Faborito argirik gabeko Klasikoa

Gaur aurkeztu dute lasterketa Donostiako udaletxean. 211,4 kilometroko ibilbidea izango du. 161 txirrindulari izango dira irteeran, eta horietatik 21 euskal herritarrak izango dira. Marc Hirschi iazko txapelduna bertan izango da.

Donostiako Klasikoaren aurkezpena, gaur, udaletxean.  ANDONI CANELLADA/ FOKU
Donostiako Klasikoaren aurkezpena, gaur, udaletxean. ANDONI CANELLADA/ FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 29a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean jokatuko dute Donostiako Klasikoa. Faborito argirik ez dago, ordea. Izan ere, gaur, lasterketaren aurkezpenean Remco Evenepoel bertan izango dela iragarri duten arren, ez dirudi hala izango denik. Soudal Quick-Step taldeak berak jakinarazi du zer txirrindulari eramango dituen larunbatean Donostiara, eta ez du Flandriako txirrindularia aipatu; ezta Mikel Landa ere. Nahiz eta antolakuntzak arabarra ere bertan izango zela jakinarazi duen. Hala, parte hartuko duten izen nabarmenenak hiru dira, guztiak UAEkoak: Isaac del Toro, Igor Arrieta eta Marc Hirschi, iaz Bulebarrean besoak jaso zituen txirrindularia. Guztira 161 txirrindulari izango dira irteeran, horietatik 21 Euskal Herrikoak.

Nahasgarria izan da informazioa, baina Wilfried Peeters Soudal Quick-Stepeko zuzendaria argi mintzatu da talde horrek bere webgunean argitaratu dituen adierazpenetan: «Txirrindulari gazteen eta eskarmentudunen arteko nahasketa polita dugu. Ez daukagu lider handirik, baina gure taldeak emaitza ona lortu dezake». Soudal Quick-Stepek iragarri duenez, ziklista hauek parte hartuko dute: Gianmarco Garofoli, Gil Gelders, Antoine Huby, William Lecerf, Pieter Serry, Mauri Vansevenant eta Louis Vervaeke.

Aipatu bezala, Klasikoaren antolatzaileek esan dute Landa eta Evenepoel tropelean izango zirela. Landa bi hilabete pasatxo egon da geldirik. Arabarra erori egin zen Italiako Giroko lehen etapan, eta, erretiratu ostean, bazirudien Klasikoa egitera itzuliko zela. Baina, ezusterik ezean, Burgosko itzulian lehiatzeko bueltatuko da. Evenepoelek, berriz, aski gozarazi ditu zaleak azken urteetan. Flandriarrak hiru aldiz irabazi du Donostiako Klasikoa: 2019an, 2022an eta 2023an. Frantziako Tourrean hamalaugarren etapan agur esan ostean, Donostian itzuliko zela zirudien. Antolatzaileek faborito moduan aipatu dute, eta, parte hartu eta irabazi izan balu, Marino Lejarreta gaindituko zuen, lau garaipen lortuta. Lejarreta eta Evenepoel baitira Bulebarrean besoak maizen altxatu dituzten txirrindulariak —hiruna aldiz irabazi dute—. Baina marka hori ez du aurten ezarriko. 

Ohikoa den moduan, lasterketa Donostiako Bulebarrean hasi eta amaituko da, baina aldaketa batzuk izan dira, eta azpimarragarriena ibilbidearen luzera izan da: joan den urtean, 236 kilometro egin behar izan zituzten txirrindulariek ibilbidea osatzeko, baina aurten 211,4 egin beharko dituzte. Beste aldaketa esanguratsu bat lasterketaren gune erabakigarrian gertatu da. Pilotegiko aldapa igo ordez, bi urteren ostean, Murgileko horma igaro beharko baitute txirrindulariek. Horrez gain, joan den urtean baino mendate bat gutxiago igo beharko dute; 2024an zazpi mendate igo behar izan zituzten; aurten, berriz, sei gainditu beharko dituzte. Mendate gehienak bigarren mailakoak izango dira —guztira, hiru—.

Murgilez gain, Azpeititik (Gipuzkoa) gora Urrakiko aldapa igo beharko dute 81. kilometroan, eta Jaizkibel gainditu beharko dute 149. kilometroan, ia zortzi kilometroko igoera. Hirugarren mailako bi ere izango dituzte: lehenik, Aiara (Gipuzkoa) jaitsi aurretik, Andatzarrateko gainera igo beharko dute lasterketaren hasieran —hori izango dute ibilbideko lehen mendatea—; bigarrenik, berriz, Alkizako igoera izango da, eta 102. kilometroan pasatu beharko dute 4,4 kilometro izango dituen mendatetik. Gogorrena, berriz, Erlaitz izango dute: 3,8 kilometroan zehar %10,6ko pendiza izango baitute Irundik (Gipuzkoa) igotzen hasita.

Indurain eta Garate

Lasterketan parte hartuko duten Euskal Herriko 21 txirrindularien artean Alex Aranburu (Cofidis) nabarmendu behar da. Tourrean izan da Ion Izagirre taldekidearekin batera, eta Klasikoetan ondo moldatzen da. Miguel Indurain izan zen Donostiako Klasikoa irabazi zuen azken euskal txirrindularia; 1990ean izan zen irabazle. Klasikoaren irabazleen zerrendaren arabera, ordea, Juanma Garate da azken euskal irabazlea. 2007an iritsi zen gipuzkoarra helmugara, Leonardo Bertagnolli italiarrarekin batera. Bertagnollik irabazi zuen, baina 2012an UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak espedientea ireki zion, pasaporte biologikoan irregulartasunak antzeman baitzituzten. Italiarrari garaipen hori baliogabetu egin zioten, eta, 2016an, antolakuntzak Garate aitortu zuen 2007ko aldiaren irabazletzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.