Punturik pilatu gabe heldu dira bi bikoteak Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldira. Arrazoi bat edo beste tartean, hogeita bira ezin iritsi ibili dira lau pilotariak. Hori dela eta, asko dago jokoan gaur Gipuzkoako Getariako Sahatsaga pilotalekuan (22:15, ETB1). Euren egoera iraultzeko premiazko partida dute Olaizola I.a-Belokik eta Gonzalez-Laskurainek. Bi bikoteak lehen puntua bereganatzeko asmoz aterako dira, eta lehia gogorra espero da.
Bikoteetako batek bolada aldatuko du, pentsamendu ilunak uxatu eta gora begira jartzeko. Beste bikotea minduta eta sailkapenean hondoratuta geldituko da irabazi ezean. Aurtengo ligaxka inoiz baino luzeagoa izan arren, garrantzitsua dute bikote guztiek puntu metaketarekin ahalik eta azkarren hastea.
Aurreko jardunaldiei so eginez gero, bi bikoteen artean desberdintasunak antzeman daitezke. Biek bi partidak galdu dituzte, baina eman duten itxura desberdina izan da. Gonzalez eta Laskurain txukun ibili dira orain arte, eta bi partidetan eskura izan dute garaipena. Hala ere, gaurko partidarako pilota aukeraketan kritiko agertu zen aurrelaria: «Ez dugu asmatu partidak amaitzen. Aurreko bi partidetan hamazazpigarren tantora dominatzen iritsi gara, eta azken unean ihes egin digu. Halere, puntuak batzen hasteko, okerrak zuzendu behar ditugu».
Estreinakoan azken unera arte eutsi zieten Olaizola II.ari eta Beginori. Xala eta Barriolaren aurka ere azken txanpan eman zuten amore; partida oso sendoa jokatu ostean. Txapela janzteko hautagai nagusienen kontra aritu dira,eta azkaindarrak hori bera nabarmendu zuen pilota aukeraketan: «Aurrean izan ditugun bi bikoteak oso gogorrak izan dira».
Olaizola I.ak eta Belokik, berriz, ez dute halako sendotasunik erakutsi jokaturiko bi partidetan. Ahul ibili ziren Xala eta Barriolaren kontra, eta argi galdu zuten (6-22). Bikoteak hobera egin zuen hurrengo jardunaldian, baina partida erditik aurrera Berasaluze VIII.a eta Apraiz nagusitu ziren, eta azkenean merezita irabazi zieten (15-22).
Irujok gaur erabakiko du
Etzi Eibarko Astelenan jokatuko den partidari begira, Juan Martinez de Irujok oraindik ez du erabaki jokatuko duen edo ez. Iberoarra eskuetatik justu samar dabil, eta uko egin zion aurreko jardunaldian jokatzeari. Astebete igaro ondoren, eskuak ondo izan ezean itxarotea nahiago duela azaldu du berriki. Gaur hartuko du erabakia.
Partidarako iristen ez bada, ziurrenik Aritz Lasak hartuko du berriro haren lekua. Urretxuarra fin ibili zen joan den astean. Partida gogor eta estua jokatu zuen Merino II.arekin batera, eta txapelketako lehenengo puntua bereganatu zuten.
Bestalde, Patxi Ruizek bi urterako berritu du Asegarcerekin duen kontratua, eta 2014. urtera arte luzatu du.
Egoera iraultzeko gogoz
Olaizola I.a-Beloki eta Gonzalez-Laskurain ligaxkako lehendabiziko puntuaren bila ariko dira gaur, Getarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu