago izatea espero nuen, baina tira, oraindik lau jardunaldi baino ez ditugu jokatu, eta goiz da ondorioak ateratze- ko.

Zein helburu duzue sasoi honetarako?

Helburua argia da: mailari eustea. Guretzat Ohorezko Mailan aritzea izugarria da. Talde umila gara, eta Espainiako hamalau talde onenen artean egoteak ilusio handia egiten digu. Hemendik sei hilabetera, liga amaitzen denean, hamabi onenen artean egotea espero dugu. Badakigu helburua lortzea zaila izango dela, asko kostako zaigula, baina guztion ilusio bat da.

Taldeak aldaketa asko izan al ditu?

Nahiko aldaketa izan ditugu, egia esan; bi jokalarik bakarrik jarraitzen dute. Kirol mailari begiratuta, berriz, iaz behera egin genuen. Bigarren itzulian oso ongi ibili ginen, baina lehenengoan ez zen horrela izan. Akats horiek konpontzen saiatuko gara.

Derbiari begira, zer iritzi duzu Hondarribia-Iruni buruz?

Sailkapeneko beheko postuetan lehian ibiliko garen taldeak gara, eta elkarren aurka jokatuko ditugun partidak garrantzitsuak izango dira. Oro har, aurkari zuzenen aurka jokatuko ditugun partida guztiak izango dira garrantzitsuak. Egia da eurek partida bat bera ere ez dutela irabazi oraindik, baina elkar ondo ezagutzen dugu. Garaipena etxean geratzea espero dut.

Krisiak izan al du eraginik taldearen aurrekontuan?

Badakit ekonomia aldetik murrizketa asko izan ditugula. Krisiak eragin handia izan du. Baina taldearen babesle nagusi denak lotura estua du gurekin, eta beste urtebetez argi utzi du taldearekin duen konpromisoa.

Ohorezko Mailari begira, taldeen artean gero eta alde handiagoak daudela nabari da. Zer deritzozu horri? Nor ikusten duzu liga irabazteko faborito?

Euroligan ari diren hiru taldeak dira indartsuenak: Rivas, Ros Casares eta Perfumerias Avenida. Espainiako Ohorezko Mailan ez dute aurkaririk, eta haien artean ere apenas dagoen alderik. Saskibaloiaren elitea osatzen dute. Gainontzeko taldeak maila batzuk beherago gaude. Alde hori, gainera, gero eta handiagoa da denborak aurrera egin ahala.Denboraldi honetan, ordea, beste hiru talde ere nabarmenduko nituzke: Soller, Girona eta Zaragoza. Ezustekorik ezean, talde horietako bat izango da Espainiako Kopa jokatuko duen laugarrena. Besteok garaipenen bila ariko gara mailari eusteko. Guztioi gustatuko litzaiguke goian egotea, baina oinak lurrean ditugu.

JOSE LUIS MUJIKA.

Hondarribia-Iruneko entrenatzailea

«Mailari eustea da garrantzitsuena guretzat»



Liga hasiera ez da berak nahi bezain ona izan, baina Jose Luis Mujikak (Donostia, 1958) badu konfiantza bere jokalariengan. Jokatu diren lau partidetatik ez du bakar bat irabazi Hondarribia-Irunek, eta bolada txar hori amaitze aldera, sasoiko lehen garaipenaren bila ariko dira etzi jokatuko den derbian.

Lau jardunaldi jokatuta, espero al zenuen horrelako hasiera?

Tira, lehen bi partidetan irabazteko aukera gehiago izango genituela uste nuen, baina biek ihes egin ziguten; lehen partida lau punturen aldearekin galdu genuen, eta bigarren partidan ez genuen aukerarik izan Burgosen aurka. Orain artean, dena den, ligako talderik indartsuak izan ditugu aurkari.

Sailkapenean gorago egotea espero zenuten?

Taldea guztiz berria da. Jokalariek orain arte ez zuten elkar ezagutzen, jokalari batek bakarrik jarraitzen baitu. Beste zazpi jokalariak sasoi honetan hasi dira. Elkar ezagutzeko, lan egiteko dinamismoa hartzeko... horrek denbora asko behar du. Guztioi gustatuko litzaiguke hori lehenbailehen gertatzea, talde indartsu bat berehala izatea... baina hori guztia posible izateko, denbora behar da.

Zein helbururekin ekin zenioten sasoi berriari?

Taldea oso gaztea eta berria da, eta guretzat garrantzitsuena mailari eustea izango litzateke. Gero ikusi egin behar da txapelketa nola doan eta taldeak nolako bilakaera izaten duen.

Orain artean partidarik irabazi ez izanakmotibazio falta eragin du jokalariengan?

Jokalariek errealistak izan behar dute taldearen egoerarekin. Euren partetik duten guztia jarri behar dute. Eta guk, berriz, bakoitzarengandik onena lortu behar dugu, taldea lehiakorra izan dadin. Bide horretan goaz, eta laster lortuko dugula espero dut. Taldea motibazioz ondo dago. Dena den, ez da gure kontua bakarrik; aurkariek ere zeresan handia dute. Orain arte aurkari zailak izan ditugu.

Derbiari begira, nola ikusten duzu Obenasa?

Eurek irabazia dute partida bat. Joan den asteburuan ezin izan zioten Burgosi irabazi, baina ondo eraikita dago taldea. Nik ondo ikusten ditut.

Obenasari irabazteak taldeari sekulako bultzada emango lioke, ezta?

Bai, hala da. Orain arteko aste hauek elkar ezagutzeko aprobetxatu ditugu. Aurkari gogorren aurka aritu gara, baina ondo egin dugu lan. Horrek, azkenean, derbira ezagutza handiagoarekin joateko aukera eman digu.

Aurrekontuari dagokionez, aldaketa asko izan al dituzue?

Presidenteak esan didanez, sasoi honi begira diru laguntzak jaitsi egin dira, eta horrek murrizketa asko eragin ditu. Jokalarien zerrendan ikusi besterik ez dago.

Ligari begira, taldeen artean gero eta alde handiagoak daude. Nor ikusten duzu liga irabazteko faborito?

Uste dut bizpahiru talde ibiliko direla hor goian: Ros Casares, Perfumerias Avenida eta Rivas. Gainontzeko taldeekin alderatuta, pauso bat gorago daude. Gero, beste multzo bat dago sailkapenaren erdialdean, eta beste bat sailkapenaren beheko aldean, mailari eusteko borrokan ibiliko garenok osatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.