Arrauna

Donostiarra eta Zierbena izan dira azkarrenak Boiron

Denboraldiko hirugarren bandera astindu dute donostiarrek. Zierbenak asteburuko bi estropadak irabazi ditu, eta liga irabazteko lehian sartu da.

Zierbena ziaboga bat hartzen, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko abuztuaren 13a
17:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Emozio handiko bi estropada izan dira gaur Boiroko (Galizia) uretan jokatutakoak. Euskotren Ligan bi izan dira irabazleak: eguneko azkarrena, Donostiarra, eta Arraun Lagunak, zeinak bideratuta utzi duen liga irabaztea. Bi estropadaren faltan, sei puntu kentzen dizkio Oriori. Eusko Label ligan, berriz, erabat irauli da lehia; orain hiru dira liga irabazteko hautagaiak, Zierbenak asteburuko bi banderak eskuratu eta gero.

Galiziara heldu aurretik, Urdaibaik liga bideratuta zeukala zirudien. Hondarribiari sei puntu kentzen zizkion. Orain, ordea, hiru ateratzen dizkie gipuzkoarrei, eta lau Zierbenari. Sei estropada falta direla, estu dago sailkapena.

Gaurko estropadari dagokionez, Zierbenak hasieratik hartu du aurrea ohorezko txandan. Tarteak estuak izan dira lehen ziabogetan, batez ere Hondarribiarekin, eta bizkaitarrek azken luzera arte itxaron behar izan dute estropada apurtzeko. Aurkaririk handiena, ordea, bigarren txandako irabazlea zen —ohorezko txandan harrotu eginda haizea—, etxeko taldea, Cabo da Cruz. Hirugarren ziabogan, Caboren denbora Zierbenarena baino bederatzi segundo hobea zen.

Azkenean, hiru segundoren aldeaz eskuratu du bandera Zierbenak. Cabo izan da bigarren, Orio hirugarren, Hondarribia laugarren, Kaiku bosgarren, eta Urdaibai, liderra seigarren. Ikustekoa izango da liga amaiera. Datorren astean Zarauzko (Gipuzkoa) bandera izango da jokoan.

Hirugarrena

Emakumezkoen estropadan, indartsu hasi dira Arraun Lagunak eta Orio, sailkapeneko bi onenak, baina lehen luzearen erdialdean Donostiarrak hartu du aurrea, eta amaitu arte eutsi dio. Itzulerako luzean, istriborrera egin dute ontzi guztiek, eta horrek metro asko egitera behartu du Arraun Lagunak. Hori baliatu du Donostiarrak bandera ziurtatzeko.

Ligarako lehian, ordea, Arraun Lagunak izan da eguneko irabazlea. Atzoko estropada irabazita, Oriok tartea jan zion, baina berreskuratu egin du gaur. Zarautzera sei punturen aldearekin helduko da, beraz. Nahikoa behar luke liga irabazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.