Kike Sola. Osasunako jokalaria

«Derbia jokatzeko irrikan gaude, eta irabazi egingo dugula uste dut»

Goitik behera aldatu da Kike Solaren egoera Mendilibar Iruñera iritsi denetik. Camachorekin ia ez zuen jokatzen. Oraingo entrenatzailearekin, aldiz, berea da aurrelari postua hamaikakoan.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Une zailak bizi izan ditu Kike Solak azken urteetan (Cascante, Nafarroa, 1986). Osasunan tokia lortu ezinik, etxetik kanpo joan behar izan zuen, Soriara lehenbizi (Espainia), eta Greziara gero. Sasoi hau ere ez zuen ondo hasi, Jose Antonio Camachok ez baitzuen aintzat hartzen. Jose Luis Mendilibarren etorrerarekin, baina, beltzetik zurira pasatu da. Orain, etziko derbia du bakarrik buruan.

Nola zaude derbiaren atarian?

Oso ondo, lasai, gogor entrenatzen. Azken bi partidak galdu egin ditugu, baina lasai gaude, eta taldea ondo dago. Derbiaren zain gaude, jokatzeko irrikan.

Entrenatzaile aldaketarekin zure egoera goitik behera aldatu da.

Urte zaila izan da niretzat, ia sasoi osoan deialdietatik at egon naiz, eta une zailak bizi izan ditut. Halere, ez nuen konfiantza galdu, eta lanean gogor jarraitu dut beti. Entrenatzaile aldaketarekin dena aldatu da zorionez; jainkoari eta lanari esker orain entrenatzailearen babesa dut, eta oso pozik nago. Lurrak oinean izatea da gakoa, une gozoenetan bezalaxe, une zailenetan. Egoera guztietan ikasten duzu zerbait.

Bigarren Mailako talde askok eskatu zioten Osasunari Kike Sola utzita uztea. Numantziaren eskaintza onartu zenuen, baina sasoia Greziako Ligan amaitu zenuen. Hainbeste gorabeheraren ostean, zein da iragan sasoiak eman zizun irakaspena?

Hemen aukerarik ez neukala ikusita, arriskuak hartu beharra neukan. Ez zen nik nahi bezalako denboraldia izan, baina ez dut damurik. Eskaintza ugari izan arren, Soriara joatea erabaki nuen, ni taldean izateko gogo itzela zeukatelako han. Eta egia esan, ez dakit zer gertatu zitzaidan han, ezin dizut ezer esan, inork ez daki zein izan zen arazoa. Cesar Palacios da Numantziako kirol zuzendaria, badakit asko estimatzen nauela, eta berak ere ez zuen ulertu zer gertatu zitzaidan. Horrelako gauzak ere gertatzen dira, ordea. Greziara joateko aukera sortu zitzaidan gero, Levadiakosera. Iritsi orduko jokatzen eta golak sartzen hasi nintzen, baina gero entrenatzailea aldatu zuten, greziar bat iritsi zen, eta hark beste jokalari batzuk nahiago izan zituen. Min hartuta ere izan nintzen, eta azkenean ez nuen asko jokatu. Halere, esperientzia ederra izan zen, neska-lagunarekin batera beste kultura bat ezagutu nuen, herrialde askotako jendea, eta ingelesa hobetzeko ere balio izan zidan.

Etxetik hain urruti izanda, azkarrago heltzen al da jokalari bat?

Bai, noski, eta oso gazte irten nintzen ni etxetik. 11 urterekin Lezamara joateko aukera izan nuen, eta Bilbon bizi nintzen, nire gurasoen babesetik urrun. Arazoei neure kabuz irtenbidea ematen azkar ikasi nuen, eta horrek heldutasuna dakar.

Cascantekoa zara; Athleticekin hitzarmena duen Aluvion taldean aritu zinen lehendabizi, gero Lezamara joan zinen. Oraindik 'lehoitik' zerbait ba al duzu?

