Lituaniako lur hotzetan egindako arraun batzuekin arraun egin zuen Orioko traineruak iazko denboraldian. Aurtengoa hasi baino lehenago, ordea, arraun sorta berria erosi zuten. Horiekin hasi ziren entrenatzen, eta segituan, horietara behar bezala moldatzeko astirik gabe, estropadak jokatzen hasi. Arraunlariak ez zebiltzan, ez, iaz bezain gustura, eta armairuan gordetako Lituaniako arraunak hartu zituzten atzera, joan den asteazkenean, Gipuzkoako Traineru Txapelketan lehiatzeko. Mirotza ontziak txapelketa irabazi zuen, sei urteren ondoren. Eta atzo, Moañan (Galizia), San Miguel ligako zortzigarren estropadan, VI. Pereira Banderan, nagusi berriro. Detailea baino ez da, baina iaz erabilitako arraunekin jokatutako bi estropadak irabazi ditu lau egunen buruan. Detailea besterik ez da, baina...
Baina Orio jaun eta jabe izan zen Vigoko itsasadar ederrean, azkarrena lau luzeetan, eta, hartara, ia hamar segundo atera zizkion bigarrenari, Urdaibairi, San Miguel ligako liderrari. Ligako bigarren sailkatu Castro, berriz, segituan gelditu zen atzean, eta bigarren txanda irabazi zuen Pedreñaren Maria ontziak ere aurrea hartu zion ehuneneko eskas batzuengatik. San Pedro, aldiz, ez zen beste egun batzuetan bezain fin ibili, baina bosgarren izanda, nagusiko hirugarren postuari eutsi dio Libia-k.
Atzetik du, oraindik ere, Orio. Joxean Olaskoaga Aizperro-ren arraunlariek, baina, moralaren zakua ia-ia goraino bete dute lau egunen buruan, joan den astean makal-makal ibili ondoren. Gipuzkoako Traineru Txapelketa irabazi zuen koadrilarekin konparatuta, Aizperrok bi aldaketa egin zituen atzo. Ondokoak kokatu zituen tosta artean. Estriborretik Gorka Etxeberria, Mujika, Aitor Olaskoaga, Larrea, Ibon Etxeberria eta Uranga. Ababorretik aritu ziren Albizu, Bentas, Aizperro, Gaztañazpi, Kolina eta Peña. Patroia onenaren sailkapenean liderra den Irakoitz Etxeberria kokatu zen popan, eta Urko Redondo izan zen aurrekoa.
Arraunlari horiek estropada handia osatu zuten. Hirugarren kaletik arraun egitea tokatu zitzaien, eta ondo moldatu ziren. Adituen esanetan, hobeak ziren lehena eta bigarrena, indar gutxirekin bazen ere, haizeak ipar-mendebaldetik jotzen zuelako, eta espigoiak traineruak babesten zituelako. Halere, ontzi guztiek, edo gehienek, erdirantz jo zuten bueltako luzeetan. Hortik aritu zen Orio, eta lehen luzean bertan nabarmendu. Hortxe, lehen luzean, zehaztu zen txanda. Oriok segundo bat kendu zion Urdaibairi lehen maniobran, eta lau eta sei, berriz, Castrori eta San Pedrori. Ontzi bakoitzak txandako bere postuari eutsi zion amaitu bitartean, baina Oriok aldeak handitu zituen; Urdaibairekikoa pixkanaka hazi zen arren. Castroren La Marinera-k, ordea, segundo gehiago galdu zituen hirugarren eta laugarren luzeetan. Lehen kaletik arraun egin zuten Juan Mari Etxaberen arraunlariek, eta atzo ere, joan den larunbatean Pedreñan bezala, Lujanbio patroia kexatu egin zen. Telebistaren katamaranak bere kalea zikindu zuela esan zuen.
Berotan kexatuta ere, Orio nagusituko zitzaien. Mirotza izan zen garailea, baina Pedreñako arraunlariak ere irabazi izan balute bezain pozik zeuden amaieran. Izan ere, txanda irabazi, Castrori sailkapenean aurrea hartu, eta sasoiko estropada onena osatu zuten, atzetik aurrera eginda. Zarautzek txanpa indartsua jo zuen eta lehen zibogara buruan heldu. Bigarrenean, baina, Pedreñak lehen kalearen onurak baliatu zituen Enbata aurreratzeko. Orduan, bigarren ziabogatik aterata, hanka egin zuen. Atzetik, berriz, Cabo da Cruzek eta Zumaiak lehia polita eduki zuten.
Bigarren txandakoen grina
Estropadaren erdia aurretik egin zuen Telmo Deun traineruak, baina Boirokoek indartsu amaitu zuten estropada, euren legean, eta Zumaiari aurrea hartu. Halere, esan behar da Zumaiak azken luze bikaina egin zuela. Egin kontu: azkeneko luzean ehuneneko batzuk besterik ez zion kendu Oriok Cabo da Cruzi, segundo pasatxo Pedreñari, eta hiru Zumaiari. Bigarren txandakoak grinatsu aritu zirela alegia, Zarautz barne.
Hondarribia, berriz, hondoratuta lehen txandan. Azken-aurrekoa. Laredok, ligako azkenak, atzoko azkenak, 13 segundo atera zizkion azken luzean. Tiranek irabazi zuen txanda bere zaleen aurrean eta puntu sorta polita batu 10. postuan sendotzeko. Gaur jokatuko da bederatzigarren estropada puntuagarria Ribeiran (Galizia). Eremua berezia da, bost ziaboga dituelako (12:00, ETB 1).
Cabo da Cruzek sekulako azken luzea osatu zuen,ohi duen legean
Gaurko estropada eremua, Ribeirakoa, berezia da, bost ziaboga dituelako
Detailea baino ez da, baina...
Oriok bere bigarren garaipena lortu du aurtengo San Miguel ligan, Moañako estropadan jaun eta jabe izan ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu