1.200 triatleta lehiatuko dira gaur Gasteizko kaleetan zehar, distantzia luzeko munduko txapelketan. Goizeko zortzi eta erdietan hasiko da proba, eta sei ordu inguru iraungo du. Lau kilometro igerian, 120 bizikleta gainean eta 30 lasterka egin beharko dituzte, eta ordubiak pasa aldera iritsiko da irabazlea helmugara, Gasteizko Plaza Berrira. Lehenik, igerian arituko dira triatletak, Uribarri urtegian. Ondoren, bizikletari ekingo diote. Arabako lautadetan ez dute aparteko zailtasunik izango, ez baitago min handia eragin dezakeen aldaparik, baina kontuz ibili beharreko koskak aurkituko dituzte. Gainera, haizea dago iragarrita, eta horrek kalte egin diezaioke bati baino gehiagori. Azkenik, lasterka ariko dira.
Bi izen ageri dira faboritoen zerrendan: Chris McCormack eta Eneko Llanos. Biak ala biak indartsu daude, eta aurrean ibiliko dira. Etxean egonik, helmugan bi besoak altxatu nahiko ditu Llanosek, baina ez du erraza izango. McCormackek denetariko garaipenak ditu lortuak, baina gaur beste bat eskuratu nahiko du. Gainera, asteon adierazi du ilusioz eta gogoz beterik dagoela Gasteizen lehiatzeko.
Llanos: «Onenean nago»
Baditu baikor egoteko arrazoiak Llanosek. Haren arabera, garairik onenean dago, eta aukera izango du urrea lortzeko: «Prestakuntza izugarria egin dut txapelketa honetarako, eta oso indartsu sentitu naiz. Nire sasoirik onenean nago». Zirkuituak ere ez du aitzakiarik, gasteizarraren ustez: «Ibilbideak denetik apur bat dauka, eta gustatzen zait. Bizikletan, batez ere, aldea lor dezakedala uste dut». Mikel Elgezabal euskaldunak ere parte hartuko du.
Virginia Berasategik eta Maider Gaztañagak bezalaxe. Berasategi belauneko arazoekin ibili da; buruhauste franko izan du azkenaldian, baina badirudi erabat osatu dela. Ikusi egin beharko da nola moldatzen den. Emakumezkoetan, Jodie Swallow britainiarra izango da gertutik zaindu beharrekoa. Caroline Steffen ere sasoi onean dago.
Distantzia luzeko munduko txapelketa izango da gaur, Gasteizen
Lau kilometro igerian, 120 bizikletan eta 30 lasterka egingo dituzte triatletek; Eneko Llanos da faboritoetako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu