Euskal selekzioa

Egokitu egin behar izan dute nazioarteko torneoa

Bihar hastekoa zen Basque Country Women's Cup lauko torneoa. Baina Nigeriak ezin izan du bidaiatu, eta azkenean hiruko torneo moduan jokatuko da, igandean, Zubietan. Euskal selekzioak, Argentinak eta Venezuelak neurtuko dituzte indarrak. Hemezortzi jokalariz osatutako deialdia eman dute Iñigo Juaristi eta Aintzane Encinas hautatzaileek.

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 7a
14:55
Entzun

Azkenean Euskadiko Futbol Federazioak aldatu egin behar izan du bihartik aurrera emakumezkoen selekzioa jokatzekoa zen Basque Country Women's Cup lauko txapelketaren eredua. Berez bihartik aurrera hastekoa zen, baina, parte hartzaileetako batek, Nigeriak, ezin izan du bidaiatu arazo burokratikoengatik, eta azkenean igandean jokatuko da, baina hiruko torneo bat bezala. 11:00etan hasiko da, Zubietan, eta euskal selekzioak, Venezuelak eta Argentinak neurtuko dituzte indarrak.

Javier Landeta federazioko presidentea «penatuta» azaldu da, ezin izan dutelak hasierako asmoa bete. «Azken ordura arte saiatu gara, baina ezin izan da. Nigeriak arazo burokratiko batzuk izan ditu, eta ezin izan du bidaiatu. Bagenekien arazo batzuk zeudela, baina iritsiko zirela uste genuen. Oso eskertuta gaude, ahalegin handia egin dutelako. Ziur gaude etorkizunean izango dela aukera elkarren aurka jokatzeko».

Hala, hiruko torneoan 45 minutuko hiru partida jokatuko dira. Lehenengoan Argentinak eta Venezuelak neurtuko dituzte indarrak; ondoren, euskal selekzioak Venezuelaren kontra jokatuko du, eta, amaitzeko, euskal selekzioak Argentinaren kontra. Partidak ETBk eskainiko ditu. Asmoa zera da, torneoa «Europaren hegoaldean jokatuko den selekzioen arteko txapelketa garrantzitsuenetako bat» izatea.

Euskal selekzioak 2017ko azaroaren 25ean jokatu zuen azkeneko partida. Eibarren izan zen, Txekiar Errepublikaren aurka, eta 2-1 irabazi zuen. Lehenagotik beste bederatzi norgehiagoka dauzka jokatuta. Aurrenekoa 2006an izan zen, Argentinaren aurka, Irunen (2-4). Euskal Herritik kanpo lau bider jokatu du: Argentinan, Katalunian, Estonian eta Irlandan. Hamar partida horietatik sei irabazi ditu.

Deialdia, prest

Iñigo Juaristi eta Aintzane Encinas hautatzaileek jakinarazi dute hiruko torneoa jokatuko duten jokalarien zerrenda. Guztira, hemezortzi jokalariz osatuta dago: 11, Athleticekoak; hiru, Realekoak; bi, Eibarrekoak, eta bana, Deportivokoak eta Real Madrilekoak. Hau da zerrenda:

Athletic: Eunate Arraiza, Ane Azkona, Yulema Corres, Andrea de la Nava, Maria Diaz, Sophie istillart, Amaia Peña, Marta Perea, Naroa Uriarte, Oihane Valdezate eta Ainhoa Vicente Moraza.

Rela: Ane Etxezarreta, Leire Baños eta Itxaso Uriarte.

Eibar: Nerea Abancens 'Napo' eta Sheila Elorza.

Deportivo: Ainize Barea 'Peke'.

Real Madril: Maite Oroz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.