«Diru arazoetan ahalik eta gutxiena pentsatzen saiatzen gara»

Taldearen diru arazoak alde batera utzita, San Antonioren aurka bihar jokatuko duten partidan du burua eskuin hegalekoak.

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Taldearen diru arazoez hitz egiten duenean, ahotsa ilundu egiten zaio Sergio Berriosi (Jaen,Espainia, 1980), gai horrekin nekatuta balitz bezala, hitzetan itxaropen printzak atzematen zaizkion arren. Arrateko kapitainak eskarmentu handia du Asobal ligan, etaonartu du atzetik denboraldi gogorra duela taldeak. Horretarako, partidaz partida joan behar dutela deritzo. Orain bi aste, kolpe handia jaso zuen belaunean, baina guztiz osatu da, eta gogotsu dago San Antonioren aurka bihar jokatzeko.

Guadalajararen aurka azken segundoan puntu batek ihes egin zuen. Mingarria izan behar du.

Bai, egia da. Oso haserre ginen partida bukatu ondoren. Hausnarketa astea izan dugu, egindako hutsen analisia egiteko; aurrerantzean horiek berriro ez egiteko asmoarekin.

San Antonioren aurka azken bost urteetan izan duzuen emaitzarik hoberena berdinketa bat izan da. Baina oraindik aurkari gogorra den arren, ez du beste urteetako taldea.

Alde batetik, hala da. Izenei erreparatzen badiogu, San Antoniok ez ditu aurreko urteetan zituen izarrak. Baina talde sendoa du, gazteez hornitua. Gainera, sailkapena begiratzea nahikoa da taldearen indarraz jabetzeko.

Biharkoa derbi bat da. Partida desberdina da zuretzako?

Euskaldunen artean lehia dago, baina ez dut horretan pentsatzen. Norgehiagoka bat da, eta gogorra gainera.

Denboraldi honetan taldearen emaitzez baino, gehiago hitz egitenda diru arazoez.

Garbi dago kirolez kanpoko defizit bat daukagula. Seigarren jardunaldian prentsaurrekoa egin genuen, egoeraren berri emateko. Orain lasaiago gaude, talde guztia arazoa konpontzeko lanean dago. Hobeto gaude, eta diru arazoetan ahalik eta gutxiena pentsatzen saiatzen gara.

Argia ikusten hasi zarete, beraz?

Izpi batzuk bai. Taldea lanean ari da, eta arazoa oso larria den arren, gaitz guztiak konpontzeko prest daude. Alde horretatik ezin gara haserre egon.

Hala ere, zaila izango da kantxan hustu arte aritzea, bueltan dirurik jasotzen ez bada.

Begi bistakoa da. Ikuspuntu hori kontuan hartuta, jabetzen zara jokalariok buruan gauza asko ditugula, ez partida bakarrik.

Arazoak arazo, nola ikusten duzu taldea?

Bagenekien denboraldi hau gogorra izango zela. Batetik, jokalari berriak fitxatu ditugu, taldean garrantzitsuak izatera iritsi behar dutenak; Sever edo Kurilenko, adibidez. Horiek egokitu artean, bagenekien jokoa ez zela nahi bezain arina izango. Horri diru arazoak gehitzen badizkiogu, zailtasunak daude nonahi.

Zer moduz ari dira jokalari berri horiek?

Gero eta hobeto, eta taldean nabaritzen hasi gara. Jokoan gehiago sartzen hasi dira, eta asko eskertzen dugu.

Orduan hobera egingo duzue bigarren itzulian?

Bai, gora egingo dugu gure jokoan. Baina ezin dugu ahaztu aurrean beti aurkari bat dugula.

Zer moduz dago zure belauna? Guztiz osatu zara?

Egundoko sustoa hartu nuen. Ez dut inoiz halako kolperik jaso, belauna belaunaren kontra. Min handia hartu nuen, eta segituan handitu zitzaidan. Azkenean, ez da hainbesterako izan, eta aurreko partida jokatu ahal izan nuen. Prest nago bihar aritzeko.

Bi aste barru, Cuenca hartuko duzue etxean, aurkari zuzena mailari eusteko. Partida horretan pentsatzen hasi zarete?

Ez, eta ez dut pentsatzen hasi nahi. Lehenik San Antonioren aurka jokatu behar dugu, eta gero gerokoak. Partidaz partida joan behar dugu, inolako konturik atera gabe. Txarra da aurrera begira jartzea, hurrengoa irabaztea besterik ez dugu pentsatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.