Bai, noski baietz. Ni Athleticera joan nintzenean, Aluvion ez zen Athleticekin hitzartutako kluba, baina 11 urterekin Bilbora joan eta sei urte egin nituen han. Oso jende jatorrak hartu ninduen han, ederki zaindu ninduten eta entrenatzaile bikainak izan nituen: Kakel Iturregi, Santi Urkiaga eta Jose Mari Amorrortu, besteak beste. Nire aldeko apustua egin zuten, eta asko ikasi nuen. Lagun onak ditut Bilbon oraindik. Nire bizitzako etapa eder bat izan zen, zalantzarik gabe.

Borja Ekizak esan du «polita» izango dela zure aurka lehiatzea.

Atzo hitz egin nuen berarekin, telefonoz. Athleticeko gazte mailetan aritu zen, nire garai beretsuan, eta askotan joaten ginen elkarrekin autoan Iruñetik Lezamara, nire aitarekin edo bere gurasoekin. Bere gurasoekin ere oso harreman ona daukat. Lehen taldean egoteko egin duen ahalegin guztiagatik zorionak eman nahi dizkiot, eta aurrera jarraitzeko indarra helarazi nahi diot, gauzak oso ondo egiten ari baita Ekiza. Hori bai, zelaian elkar ikusten dugunean dena aldatuko da, zelaikoa zelaian geratzen baita.

Athleticen lehen taldeko beste jokalariren batzuekin ere aritu al zinen?

Bai, ez genuen talde berean jokatzen, baina denok batera ibiltzen ginen han, Fernando Llorenterekin, Xabi Castillorekin, Susaetarekin… Javi Martinezekin Osasuna B-n aritu nintzen, eta Balentziaga ere ezagutzen dut; jokalari askorekin daukat harremana.

Athleticeko hasierako hamaikakoan Osasunakoan baino nafar gehiago izateak zer pentsarazten dizu?

Ederra da; entrenatzaileak erabakitzen du, baina Athleticek harrobia ondo zaintzen du, eta azken urteetan jokalari askori eman diote aukera. Haietako asko nafarrak dira, eta onena opa diet, taldekideak izandakoak dira batzuk eta beti izango dira nire lagunak.

Osasunak harrobiaren aldeko apustu sendoagoa egitea faltan bota al duzu inoiz?

Osasunak harrobiko jokalari asko izatea nahiko nuke, baina, entrenatzaile guztiek esaten duten moduan, etxekoek aukera izan ahal izateko lana ondo egin behar dute, eta hori ezin da ahaztu. Bigarren taldea bikain ari da, dena dela; partida asko irabazi ditu, eta goialdean dago. Hori aintzat hartuta, hurrengo denboraldietan lehen taldean harrobiko jokalari gehiago izango ditugula uste dut.

Cascanten nola bizi dute futbola?

Athleticeko zaleak badaude, baina, herriko jokalari bat Osasunan izanik, Osasunako zaleak gehiago direla uste dut. Bi taldeek ordu berean jokatzen dutenean tabernetan Osasunaren partida ikusten dutela esaten didate lagunek. Bi taldeetako zaleen artean giro ona dago, dena dela; jende sanoa gara.

Nolako partida espero duzu?

Gogorra, eta oso polita. Llorentek zortzi gol egin ditu buruz, eta ondo zaindu beharko dugu, baina jokatzeko irrikan gaude, eta irabaziko dugula uste dut.

Llorenterekin jokatu al duzu inoiz?

Ez, ni baino helduagoa da, baina askotan egoten ginen elkarrekin.Bere etxean ere izan naiz.

Llorentek Athleticen duen tokia lor dezakezu zuk Osasunan?

Horretan ahaleginduko naiz ni, ziur. Baina, orain, nahiago dut hurrengo lehian soilik pentsatzea.

Derbirako iragarpena?

2-1.

Golen bat sartuko duzu?

Bai.

Bigarrena?

Ez, lehendabizikoa hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.