Futbola

Derbia jokatuko dute gaur Realak eta Osasunak Anoetan, Espainiako Kopan

Hamar aldiz neurtu dira elkarren kontra txapelketa horretan, eta bederatzi aldiz sailkatu dira txuri-urdinak. Matarazzok hobekuntzari eutsi nahi dio. Liscik, berriz, etxetik kanpoko bolada txarra eten nahi du.

Osasuna-Reala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jorge Herrando eta Mikel Oiartzabal, lehian, Osasunak eta Realak denboraldi honetan ligan Sadarren jokatutako derbian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Enegarren aldiz, Realaren eta Osasunaren bideak gurutzatu egingo dira Espainiako Kopan. Historian hamar aldiz lehiatu dira bi klubak elkarren artean, eta, gaur, 11. aldian, final-zortzirenetan egingo dute topo. Estatistikak txuri-urdinen aldekoak dira nabarmen, hamar aldi horietatik bederatzitan irabazi egin baitute. Bada, oraingoan ere Reala izango da faborito. Batetik, joko bolada hobean delako, eta, bestetik, etxean jokatuko duelako (21:00, Movistar). Getaferen zelaian 1-2 irabazi eta Pellegrino Matarazzoren aroko lehen garaipena lortu ondotik, hauspotuta zelairatuko dira txuri-urdinak. Alessio Lisciren taldea, berriz, Anoetan ezustea ematen ahaleginduko da. Jokoan egindako hobekuntza zelaian islatu ezinik dabiltza gorritxoak, eta kolpea hartu zuten joan den asteburuan, Gironan 1-0 galduta. Horregatik, Kopako ibilbidea biziberritzeko baliatu nahi dute.

Estatistikek ezer gutxirako balio dute futbolean, baina bi taldeen arteko historiak garbi erakusten du Realak agindu duela orain arte. Elkarren aurka hamar aldiz lehiatuta, Osasunak behin bakarrik lortu du kanporaketa gainditzea: 1996-1997ko denboraldian izan zen. Joan-etorriko kanporaketa batean, 1-0 nagusitu ziren gorritxoak Sadarren, Ionel Ganeren gol bati esker, eta bana amaitu zen Anoetako partida, itzulerakoa. Fabian de Freitasek sartu zuen Osasunaren gola, eta Darko Kovacevicek, Realarena. Salbuespena izan zen hura, beste bederatzi aldiak txuri-urdinen aldekoak izan baitira. Iragan mendean, 1943-1944an hasi, eta 1948-1949ko, 1957-1958ko, 1964-1965eko, 1970-1971ko eta 1981-1982ko denboraldietan ere gipuzkoarrek egin zuten aurrera.

Azken urteei erreparatuta, sarritan izan dute elkarren berri Realak eta Osasunak, Kopari dagokionez. Azken sei denboraldietan hiru aldiz neurtu baitituzte indarrak. Final-zortzirenetan beti, gaur bezala. 2019-2020an, 3-1 irabazi zuten txuri-urdinek, Anoetan. Urte horretan bertan Kopako tituluaren jabe egin zen Imanol Alguacilek entrenatutako taldea. 2023-2024an Sadarren jokatu zuten kanporaketa, eta gipuzkoarrak 0-2 nagusitu ziren, Mikel Oiartzabalen eta Mikel Merinoren golei esker. Eta, azken aldiz, duela hamabi hilabete jokatu zuten elkarren kontra, iragan sasoian. Realak ez zuen arazorik izan Osasunari irabazteko (2-0). Ander Barrenetxea eta Brais Mendez izan ziren golegileak.

Historiari eta talde bakoitzaren joko boladari begiratuta, Reala izango da faborito nagusia. Matarazzok haize freskoa ekarri du, eta hobekuntza nabaria izan da zuzendu dituen bi partidetan. Ligan izandako gorakadak Kopari garrantzia gehiago ematen lagundu dezake, entrenatzailearen ustez. «Ligan lanak ongi egin genituen asteburuan, eta horrek modua ematen digu orain lehentasun guztia Kopari emateko. Titulu bat irabazteko modurik errazena da Kopa, eta ilusio izugarria daukat urruti iristeko». Horretarako partida biribila jokatu beharko dute. «Ezinbestekoa izango da atzean sendo egotea. Atea hutsean uztea kosta egiten zaigu, eta partida bakarreko kanporaketetan garesti ateratzen da golak jasotzea. Aldaketa gutxi egingo ditut hamaikakoan: bat edo bi». Mikel Goti, Jon Karrikaburu eta Yangel Herrera ez beste jokalari guztiak deialdian dira.

Osasunari dagokionez, halabeharrez ligan jarri beharra dauka arreta osoa. Jaitsiera postuetatik soilik bi puntura daude gorritxoak, eta partida ezin garrantzitsuagoa jokatuko dute datorren larunbatean, Sadarren, aurkari zuzen baten aurka: Oviedo. Horrek ez du esan nahi, ordea, Kopari muzin egingo dionik taldeak. Hala esan du Liscik: «Osasunak badaki zer den Kopako final bat jokatzea, berriki jokatu baitzuen, eta halako egun batek zer dakarren pentsatze hutsak oilo ipurdia jartzen dit. Horregatik, irabazteko asmoz joango gara Anoetara». Irabazi ahal izateko etxetik kanpoko datuak hobetu beharko dituzte nafarrek. Izan ere, ligan Osasuna da talderik eskasena etxetik at. Jokoan izandako 30 puntuetatik soilik bi eskuratu ditu. «Beldurrak kikiltzen gaitu Sadarretik urrun, eta mugarria izango den garaipen bat behar dugu». Freskotasun bila, hamaikakoan aldaketak egingo ditu Liscik, eta Enzo Boyomo jokatzeko prest izango du, Afrikako Kopatik bueltan.

Partida arriskutsua du Athleticek

Athletic ere egoera zailean dago. Espainiako Superkopako finalerdietan Bartzelonaren aurka 5-0 galdu ondoren, krisian sartuta daude zuri-gorriak, eta dagoeneko marmarra nagusitzen hasia da jarraitzaileen artean. Jokoz eskas dabil Ernesto Valverderen taldea, eta urtarrila hilabete erabakigarria izango da. Txapeldunen Ligako etorkizuna izango du jokoan, baina, aurrez, Kopan egin behar ditu ongi lanak. Bada, Cultural Leonesaren zelaian jokatuko du gaur (21:00, Movistar). Jose Angel Ziganda Athleticeko jokalari eta entrenatzaile izandakoak zuzentzen du Cultural Leonesa, eta badaki zer den Lehen Mailako talde bati irabaztea, Levante kanporatu baitzuen final-hamaseirenetan.

Horregatik, Valverdek nahiago du zuhur jokatu. «Honelako partidak dira gutxien gustatzen zaizkidanak. Bolada zailean gaude, golak sartzeko arazoak ditugu, eta aurkaria motibatuta zelairatuko da. Zailtasunak zailtasun, hurrengo fasera igaro beharra daukagu». Yuri Berchiche eta Aymetic Laporte min hartuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.