Atotxa zaharreko garaiak ekartzen dizkio gogora bati baino gehiagori Mikel Aranbururen ibilbideak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1979). Realarekiko ezohiko fideltasunagatik, hor egon da hamalau denboralditan. Errepikaezina.
Gaur amaituko da zure kirol ibilia. Horren esanahiaz jabetu al zara?
Bai, bai. Uzteko erabakiaren berri aurreko astean eman arren, lehenagotik sentitzen nuen gertu zegoela une hori. Anoetan jokatu izan dudan azken aldietan, gero eta argiago neukan egun gutxi geratzen zitzaizkidala aldagela horretan sartu, berdegunera atera, eta hainbestetan jantzi dudan elastikoa berriz soinean janzteko.
Klubak hilabeteak zeramatzan zure erabakiaren zain. Noiz hasi zinen zeure burua estutzen?
Sasoi hasieratik bueltaka nerabilen kontua izan da. Gabonak baino lehen jaso nuen haien eskaintza, eta gauzak behar bezala pentsatzeko astia behar nuela erantzun nien. Azkenerako luze jo du, ez zait-eta samurra egin erabakia hartzea.
Egin nahi zenuena onartzea izan al da lanik zailena?
Denboraldiak joan ahala, gero eta gertuagoko gaia izan da. Ez da izan hilabete batetik besterako prozesua. Azken boladan bizkortu egin da, serioago pentsatu ditudalako gauzak, eta prentsa aretora atera nintzenerako irentsita neukan, erabat onartuta.
Liga txapelketako 28 neurketa (26 hasieratik) jokatu ondorenean, ez al du merezi segitzea?
Baliteke zalantza puntu hori ez desagertzea, inork ez baitaki datorren denboraldian zer gerta daitekeen. Urteen poderioz nekea pilatzen hasten zara, eta jakin egin behar da baita ere gorputzak esaten duenari jaramon egiten. Garai bateko erraztasunik gabe ari nintzen, eta beste ezeren gainetik, balio handia eman izan diot beti oroitzapen goxo batekin futboletik erretiroa hartzeari. Maiz gertatu izan zait denboraldiko azken txanpako sentipenekin joatea oporretara, eta horrelakoetan ia ezinezkoa da buruko kargak arintzea. Hainbeste urteren ondoren futbola gustura utzi ezean, arantza izango nukeen sartuta puska luze baterako. Onenak emanda ere banago, atzetik futbolari gazte ugari dator gogor bultzaka, azkenera arte jokatzen ikusi izanaren oroitzapen hobea izango dute zaleek… Erabakiaren atzean ez dago zergati bakarra.
Entrenatzeko gogoa galtzen hasia al zen?
Ez. Hori izango da faltan sumatuko dudana: eguneroko lana, aldagelako giroa bizitzea… Azken batean, ordu pila pasatzen dugu elkarrekin, eta asko lagunak ere badira, eguneroko martxan gustura egoten garenak, une eder asko pasa ditugunak. Hori galdu egingo dut, edo beste era batera biziko dut hemendik aurrera. Horrek eragiten dit, batik bat, tristura.
Buruari bueltaka aritu zaren bitartean, bataren zein bestearen esanak entzungo zenituen. Zer aholkuri egin diozu jaramon?
Inguruko gehienek segitzeko gomendatu didate. Nik ez diet kasu handirik egin, ordea. Norberak sentitu eta erabaki beharreko kontua da. Ezin nuen beste baten esku utzi. Prentsa agerraldian barruak hustu ostean, batek baino gehiagok onartu dit iritziz aldatu duela, hasieran bat ez etorriagatik, orain zuzen ote nabilen... Nik baino buelta gehiago ez dizkio beste inork eman.
Korrontearen aurka igerian egin beharragatik, bakarrik sentitu al zara inoiz?
Erabakia berandu hartu izanaren seinale litzateke inork ezer esan ez izana. Entzun, entzun diet, baina lasai bukatzeko aukera izateak asko balio du horrenbeste urteren ondoren. Oroitzapen onarekin noa, eta alde fisikoa ere zaindu behar dut, gainera. Futbolak baditu bere zailtasunak eta ondorioak, esaterako lesio latzak. Nik neure azalean sentitu izan ditut. Badakit urtebeteren buruan min handia har dezakedala futbolean aritzeagatik. Bi hanka dauzkat eta horien gainean ibili nahi dut hil arte. Nahiago dut sasoiko utzi.
Behar baino gehiago irautearen beldurraz ari al zara?
Horretaz ere bai. Orain hilabete gutxi 400. partida jokatu nuela-eta jardun ginen. Urte asko dira, norgehiagoka mordoa… Ez dira asko muga hori gainditutakoak, eta zerbaitegatik izango da. Futbolari izandako lagunak badauzkat kirola lasai praktikatzeko zailtasunak dituztenak. Oraingoz esan dezaket edozer egiteko gai naizela, eta horri eutsi nahi nion. Hemendik aurrerakoan gertukoak baino ez dira akordatuko nirekin, eta horiengan ere pentsatu beharra neukan.
Zure arrazoiak entzunik, ondoriozta dezaket erantzukizunagatik hartuko duzula erretiroa...
Denok gara zaleak, gu geu ere bai, eta zerbait berria ikusteko irrikaz egoten gara. Gazteei lekua egin behar zaie. Haiek gorantz datoz. Gu, berriz, beherantz.
Hasi eta buka, etxeko taldean. Beste garai bateko jokalaria al zara?
Alde horretatik ez diot meritu berezirik ematen neure buruari. Behin Realeko gazte mailetako taldeetara etorri nintzelarik, argi izan nuen nire bideak zein izan behar zuen. Betidanik izan naiz realzalea. Aurreneko mailan jokatzeko aukera eman zidan nire taldeak, eta horri eusten saiatu naiz. Tarte horretan jokatzeko aukerarik izan ez banu edo taldeak ez bazuen nire alde egin, seguru asko beste norabait begiratzera derrigortuta egongo nintzen. Baina beti egon naiz gustura hemen. Gipuzkoan bertan lehen mailan jokatzen duen talde bat daukagu, txikitatik maite duguna, eta niretzat zer hoberik ibili guztia hor egitea baino!
Futbolarekiko erabateko etena da zurea. Zergatik?
Orain arte ibili naizen martxa honetatik irtetea eskatzen dit gorputzak. Egin izan ez ditudan mila gauza egiteko desiratzen nago. Bestalde, entrenatzaile titulua ateratzear nago, eta jakin nahiko nuke ea futbolaren inguruko ezerk benetan erakartzen nauen, afizio hutsetik aparte ezer egin nahi ote dudan. Denbora tarte bat hartuko dut.
Entrenatzaileak aipatzen hasita, uste duzu Philippe Montanierrek jarraitu egin beharko lukeela taldearen gidaritzan?
Bai. Urte honetan guztian ikasitakoak mesede egingo dio aurrerantzean. Aurreko denboraldian baino entrenatzaile aproposagoa iruditzen zait Realarentzat. 14 urtean, 16 entrenatzaile izan ditut. Gehiegi. Baliotsua litzateke egokia izan daitekeenarekin pazientzia apur bat izatea.
Bihartik aurrera harmailetan egongo da zure tokia. Zer eskatuko zenieke inguruan izango dituzun Realeko zaleei?
Haiek gugan duten eragina aintzat hartzekoa da. Ni ez naiz inor bakoitzari zer egin behar duen esateko, baina zelaira sartu aurretik buruari buelta batzuk eman eta zer jarrera hartu behar dugun pentsatzeak ziur ez digula kalterik egingo. Oraingo multzo gazteak etorkizun itzela izan dezake, eta horri eutsi ahal izateko Anoetak dirudien baino zeresan handiagoa du.
Noraino irits liteke talde gazte hau?
Denborak esango du, baina lehen eta bigarren taldeko jokalari multzoari eusteko gai bagara, ez daukagu kanpotik futbolari asko ekarri beharrik maila ederrean aritzeko.
Burua izan liteke horien etsairik handiena?
Ligako talde gehienen artean parekotasun handia dagoenez, larri ibiltzeko urteak guk nahi baino gehiagotan iritsiko dira. Esan nahi dudana zera da: aspaldi ez nuela halako mailako gazte multzorik ikusten inguruotan. Beste talde askotako gazteek inbidia sentitzeko modukoa da.
Zer aholku emango zenioke ezinbestean gazte horietako bati?
Saiatua izan dadila eta apal ibil dadila.
Gipuzkoan Lehen Mailako taldea izate hutsa ez al da nahikoa helburu duina?
Orain 30 urte ligak irabazi zituztenak hartzen ditugu maiz erreferentziatzat. 103 urteko ibilbidean Realak bi aldiz baino ez du lortu txapeldun izatea, eta gaur egungo futbolariak beste horiekin alderatzea krudel samarra iruditzen zait. Haiek ere zerbaitegin bazuten, pazientziari eskerrak izan zen, urte horiek ahaztezinak izan ziren arren. Orain, berriz, umilago ibiltzeko garaiak ditugu.
Mikel Aranburu. Realeko jokalaria
«Edozer egiteko gai naizela esan dezaket oraingoz, eta horri eutsi nahi nion»
Javier Iruretarekin 1997an debuta egin arren, bi urte geroago egin zuen tokia Mikel Aranburuk Realean, Bern Krauss aulkian zegoela. 427 neurketa jokatu eta gero, badoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu