Athleticeko jokalaria

Maitane Vilariño: «Duela bi denboraldiko jokatzeko sistemara itzultzeak konfiantza eman digu»

Athleticek bikain hasi du denboraldia, jokatu dituen lehen bi partidak irabazi baititu. Victor Martinek, entrenatzaile berriak, bi neurketak osorik jokatzeko aukera eman dio Vilariñori. Taldea fisikoki eta taktikoki egiten ari den lana nabarmendu du.

Maitane Vilariño Athleticeko jokalaria. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maitane Vilariño Athleticeko jokalaria. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ainara arratibel gascon
Lezama
2026ko irailaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barrez iritsi da Lezamako kafetegi atarira Maitane Vilariño Athleticeko jokalaria (Olazti, Nafarroa, 2002). Euria ari du, eta argazkilariak harmailetan atera dizkio argazkiak. Zelaian gozatzen du jokalariak, eta sasoiko hasi du denboraldia. 

Aurreko denboraldian hamar partida behar izan zenituzten ligan lehen garaipena lortzeko. Oraingo honetan, ordea, lehen bietan hiru puntuak batzea lortu duzue. Pozik, ezta?

Oso pozik gaude. Aldea agerikoa da. Hainbat jokalari itzuli dira beste talde batzuetan utzita egon ostean, entrenatzailea berria da, eta denboraldiaurrean lan asko egin dugu fisikoki eta taktikoki prest egoteko. Gainera, lehen partidak irabazteko moduak ere konfiantza handia eman digu. Izan ere, Badalonaren kontra atzetik hasi ginen; Logroñoren aurka, berriz, zelaian jokalari bat gutxiagorekin ginela lortu genuen garaipena, epaileak Landa [Naia Landaluze] kaleratu baitzuen. Taldea bikain ari da lanean egunerokoan, eta bide horri jarraitu behar dio.

Luze egin zitzaizuen aurreko denboraldia? Berritasun horien beharrean zeundeten?

Niri, behintzat, luze egin zitzaidan. Egia da lehen hamar partidetan garaipenik ez genuela lortu, baina gero hiru hilabete eman genituen galdu gabe. Dena den, ez ginen erregular aritu. Irabazteko asko sufritu genuen, eta oso partida biribil gutxi egin genituen. Mentalki eta fisikoki ere gogorra izan zen, Kopa eta Superkopa jokatuta egutegia betea izan zelako. 

Zer izan da denboraldia hain ondo hasteko gakoa?

Uste dut Victorrek [Martin entrenatzailea] taldearentzat egokia den jokatzeko modua eta sistema aurkitu dituela. 5-3-2 edo 3-5-2 sistemekin jokatzen dugu. Duela bi denboraldi David Aznarrekin ere hala jokatzen genuen, eta taldea eroso dago horrela jokatuta, konfiantza eman digu. Hala jokatzeak atzean ziurtasuna eta ordena ematen dizkigu, eta erasoan jokalari gehiagorekin iristen gara aurkariaren areara, gehiago mugitzen baikara. Gainera, neurketan zehar sistema aldatzeko gai gara. Logroñoren aurka argi geratu zen.

Zein alde dago Martinen eta aurreko denboraldiko entrenatzaile Javi Lergaren artean?

Entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko modua dauka, eta Victor teknikoki eta taktikoki jokalarien oso gainean dago, bai partidetan, bai entrenamenduetan. Zerbait gaizki ateraz gero, berehala egiten dizkigu zuzenketak. Javik partiden ostean egiten zuen hori. Gainera, Victorrek behin eta berriz esaten digu gauzak egitera ausartzeko, hori dela ikasteko eta hobetzeko modua. Horrek, niri behintzat, lasaitasuna eta konfiantza ematen dizkit. Hasieratik izan da horrela.

«Victorrek behin eta berriz esaten digu gauzak egitera ausartzeko, hori del hobetzeko modua. Horrek, niri behintzat, lasaitasuna eman dit»

Eta eguneroko lanean alde handia antzeman duzu batetik bestera?

Aldaketa batzuk egon dira, bai. Orain gimnasioan aritzen gara lanean bai entrenatu aurretik eta bai ondoren. Aurreko denboraldian aurretik bakarrik egiten genuen lan hori; ondoren, beharra ikusten bazuten soilik. Teknikoki eta taktikoki, berriz, aurreko denboraldian bideoak analistak egiten zituen, eta hark azaltzen zizkigun gauzak; orain, berriz, bigarren entrenatzaileak egiten du lan hori. 

Bihar Espanyolen aurka jokatu duzue, Lezaman. Haiek galdu egin dituzte bi partidak. Zer-nolako partida espero duzu?

Bete-betean jokatzen jarraitu behar dugu, eta orain arte egindako bidean beste aurrerapauso bat eman, haiek suspertu ez daitezen. Izan ere, lehen bi partidak galdu dituzten arren, oso aurkari arriskutsuak dira. Sasoia hasi besterik ez da egin, eta entrenatzaile oso lehiakorra dute, bere taldeen jokatzeko modua aldatzeko ohitura handia duena. Oso adi egon behar dugu. 

Zuk esan bezala, sasoia hasi besterik ez da egin; baina hitz egin al duzue denboraldi honetarako helburuez?

Ez, oraindik ez. Ez dugu presaz aritu behar horretan. Aurreko denboraldian helburu batzuk ezarri genituen, eta gero beste batzuk izan ziren. Esan bezala, eguneroko lanean urratsak egiten jarraitu behar dugu. Erakusten ari gara ez dugula arazorik baloiaren jabe garenean eroso egoteko, eta behar dugunean zuzenean jokatzeko. Hala segitu behar dugu. Bestalde, geldikako jokaldietan ere etekina lortzen saiatu behar dugu. Dagoeneko gol bat sartu dugu halako jokaldi batean, eta horri eutsi behar diogu. Eguneroko lanean exijentzia handia da, eta guk geure buruari ere asko eskatzen diogu. 

Eta zeure burua nola ikusten duzu? Izan ere, aurreko denboraldian ez zenuen askotan jokatu; honetan, berriz, orain arteko bi partidak osorik jokatuko dituzu.

Oso gustura nago jokatzeko modu honekin. Azken batean hegal osoan gora eta behera ibiltzeko aukera dut, buruz buruko jokaldiak egin eta erdiraketak egiteko. Bestalde, Logroñoren aurka atzean egon behar izan nuen denbora gehiago, eta horretarako ere ez dut arazorik. 

Zertan egin nahi diozu zuk ekarpena taldeari?

Victorrek buruz buruko jokaldietan are ausartago izateko eskatzen dit, aurkaria gainditu eta erdiraketak egiteko. Horrenbestez, taldekideei aurreko denboraldian baino pase gehiago eman nahi dizkiet golak sartzeko; golen bat ere sartu nahiko nuke. Bestalde, iragan denboraldian baino gehiago jokatu nahiko nuke. Lehen Mailan egonkortu nahiko nuke pixkanaka-pixkanaka, nire tokian jokatzeko beste jokalari oso on bat egon arren: Ane Elexpuru. Hona iritsi nintzenean baino patxada handiago dut erabakiak hartzeko, neure burua hobeto ezagutzen dut orain. Garrantzi handiagoa ematen diot atseden hartzeari, eta hori guztia baliatu nahi dut.

«Afaldu ostean nobela beltza irakurtzea gustatzen zait. Pantailak alde batera utzi, eta futbolaz ahazten laguntzen dit»

Lehia hori izan arren, oso harreman ona omen daukazue Elexpuruk eta zuk. 

Bai. Gauzak estu jarri nahi dizkiogu elkarri, baina Pin eta Pon deitzen digute, beti elkarrekin gaudelako. Egunerokoan asko ikasten dut harengandik. Kalitate handiko jokalaria da, oso garrantzitsua taldean. Partidan gertatuko dena aurrez ikusteko gaitasun handia du; oso bizkorra da erasoan, eta defentsan ahalmen handikoa. 

Biokimika ikasi duzu, master bat ere baduzu. Gogorra izan da biak uztartzea?

Bai. Orain, arratsaldeetan, astialdiaz gozatu nahi dut. Lagunekin egotea, taldekideekin planak egitea eta batez ere irakurtzea gustatzen zait. Nobela beltza irakurtzen dut, afaldu ostean, pantailak alde batera utzi, eta bizkorrago lo hartzeko. Futboletik aparte arreta beste zerbaitetan jartzen ere laguntzen dit. Hori ere beharrezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA