Egan Bernalek (Ineos) agur esan dio Tourrari. Iazko garaileak erretiratzea erabaki du. "Ez nuen Tourra hala amaitu nahi. Baina bai nik, baita taldeak ere erabaki zentzuzkoena dela uste dugu". Bernalek minduak ditu orkatila eta bizkarra. "Errespetu handia diot lasterketa honi, eta oraintxe ezin dut nire onena eman. Sasoi betean itzuliko naiz hurrengo aldian". Chris Frome taldekidea izan zen Tourraren aurreko aldia irabazi eta erretiratu zen azken txirrindularia. 2014an izan zen.
Dave Brailsford taldeko zuzendariak Bernalen hitzak berretsi ditu. "Egan txirrindulari gaztea da, eta ez du korrika ibili behar. Onena erretiratzea da, eta izango du hona itzuli eta berriz garaipena lortzeko aukera". Txirrindulariak ez du baztertu Espainiako Vueltan parte hartzea. "Baina nola osatzen den ikusi beharko da". Vuelta urriaren 20aren eta azaroaren 8aren artean jokatuko da.
Bernal minutuak galdu eta galdu ari zen sailkapenean. Azken etapan, adibidez, zortzi eta sei minutu galdu zituen hurrenez hurren, eta bizikleta gainean bizi izan dituen unerik gogorrenak izan direla nabarmendu du. Tourreko etaparik gogorrena ari dira jokatzen txirrindulariak, Grenoble eta Col de Loze artean. La Madeleine (17,1 km eta %8,4ko pendiza) eta Loze (21 km., %7,8) igo behar dituzte.