Frantziako Tourra

Egindako lana, ezertarako ez

Mikel Landak kale egin du Alpeetako etapa nagusian. Bahraineko taldekideek lasterketa gogortu dute, baina Loze mendian gora, helmugatik hiru kilometro eta erdira, atzean geratu da. Miguel Angel Lopezek (Astana) irabazi du etapa.

Miguel Angel Lopez, etapa garaipena ospatzen hasten, gaur, Loze mendatean. EFE
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 16a
18:08
Entzun

Mikel Landari ikaragarri zaildu zaio Frantziako Tourreko podiuma. Gaurkoa zuen eguna ametsaren bila zerbait egiteko, Alpeetako etapa gogorrenean. 170 kilometroko lan gogorra zuen: Madeleine eta Loze mendatetzarrak, eta %20tik gorako malda pikoak tartean. Lozeko helmugara bitartean, Madeleinen gora, lasterketa gogortzera jo du Bahrain Landaren taldeak, eta lortu du, baina gero, kale egin du taldeko buruak. Faboritoen multzotik atzera geratu da 3,7 kilometroren faltan. Etaparen hasieran, Landak 42 segundora zeukan podiumeko hirugarren postua, eta orain, bi minutu eta segundo batera dauka. Primoz Roglic liderra eta Tadej Pogacar bigarren sailkatua ere lehen baino urrutiago dauzka.

Miguel Angel Lopez Astana taldeko kolonbiarrak irabazi du hamazazpigarren etapa. Lehen aldiz ari da Tourrean, eta estreinaldi ederra ematen ari zaio, gaurko etapa garaipena ere aurrenekoa duelako, eta hirugarren jarri delako sailkapenean. Loze mendian egin du aurrera, 3,5 kilometro falta zirenean etapa amaitzeko, faboritoen multzoan hamar bat txirrindulari zihoazenean. Ordurako sartuta zeuden mendateko tarterik gogorrenean. Izan ere, azkeneko lau kilometroetan, %24ko maldak ere baditu Lozek. Berehala harrapatu dute Roglicek, Pogacarrek, Kussek (Roglicen taldekidea) eta Richi Portek. Aurrerago zuten Carapaz Ineos taldeko eskalatzailea, iazko Italiako Giroko garailea. Eguneko ihesalditik bakarrik geratu da Ekuadorkoa —Gorka Izagirre ere joan da ihesaldi nagusian, Dan Martin, Julian Allaphilipe eta Lennard Kamnarekin batera—. Berehala egin dute bat Carapazekin, eta 2,5 kilometro falta zirela, Lopezek eta Kussek aurrera egin dute. Roglic eta Pogacar batu dira atzetik, baina larriago zihoan sailkapeneko bigarrena, eta azkeneko zatia ale banatan egin dute Lopezek, Roglicek eta Pogacarrek. Hurrenkera horretan sartu dira helmugan. Gainsariak ere bazirenez, azkenean hauek izan dira tarteak: 15 segundo atera dizkio Lopezek Roglici, eta 30 Pogacarri. Kuss izan da laugarren 56 segundora, eta Porte bosgaren 1.01era. Enric Masek 1.12 galdu ditu, eta Landa helmugaratu da gero, zazpigarren, 1.20ra.

Landarentzat gaurko gertakizun on bakarra izan da Rigoberto Urani 29 segundo atera dizkiola —hirugarrena zen kolonbiarra gaur arte—, eta orain, sailkapen nagusian, hiru segundora baino ez du. Seigarren da Uran, eta zazpigarren Landa (Roglicengandik 3.27ra). Yates dauka aurretik 13 segundora, eta Portek, laugarrenak, 22 segundo ateratzen dizkio. Podiumekoen arteko aldeak honela daude orain: Roglicek 57 segundo ateratzen dizkio Pogacarri, eta 1.26 Lopezi. Porte 3.05era dago.

Bihar ere etapa menditsua izango dute. 175 kilometrokoa da, eta lehen mailako bi mendate eta maila bereziko bat igo beharko dituzte. Azkeneko hori helmugatik 31 kilometrora dago.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.