EFFk ofizialtasunaren bidea hasi ala ez erabakiko du gaur

Euskadiko Futbol Federazioak UEFAri eta FIFAri eskubide osoko kide gisa onartua izateko eskaera egingo dien bozkatu behar du urteroko batzar orokorrean, Durangon

Ofizialtasunaren aldeko kalejiraren hasiera, euskal selekzioak eta Venezuelak iragan urriaren 12an Gasteizen jokatu zuten partidaren aurretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskadiko Futbol Federazioak (EFF) nazioarteko ofizialtasunaren bidea has dezake gaur, urteroko batzar orokorrean. Kideek erabaki beharko dute Nazioarteko Federazioari (FIFA) eta Europako Federazioari (UEFA) eskubide osoko kide gisa integratuak izateko eskaera egingo dieten ala ez. Baiezkoak irabaziko balu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak elkartzen dituen federazioak pauso hori emango lukeen lehen aldia litzateke.

Bilera Durangon izango da, San Agustin kultur gunean, eta bertara deituta daude boz eskubidea duten 125 kideak —124 elkartuko dira asko jota, Lemoabarri kluba desegin egin baita—. Ohiko batzarra egingo dute lehenbizi, eta gero bozkatuko dute nazioarte mailako eskaera. 87 boz kirol elkarteei dagozkie; hamasei, jokalarien estamentuaren ordezkariei; hamar, entrenatzaileenari; eta bederatzi, epaileenari. 18:30ean izango da lehen deialdia, eta ordu erdi geroago bigarrena. Gehiengo soila lortzea aski da bozketa irabazteko.

Gaur bozkatuko da lehen aldiz nazioarteko ofizialtasunaren eskaera, baina gaia ez da aurrenekoz agertuko bileraren aktan. 2017ko ekainean, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, ofizialtasunaren bidea hasteko aukera bozkatzekotan egon ziren, baina probintzietako federazioetako buruek argudiatu zuten nahikoa informazio ez zutela. Jaurlaritzak eskaera aintzat hartu, eta aurten hiru bilera informatibo antolatu zituen euskal selekzioak eta Venezuelak jokatu zuten partidaren ingurumarian. Bilera bana egin zen probintzia bakoitzeko federazioan, eta bertaratu ziren taldeek zalantza guztiak argitzeko parada izan zuten. Informazio eskaera hori beteta, lurraldeetako delegatuek gaia bilera orokorrera eramatea erabaki zuten. BERRIAk jakin ahal izan duenez, baina, ez ziren aho batez ados jarri delegatuen artean.

EFFk batzar orokorretarako duen legediari erreparatuta (33. artikulua), bozketak publikoa izan beharko luke, kide bakoitzak zer erabakitzen duen ezagutaraziz, baina presidenteak sekretu bilakatzeko ahalmena du. Karguetako izendapenentzat erabiltzen den eskubide bat da. Luis Mari Elustondo Euskadiko Federazioko presidenteak ez du adierazpenik egin nahi izan bileraren aurretik, baina aurreratu du «printzipioz» sekretua izango dela bozketa, eta azken erabakia bertan hartuko duela. Argigarria litzateke ohiko bozketa modua aldatzea bilera hain garrantzitsu baterako.

Ez da nazioartean ofizialki onartua izateko eskatu duen lehen federazioa, baina, futbolak duen oihartzun eta lizentzia kopurua kontuan hartuta, ekinbideak ilusioa zabaldu du ofizialtasunaren alde lan egiten ari diren elkarteen artean. Euskal Herria Kirolaren kasua da, Kike Zurutuza kidearena. «Tentuz hartzen ditugu horrelako keinuak, erabakiak lege eta erakundeen esku baitaude. Dena den, bide praktikoak jorratzearen aldekoak gara, eta hau pauso praktiko eta erreala da». Euskal Herria Kirola buru-belarri jardun da azken asteetan kluben artean informazioa banatzen. Zurutuza bera bileran izango da.

Ofizialtasunaren bidea gaur has daiteke, baina luze joko du. Baiezkoak irabaziko balu Espainiako Federazioak eskaera berrestea beharko lukeelako. Oztopo handia da hori, Espainiako zuzendaritza batzordean Euskadiko federazioko hainbat goi kargudun dauden arren. Jose Ignacio Gomez Mardones Bizkaiko Futbol Federazioko presidentea, esaterako, Espainiako Federazioko zuzendaritza batzordean dago. Mardonesek berak publikoki onartua du «oso zail» ikusten duela Espainiakoak eskaera onartzea.

Espainiako Federazioak baiezkoa emango balu, eskaera zuzenean iritsiko litzateke UEFAren eta FIFAren erabaki organoetara. Ezezkoa jasoko balu, berriz, Eusko Jaurlaritza sartuko litzateke. Jon Redondo kirol zuzendariak BERRIAri aurreratu zionez, Jaurlaritzak nazioarteko epaitegietarako bidean lagunduko ditu federazioak. Gibraltarrek, esaterako, nazioarteko epaitegietan lortu zuen nazioartean onartua izateko eskubidea. UEFAk eta FIFAk, dena den, legedia aldatu zuten kasu haren ondoren, eta estatu gabeko nazioek orain zailagoa dute onartuak izatea.

Aldiz, gaurko bozketan ezezkoak irabaziko balu, euskal selekzioak azken urteetan landu duen lagunarteko partiden dinamikak kolpe handia hartuko luke. Ofizialtasunaren bidea hasi nahi ez duen federazio batek kostata bilduko ditu zaleak eta jokalariak partida bat jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.