Futbola

Alaves: Egonkor eta emankor

Arabako taldeak inoiz baino puntu gehiago lortu ditu lehen lau partidak jokatuta: hamar. Bikain ari da bai defentsan eta bai erasoan. Jarraipena eman dio joan den sasoi amaierako joera onari. Gaur, Racingi egingo dio bisita.

Alaveseko jokalariak, Lucas Boyek Osasunari sartutako hiru goletako bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Alaveseko jokalariak, Lucas Boyek Osasunari sartutako hiru goletako bat ospatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldiak ametsetako hasiera izan du Alavesentzat. Salbazioa lortzeko langa 40 puntuan ezarri ohi da, eta arabarrek kopuru horren laurdena patrikan dute jada. Lau lehia aski izan dituzte horretarako. Getaferi 3-0 gailendu zitzaizkion estreinako partidan, eta hurrengo emaitzak ere pozgarriak izan dira Gasteizko taldearentzat. Ontzat jo daiteke Rayoren zelaian lortu zuen puntua, eta zer esanik ez Vila-realen aurkako garaipena. Hori nahikoa ez, eta distira handiz nagusitu zitzaion Osasunari denboraldiko lehen derbian. Egonkortasuna da gakoa; alegia, iragan sasoiko proiektuari jarraipena eman izana, Quique Sanchez Flores buru dela. Gaur bolada eder horri eutsi nahi diote arabarrek, Racingen zelaian (14:00, DAZN).

Ardatz berbera: aldaketa gutxi, puntu asko

Uda itxuraldaketa garaia izan ohi da Alavesentzat, urtero jokalari garrantzitsuak irten izan baitira taldetik. Aurtengo merkatuan, ordea, ikurrei eustearen alde egin du Arabako taldeak. Hainbat jokalarik goi mailan amaitu zuten iragan sasoia, eta talde askoren arreta erakarri. Bada, Sergio Fernandez kirol zuzendariak denak uxatu ditu, etete klausulak eskatuta. Ondorioz, Gasteizen geratu dira Sivera, Tenaglia, Blanco, Angel Perez eta Lucas Boye, besteak beste. Haien ekarpena funtsezkoa izan zen Alavesek mailari euts ziezaion, eta taldea sailkapenaren goiko aldean jarri dute orain —bigarren postuan, zehazki—. Aurreneko partidetan titular gisa jokatu duten beste jokalariak ere lehendik zeuden Alavesen. Salbuespena Mikel Rodriguez izan zitekeen, baina lesio larria du.

Aulkian goxo: estilo moldakorra

Aulkian ere ez da aldaketarik izan. Quique Sanchez Floresek ekaitzaren erdian hartu zuen taldea joan zen denboraldian, eta, pixkanaka, ur lasaietara eraman. Behin helburua beteta, eta 2028ra arteko kontratua zeukanez, Gasteizen geratu zen. Udan lasai lan egiteko aukera izan du, eta jokalariek guztiz barneratu dute haren filosofia. Hori horrela, loratu egin dira iragan sasoian agerturiko kimuak, eta, emaitzekin ez ezik, taldearen jokoarekin ere gozatzen ari dira zaleak. Baloia ondo darabil Alavesek, eta zitala da eraso azkarrak egiteko aukera duenean. Sanchez Floresen 5-3-2 sistemak oreka ekarri dio taldeari. Eskema hori ez da zurruna, aurkariaren jokabidearen arabera 4-4-2 itxura hartu baitu, jokalari askok postu batean baino gehiagotan jokatu dezaketela baliatuz.

Zorrotz ate aurrean: aurrelarien inspirazioa

Sistema bata edo bestea izan, bada aldatzen ez den zerbait: Alavesek bi aurrelarirekin jokatzen du beti. Toni Martinezek eta Lucas Boyek bikote zorrotza osatu zuten iragan sasoiaren amaieran, eta, orain Toni min hartuta dagoen arren, Alavesen jarduna ez da kamustu. Batetik, Boye indar betean ari da oraindik ere: lau gol sartu ditu lehen lau partidetan. Eta bestetik, Mariano Diaz piztu egin da. Alavesen egin zuen lehen sasoia ahazteko modukoa izan zen, talde barruko arazo eta guzti, eta ez zirudien Gasteizen jarraituko zuenik. Alabaina, hasiera txundigarria eman dio denboraldiari: hiru gol sartu ditu, eta goleko hiru pase eman. Aurrelarien aliaturik onena, berriz, Angel Perez da. Geldiezina da eskuin hegalean, eta oso erdiraketa zehatzak egiten ditu.

Egitura sendoa: itoginak konpondu ditu

Zaila izaten da zelaiaren bi muturretan eraginkorra izatea. Alavesek golak sartzeko erraztasuna izan du Sanchez Floresek zuzendutako lehen partidatik, baina, hasiera hartan, asko kosta zitzaion aurkariak geldiaraztea. Lehen partida irabazteko, lau gol sartu behar izan zituen, Celta 3-0 aurreratu eta gero. Salbazioa Bartzelona eta Oviedo menderatuta lortu zuten arabarrek, eta orduan bai, orduan gai izan ziren atea hutsean uzteko. Bada, sasoi honen hasieran, Getafek eta Vila-realek ere ezin izan diote golik sartu Siverari. Budimirrek bi sartu zizkion azken neurketan; salbuespentzat jo daiteke. Izan ere, agerikoa da Alavesek zer-nolako bilakaera izan duen defentsan. Koski, Tenaglia eta Jonny oso sendo dabiltza erdiko atzelari gisa, eta Rebbachek eta Angel Perezek neurria hartu diote hegaleko postuari. Erdilariek eta aurrelariek ere irmotasuna ematen diote taldeari.

Kontuz euforiarekin: etxean dago giltza

Aurreko bi sasoietan ere indartsu hasi zen Alaves, baina behera egin zuen gero, salbazioa doi-doi lortzeraino, entrenatzailea aldatuta. Hots, hobe du oinak lurrean izan. Edonola ere, aldi horietan baino multzo egonkorragoa du orain Alavesek. Taldeak jada garbi du teknikariak zer nahi duen, eta Sanchez Floresek ere ondo daki jokalariek zer ezaugarri dituzten. Halaber, iraganean bezalako estutasunik ez izateko, funtsezkoa izango da Mendizorrotza berriz ere gotorleku bilakatzea. Arabarrak bide onean dira alde horretatik, etxeko lehen hiru partidak irabazi baitituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA