Auto gidaria

Angela Vilariño: «Ebakuntza egin zidatenean, pentsatu nuen ez nintzela berriz ere lehiatuko. Oso pozik nago»

Bularreko minbizia izan ondotik, Vilariño lehiara itzuli da, eta ez nolanahi, gainera: Mendiko Europako Txapelketan Fitoko eta Falferrako igoeretan lehen postua lortu du. Bost urte «gogor» pasatu dituen arren, «baikor» begiratzen dio etorkizunari.

ANGELA VILARIÑO. RAFA MARRODAN
Angela Vilariño. RAFA MARRODAN
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko maiatzaren 21a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bost urte bularreko minbizia diagnostikatu zioten Angela Vilariño auto gidariari (Hondarribia, Gipuzkoa, 1985). «Garai gogorrak pasatu ditut, baina bai gorputza, bai burua horretara ohitzen dira». Berriki argia ikusi du tunelaren amaieran, eta «oso pozik» dago lehiara itzultzeko aukera izan duelako. Emaitza bikainak lortuta itzuli da, gainera: Mendiko Europako Txapelketako lehen bi probak irabazi ditu. Autoan eta kaskoan begizta arrosa bat darama, bularreko minbiziari ikusgaitasuna emateko asmoz. Hondarribiarrak kirol ibilbide oparoa darama, eta Europako mendiko piloturik onenen artean da. Familiatik datorkio afizioa: Andres Vilariño pilotu ospetsuaren alaba da, eta haren anaia Ander Vilariño ere pilotua da. Mendiko Espainiako Txapelketa absolutu bat irabazi duen emakume bakarrenetakoa da, eta Mendiko Europako Txapelketan, Falferrako igoeran, maila absolutuan podiuma lortu zuen.

Zer-nola sentitu zara bost urteren ostean lehiara itzulita?

Fitoko eta Falferrako igoeretan parte hartu dut. Bost urtez geldirik egon ondotik, martxa hartzen ari naiz, baina oso pozik nago. Fitokoa gogorra egin zitzaidan. Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, ia asteburu osoan euria egin baitzuen. Halako eguraldiarekin lehiara berriz itzultzea zailagoa da. Dena den, emaitza oso onak izan nituen, eta bilakaera oso ona izan dut. Hori da garrantzitsuena. 

Fisikoki nola zaude?

Nahiz eta urte hauetan ez naizen lehiatu, ez naiz geldirik egon. Gimnasioan, bizikletan, kartean eta beste auto mota batzuetan entrenatzen aritu naiz. Ez dut sasoia galdu. Psikologikoki, berriz, pixka bat nekatuta itzuli naiz. Bi asteburu izan dira segidan, eta burua ere batzuetan nekatu egiten da. Asko gustatzen zaigu egiten duguna, baina presioa beti hor dago. Norberak bere buruari ezarritakoa izaten da, gainera. Egunetik egunera hobeto lehiatzen saiatzen zara, zure onena ematen, eta horrek neke psikologikoa eragiten du. Asteburua amaitzean behera egiten duzu.

Zer izan da zuretzat lehiaketara itzultzea?

Oso pozik nago. Fitoko igoeran kostatu egin zitzaidan martxa hartzea. Ez nuen autoa ezagutzen, pista hezea zegoela ateratzea egokitu zitzaidan, ondoren euria egiten hasi zen eta lehorrerako gurpilekin nindoan... Zera sumatu nuen: azkar nindoala baina azkarrago joan nahi nuela; eta batzuetan ezin zara azkarrago joan baldintzengatik. Horrela jarraituz gero, beharbada ez nuen amaituko. 

Nolakoak izan dira azken bost urte hauek?

Oso desberdinak izan dira. Hasierakoak oso gogorrak izan ziren: diagnostikoa, analisia, ebakuntza, tratamendu hormonalaren hasiera... Momentuan hori bizitzea dagokizu, eta ez duzu beste aukerarik, aurrera egitea baino. Eta gero emozionalki behera egiten duzu. Gogoan dut bi ebakuntza izan nituela, eta horien ondoko hilabeteak oso gogorrak izan zirela: negar egiten nuen, ez nuen ezer ulertzen... Horrez gain, ez dakit den burua edo gorputza, baina ohitu egiten da egoera horretara, eta tratamendua amaitu arte, askotan pentsatu dut nola egon naizen horrela, arrastaka. Amaieran konturatu naiz nola egon nintzen eta orain nola nagoen.

«Gauza txarretatik zerbait ona atera dezakezu. Gertatu zaidanak bizitza beste modu batera ikusten lagundu dit»

Bularreko minbiziaren ondoren, espero zenuen lehiara itzultzea?

Diagnostikoa ematen dizutenean mugitu ezinik geratzen zara, eta gogoan dut nire galdera hau izan zela: «Hil egingo naiz?». Ondoren, azaldu zidaten zein izango zen prozesua, eta barneratzen hasi nintzen egoera. Lehen ebakuntza egin zidatenean, pentsatu nuen ez nintzela berriz ere lehiatuko. Baina ikusten duzu hobetzen zoazela, eta orduan bai, orduan pentsatu nuen beharbada itzuliko nintzela. Ebakuntzaren ondotik, bi urtera-edo, lasterketa batean parte hartu nuen, baina garai horretan nire asmoa ez zen lehiara itzultzea. Hainbeste denbora geldirik egonda, ilusioa pizten zidan lehiara itzultzeak. Bizitza osoan, 10 urte nituenetik, lehian aritu naiz, eta haren falta nabaritzen nuen. Adrenalina falta zitzaidan, eta ilusioa ere bai. Egun gogorrak izan ziren, baina alde positiboari begiratzen diot. Gauza txarretatik zerbait ona atera dezakezu. Gertatu zaidanak bizitza beste modu batera ikusten lagundu dit. 

Gaixotasunari ikusgaitasuna emateko garaian, ez duzu zalantzarik izan.

Ez, noski. Dena oso azkar joan zen. Diagnostikoa egin eta berehala, bi astera-edo, ebakuntza gelara eraman ninduten. Ebakuntzaren ondotik, sare sozialetan argitalpen bat egin nuen, garrantzitsua zelako jendeak jakitea zer nuen. Horrez gain, inportantea iruditu zitzaidan horrelako bizipen baten berri ematea, jakinda beste emakume asko ere nire egoera berean zeudela. Lagungarria izan zitekeela pentsatu nuen. 

Aurrera begira, eta lehiaketari dagokionez, zer helburu nagusi duzu?

2006an eta 2016an Europako Kopa irabazi nuen. Aurten, 2026a izanda, berriz irabazi nahiko nuke, hamar urteroko bolada horri eusteko. Erronka hori pizgarri izan da lehiara itzultzeko. Helburu hori lortzeko borrokatu nahi dut berriz ere. Gero ikusiko dugu lortuko dudan edo ez, baina horretan saiatuko naiz. Horretarako, asmoa da Mendiko Europako Txapelketan parte hartu eta garaikurra lortzea. Hamar bat lasterketa dira, eta hurrengoa Txekiar Errepublikan dut. Oraingoz, lehen postuan nago; beraz, bide onetik noa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA