Valladolid 1-0 Alaves

Egoera gero eta estuago

Alavesek eskura zuen puntua galdu du Valladoliden, eta korapilatu egin zaio mailari eusteko borroka

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 4a
22:52
Entzun

87. minutura arte balio handiko puntua zuen Alavesek eskuan. Salbaziorako funtsezkoa. Valladolid ere konforme zen berdinketarekin. Partidaren isla zen 0-0ekoa. Geldikako jokaldi batean ez bazen, nekez alda zitekeen emaitza. Arabarren zoritxarrerako hala gertatu da. Gaizki zaindutako falta batean, Joaquinek gola sartu du etxekoentzat. Bosgarren porrota segidan, eta bizkarreko handia Alavesentzat. Partida amaieran jokalarien eta Asier Garitanoren aurpegia ikustea besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Oraindik ere Mallorcarekiko sei puntuko aldeari eusten dio. baina egutegi gogorra du aurretik: Real Madrilen, Getaferen eta Bartzelonaren aurka jokatu behar baitu.  

Granadaren aurkako partidarekin alderatuz, lau berritasun sartu ditu Garitanok: Martin, Fejsa, Burkue eta Edgard hasieratik aritu dira. Zelai erdia indartu nahi izan zuen. Eusteko hamaikakoa atera du Bergarako teknikariak, jakitun baitzen Valladolidek ere halako partida bat planteatuko zuela, eta puntu bat balekoa eta balio handikoa zela bientzat. Ezustea Joselu aulkian utziz eman du. Lucas Perezekin arabarren aurrealdeko zutarria izan da, baina bai bata zein bestea ere, kamuts itzuli dira konfinamendutik.

Hasieratik, ez talde batek, ezta besteak ere, ez dute partidaren aginte makila izan. Urduri antzeman zitzaien, sailkapenean zituzten estutasunengatik. Erasoan dituzten gabeziak agerian geratu dira, argitasun falta izan dutelako. Duarterena izan da abagunerik garbiena, 16. minutuan, baina haren burukada kanpora joan da.
Presio ona eginez, zirrikiturik ez zuten uzten aurkariak erasoko jokoa egin ahal izateko, eta hor bi taldeen beste hutsune bat ikusi da: zenbat kostatzen zaien jokoa sortzea. Geldikako jokaldien bidez ahalegindu dira gola sartzen, baina hor ere ez zuten asmatu.

32. minutuan Duarteren lesioa ailegatu da. Valladolideko jokalari batek zapaldu egin du eta oineko behatz batean min hartuta utzi behar izan du zelaia. Lehen zatiko azken txanpak bide beretik segitu du Alaves ondo eusten, eta Valladolid erasoa sartu nahian, aina ezin.
Alaves hobeto

Bigarren zatian Alaves Valladolid baino hobeto hasi da, gutxienez jokoa kontrolatuz. Baina etxekoena izan da ordu arteko aukerarik garbiena, 56. minutuan. Area kanpotik Alcarazek jaurtiketa ona egin du, eta baloiak langa ukitu du.
Bi entrenatzaileak partidaren bilakaera aldatzen ahalegindu dira aldaketekin, eta zertxobait ireki da partida ordutik aurrera,  62. minutuan Roberto atezainak salbatu zuen Alaves. Enes Unal zelairatu berria zen, eta buruz ondo errematatu du Waldok egindako erdiraketa, baina arabarren atezainak ondo atera du eskua.
Hortik aurrera Alavesek ondo eutsi zion Valladolidi, zelaian hobeto jarrita. Baina gero iritsi da Joaquinen gola, eta kolpea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.