Arrauna

Donostiarrak lehen aldiz irabazi du etxean, poparean bikain arituta

Torrekuak bigarren luzean erabaki du estropada. Arraun izan da bigarren, lau segundora

Nerea Perez Donostiarrako lemazaina, etxeko bandera astintzen. GORKA RUBIO / FOKU.
pettan uralde
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ilusio berezia egiten du etxeko estropada irabazteak, eta Donostiarrak dena eman zuen atzo bandera irabazteko. Denboraldiaurre bikaina egin ostean, maila onena emateko prest daudela berretsi zuten Torrekua traineruko kideak. Bigarren itzuli ikusgarria egin ostean astindu zuen Nerea Perezek lehen bandera, Euskotren Ligako hirugarren jardunaldian. Arraun Lagunak izan zen bigarren, lau segundora, eta Orio, hirugarren, bederatzi segundora. Laugarren postuan sartu zen Tolosaldea, 27.56ra, eta ohorezko txandan izango da gaur 40 ehunenengatik. Hori izan zen atzo Hondarribiari atera zion aldea.

Hasiera parekatua izan ostean, ziabogara iristen lehena LugaƱene izan zen; Donostiarra bi segundora iritsi zen, Orio laura, eta Tolosaldea 11ra. Ziabogatik irtetean, Donostiarra Arraun Lagunak taldearen denbora berean jarri zen, eta etxekoen arteko lehia hasi zen. Poparean bikain egin zuen Donostiarrak, eta lau segundo sartu zizkion lau kilometro eskasean. Momentu horretan hautsi zuen estropada Donostiarrak, eta Arraun Lagunak eta Orio aldentzen hasi zen. Paladaz palada menderatuz, eta lasaitasun handiarekin iritsi zen Donostiarra, etxeko bandera lehen aldiz irabazteko. Bandera poltsikoan zutela, emozioa bigarren postua lortzeko lehian izan zen, eta azkenean, Arraun Lagunak-ek eskuratu zuen. Ligako liderra izaten jarraituko dute, hamabost punturekin; gertu dute Donostiarra, 14rekin.

Lehen txandan ere ez zen ikusmina faltatu. Hondarribia nagusitu zen, baina hasiera zaildu egin zion Hibaikak. Lehen minutuak oso parekatuak izan ziren. Hiru minutuak igarota, hiru segundoko tartea atera zion Hondarribiak Hibaikari, eta bostekoa Cabori. Urrutiago Tiran aritu zen, ondo arraun ezinik.

Gauzak horrela, ziabogan erabakiko zen itxura zuen lehen txandak. Baina usteak ez zirenbete. Izan ere, lehen hiru taldeek ederki igaro zuten baliza, eta bigarren itzulia gertu hasi zuten. Azkenean, ontzi berdeak irabazi zuen lehen txanda, Donostian ospe txarra duen lehen kaletik, Hibaikari hamahiru segundo atera zizkion. Ondoren, Cabo iritsi zen, hamazazpira, eta azkenik, Tiran, 37ra.

Euskotren ligako zortzi traineruek gaur jokatuko dute Zierbenako Bandera. 11:25ean hasiko da estropada.

Hirutik hiru Orio B-k

Bestalde, atzo jokatu zen KAE 2 ligako hirugarren estropada, Donostian, eta aurreko bietan bezala, Orio B nagusitu zen. 5,20 atera zion Astillerori, eta 27,75 Hibaikari. Sailkapen nagusian, oriotarrek 21 puntu dituzte, Astillerok 18, eta Hibaikak 14.

Gaur, berriz, ETE eta KAE 1 ligetako traineruak Zumaiako (Gipuzkoa) Ikurrinean arituko dira: emakumezkoak, 11:30ean; eta gizonezkoak, 12:30ean. ETE ligan, 30 puntu dituzte Zumaiak eta Kaikuk. KAE 1 ligan, berriz, San Pedro da lider, 57 punturekin. 51 ditu Hibaikak, eta 50 San Juanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.