Dotorea izaten jarraitzen du

Federerrek lau setetan irabazi dio Djokovici, duela gutxi arte zeukan maila ikusgarria berreskuratuta

Erredakzioa
2008ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ez zen posible. Handiena izatetik handienei behetik gora begiratzera igaro zen denbora gutxian. Orain gutxi, den-denek miretsi egiten zuten. Eta azken hilabeteotan mireslerik gabe geratzen ari zen. Roger Federer suitzarra burumakur zebilen azken aldian. Irabazi zion Rafa Nadal kataluniarrak Wimbledon Torneoko finala, eta ordutik burua altxatu ezinik zebilen. Atzo arte. Ez zen normala hain tenis jokalari dotorea hain triste ibiltzea. Dotorea zen lehen. Eta dotorezia hura berreskuratzea nahi zuten zale gehienek.

Eta atzo lortu zuen. US Openeko lehen finalerdian, aurrean Djokovic, behetik gora azkar batean iritsi den serbiarra, zeukala baliatuta, garai bateko jokoa berreskuratu zuen suitzarrak. 6-3, 5-7, 7-5 eta 6-2. Ia dena ondo egin zuen Federerrek. US Openeko finala jokatu zuten iaz Federerrek eta Djokovicek, eta atzo final handienetako mailan aritu zen. Behingoz. Euri arriskua zegoen New Yorken. Partida bertan behera gera zitekeela abisua eman zuten badaezpada ere. Baina merezi zuen pare bat orduan ateri eustea. 24 minutu behar izan zituen lehen seta irabazteko. Hortik aurrera estutu zuen serbiarrak, bigarren seta irabazi zuen (5-7), baina garai bateko dotorezia berreskuratu duela erakutsi nahi zuen suitzarrak. pentsatu eta egin. Bosgarren urtez jarraian, finalerako txartela lortu zuen atzo.

Eta gaur jakingo du finalean noren aurka jokatuko duen. Arriskua zegoela, gerta zitekeela... eta Nadalen eta Murrayren arteko partida bete-betean zegoenean hasi zuen euria. Ezustean. Partidaren emaitza bezala. 6-2, 7-6 eta 2-3. Bi seteko aldearekin zihoan eskoziarra aurretik. Nadalek direnak eta ez direnak egin ditu azken aldian, baina atzo ederki sufritu behar izan zuen. Bi orduko partidaren ostean, epaileak lehia bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan zuen. Gaur amaituko dute partida, 16:00etan -22:00ak Euskal Herrian-. Finala, berriz, bihar jokatuko dute Federerrek eta bigarren finalerdiko irabazleak, 17:00etan -23:00ak Euskal Herrian-.

Nadalen eta Murrayren finalerdiarekin gertatu bezala, atzo zen jokatzekoa emakumezkoen finala, baina partida hori ere gaur jokatuko dute.Jelena Jankovic serbiarrak eta Serena Williams estatubatuarrak jokatuko dute finala, 21:00etan -03:00ak Euskal Herrian-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.