Bigarren jardunaldia jokatu dute G eta H multzoetan. G multzoan, Egiptok lehen partida irabazi du Munduko Kopa batean: 3-1 Zeelanda Berriaren aurka. Horri esker, esku-eskura du final-hamaseirenetarako sailkatzea. Lau puntu ditu. Bi dituzte Iranek eta Belgikak, eta bat Zeelanda Berriak. Irandarrek ezustekoa eman dute, belgikarrekin hutsean berdinduta. Cabo Verdek ere berriro eman du ezustekoa H multzoan, eta bina berdindu du Uruguairekin. Bi puntu dituzte bi selekzio horiek. Espainia da liderra, lau puntu bilduta: 4-0 irabazi dio Saudi Arabiari azken partidan. Saudiarabiarrek, berriz, puntu bakarra dute.
ZEELANDA BERRIA 1-3 EGIPTO
Egun historikoa izan da Egiptorentzat, lehen partida irabazi baitu Munduko Kopa batean: 1-3 hartu du mendean Zeelanda Berria. Aurretik, hirutan hartu zuen parte, eta zazpi partida jokatu, baina inoiz ez zuen garaipenik lortu. Gaur eten du bolada txar hori. Zeelanda Berriari irabazita, gainera, urrats handia egin du final-hamaseirenetarako sailkatzeko. Lau puntu ditu, eta esku-eskura du sailkapena. Partidari dagokionez, behetik gora egin dute egiptoarrek. Zeelanda Berriak sartu du neurketako lehen gola, Finn Surmanek, partida hasi eta gutxira, baina, bigarren zatian, Egiptok irauli egin du emaitza, eta hiru gol sartu ditu: Mostafa Zicok, Mohamed Salahk eta Trezeguetek.
BELGIKA 0-0 IRAN
Puntuak banaka biltzen ari dira Belgika eta Iran: bi partida jokatu dituzte, eta biak berdindu; azkenekoa, elkarren artekoa, hutsean. Irandarrak, ordea, belgikarrak baino hobeto ari dira: batetik, ustez, Asiako selekzio hori Europakoa baino koska bat beherago dago; eta, bestetik, AEBetako Gobernua hamaika traba ari zaio jartzen Irango selekzioari. Hala ere, ondo ari dira irandarrak. Alireza Beiranvand atezaina izan da Iranen heroia Belgikaren aurka, partida bikaina egin baitu. Belgika, berriz, nahi eta ezin dabil.

URUGUAI 2-2 CABO VERDE
Ezustekoz ezusteko dabil Cabo Verde Munduko Kopa batean aurrenekoz ari den honetan: lehen partidan, hutsean berdindu zuen Espainiarekin, eta, bigarrengoan, bina berdindu du Uruguairekin. Lehia handiko partida izan da. Kevin Pinak aurretik jarri du Cabo Verde partida hasi eta gutxira, baina Maxi Araujok eta Agustin Canobbiok lehia irauli dute Uruguairen alde. Cabo Verdek ez du amore eman, eta Helio Varelak binakoa lortu du. Bi selekzioek bina puntu dituzte, eta aukera dute final-hamaseirenetarako sailkatzeko: Uruguaik Espainiaren aurka jokatuko du azken jardunaldian, eta Cabo Verdek, Saudi Arabiaren kontra.

ESPAINIA 4-0 SAUDI ARABIA
Espainia suspertu egin da, eta, lehen partidan Cabo Verderekin hutsean berdindu eta gero, nagusitasunez irabazi dio bigarrengoan Saudi Arabiari: 4-0. Emaitzak zelaian egon den aldea islatzen du, Espainia oso nagusi izan baita. 24 minutuan utzi du erabakita lehia, hiru gol sartuta: Lamine Yamalek sartu du lehena, eta Mikel Oiartzabalek beste biak. Bigarren zatiaren hasieran, berriz, Hassan Al Tambaktik bere atean sartu du gola.
