Deserosoa Izkorentzat

Zortzigarren ahaleginean eskuratu nahi du Osasunak denboraldiko lehen garaipena, gaur, Betisen aurka

2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Osasunak ez du oraindik etxean partidarik jokatu klubeko zuzendaritzak entrenatzailea aldatzea erabaki zuenetik. Gaur iluntzekoa da Jose Antonio Camachoren debuta Nafarroako Erresuman. Entrenatzaile espainiarrak badaki Betis mendean hartzea ia ezinbestekoa dela Osasunarentzat, baina berak baino kezka handiagoa izango du Patxi Izko presidenteak. Osasunako zaleek nahiko ondo hartu dute entrenatzaile aldaketa, eta Zigandaren ordez Camacho iristeak ikusmina eragin duela ukatzerik ere ez dago. Hargatik, taldeak galdu egin zuen Gijonen Camachoren aginduetara jokatutako lehen norgehiagokan, eta gaur Betisen aurka emaitza onik lortzeko gai ez bada, agintarien palkora begira jar daitezke zaleak. Etxean jokatutako azken partidan Ziganda alde egitera gonbidatu zuten zaleek kantuan. Gaur Ziganda ez da izango aulkian, ordea. Eta klubean bi aste eskas daramatzanez, Camacho ere ez da porrotaren erantzulea izango. Gauzak okertuz gero, Izkok belarriak estaltzea hobe izango du, beraz.

Presidenteak berak ere badaki. Eta, agian horregatik, bere urduritasuna agerian utzi du aste honetan. Asteartean, esaterako, Taxoaren izan zen entrenamendua ikusten. Baina entrenamendua ikusten ari zelarik egunero Osasunaren entrenamenduak jarraitzen dituzten kazetari batzuekin eztabaidan hasteko astia eta gogoa ere izan zituen presidenteak. Ziganda kargutik kentzea noiz erabaki zuen argitu nahian zebilen Osasunako presidentea, eta eztabaida ika-mika bihurtzekotan ere izan zen une batean. Izko urduri zegoela begi bistakoa zen. Kazetariez gain hainbat zalek ere ikusi ahal izan zuten guztia. Hori bai, kamera bat grabatzen sumatu zuenean baretu egin zen. Zurrumurruek diotenez, Jon Andoni Goikoetxea bigarren entrenatzaileari deitu ere ez zioten egin klubeko agintariek kargutik kendu behar zutela esateko, eta zurrumurru hori ozen gezurtatu zuen Izkok. Gezurra zen deirik egin ez ziotela, eta horrez gain Goikoetxeari klubean jarraitzeko eskaintza egin ziotela ere ziurtatu zuen. Arratsalde horretan bertan Goikoetxeak gezurtatu egin zuen presidentearen bertsioa: «Presidenteak ez zidan inoiz klubean jarraitzeko aukera aipatu ere egin», esan zuen. Bazirudien Osasunako presidenteak ez zuela lasai kontzientzia. Baina entrenatzailea aldatzea erabaki zuen, eta entrenatzailea aldatuta dago. Ez zen Juan Jose Lorenzo kirol zuzendariaren erabakia izan Ziganda kargutik kentzea, Izkorena baizik, eta badaki apustu gogorra egin zuela: asmatzen badu, inork ez dio eskerrik emango, baina emaitza onak azkar iristen ez badira, kritika gogorrak entzungo ditu. Eta Osasunako zale guztientzat hobe izango da Izkori kargu hartu gabe jarraitu ahal izatea, Camachok taldearen ibilbidea zuzendu duela esan nahiko baitu horrek.

Berritasun bakarra, Josetxo

Camacho ondo ari da lanean Taxoaren. Etorri denetik ez die atseden egunik eman jokalariei, eta txandakatze zalea ez denez, hamaikakorik onenaren bila jarraitzen du. Osasunak ez zuen gaizki jokatu Gijonen (Espainia), 2-1 galdu arren. Hala, Betisi aurre egiteko aldaketa gutxi egingo ditu. Roversio atzelari brasildarra zigortuta dago, Sportingen aurkako partidan txartel gorria ikusi ostean, eta bere hutsunea Josetxok beteko du. Ez da beste aldaketarik izango. Hamaikakoan ez behintzat. «Jokalariei konfiantza ematea gustatzen zait, eta horregatik ariko dira Gijonen aritu ziren jokalariak. Molinonen partida txukuna egin genuela uste dut, baina ezin izan genuen 90 minutuetan nahi bezala aritu. Orain, etxean, zaleen babesarekin, beste aukera bat dugu», esan zuen atzo Camachok.

Deialdian, dena dela, izan zen ustekabe bat: Jaroslav Plasil txekiarra zerrendatik kanpo geratu zen. Plasil ezinbesteko jokalaria zen Zigandarentzat, baina Camachoren lehen partida ez zuen jokatu zigortuta zegoelako, eta bigarrengoan ere ez dio aukerarik emango Osasunako entrenatzaileak. Ordezkoen aulkian Delporte eseriko da Ezquerroren ordezko lanak egiteko prest, eta Plasilek harmailetatik jarraituko du lehia. Neguko fitxaketa epea zabaltzean Osasunako arduradunak Plasil saltzen ahalegindu daitezkeela dioten zurrumurruei sinesgarritasuna emango die, nahi gabe, Camachok. Iragan asteko Polonia-Txekia partidan Ernesto Valverdek zuzentzen duen Olympiacos taldeko ordezkariek jarraipena egin zioten Osasunako erdilariari, eta udan Ingalaterrako hainbat kluben interesa aipatu zen, nahiz eta azkenean ezer gauzatu ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.