Egonkortasuna du xede

Alavesek gaur ekin dio denboraldiaurreari, Ibaian. Kike Garcia ez da taldean izango, Espanyolek fitxatu baitu; bai, ordea, Pablo Ibañez eta Jonny Otto, Arabako taldeak orain arte fitxatu dituen bi jokalariak.

Alaveseko jokalariak, Ibaian egindako lehen entrenamenduan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Alaveseko jokalariak, Ibaian egindako lehen entrenamenduan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko uztailaren 5a
21:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Amaitu zaizkie oporrak Alaveseko kideei. Arabako taldeak gaur goizean ekin dio denboraldiaurreari, Ibaian, eta, joan den sasoian ez bezala, amildegi ertzetik ahalik eta urrunen ibiltzeko asmoa izango du. Hainbat jokalari joan dira azken urteetan Arabako taldetik, eta horrek buruhauste ugari eragin dizkio Sergio Fernandez buru duen kirol zuzendaritzari. Sasoi honetan, ordea, badirudi bertan jarraituko dutela taldearen helduleku izan diren zenbait jokalarik, Jon Guridik, Toni Martinezek eta Antonio Blancok.

Klubak erabaki du joan den denboraldiaren erdialdean egindako apustuari eustea, eta Eduardo Coudet Chacho argentinarra izango da proiektua zuzenduko duen entrenatzailea. Kike Garcia aurrelariak ez du taldean jarraituko, Espanyolera joan baita. Jokalariak golak eta esperientzia eman dizkio Alavesi azken denboraldietan, eta litekeena da postu horretarako jokalari bat bilatzea. Abqar, Sedlar eta Pica erdiko atzelariak ere ez dira izango Mendizorrotzako zelaian datorren denboraldian. Pica utzita joan da Mirandesera, eta, ondorioz, oraintxe arabarrek sei atzelari dituzte lehen taldean. Manu Sanchez, Carlos Martin, Joan Jordan, Carles Aleña eta Pau Cabanes, aurreko denboraldian utzita arituak, euren jatorrizko taldeetara itzuli dira.

Oraingoz, Pablo Ibañez erdilaria eta Jonny Otto ezker hegaleko atzelaria fitxatu ditu Alavesek. Ibañezek euskal talde batean jokatzen jarraituko du, Osasunan aritu baita orain arte. 2030 arte fitxatu du Arabako taldearekin; Otto, Wolverhamptonetik iritsi da, eta 2027 arte sinatu du. Bestalde, Panichelli, Maras, Rebbach, Ropero eta Parada, utzita arituak, Ibaiara itzuli dira, Coudeten taldean leku bat egiteko asmoz.

Alavesek Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian jokatuko ditu denboraldiaurreko norgehiagokak. Momentuz lau dauzka baieztatuta. Lehen partida Guardiako XXIII. Garaikurraren (Araba) norgehiagoka izango da: derbia jokatuko du, Athleticen aurka arituko baita uztailaren 22an, 19:00etan. Ondoren, egonaldia egingo du Girona aldean (Katalunia), eta han bi neurketa jokatuko ditu: batetik, Castellonen aurka ariko da Oloteko Udal Estadioan, uztailaren 26an, 11:00etan; eta, Kataluniako egonaldiari amaiera emateko, Gironaren aurka jokatuko du, hango Torremirona Hoteleko instalazioetan, 18:15ean. Denboraldiaurrea Eibarko (Gipuzkoa) Ipurua futbol zelaian bukatuko du, eta etxekoen aurka neurtuko ditu indarrak abuztuaren 9an, 19:00etan. Beste derbi bat liga hasi baino astebete lehenago. Ligari Levanteren aurka ekingo dio, Mendizorrotzan, abuztuaren 16-17ko asteburuan.

Gorabehera handikoa

Ondo hasi bazen ere, gorabehera handikoa izan zen joan den denboraldia Gasteizko taldearentzat. Giroa, hala ere, abendu aldera gaiztotu zen, 27 puntutik lau baino ez eskuratuta zuzendaritzak Luis Garcia Plaza entrenatzailea kargugabetzea erabaki zuenean. Garcia Plazak 108 norgehiagoka zuzendu zituen Alavesen aulkian, eta, hainbat balentria lortu bazituen ere, garrantzitsuena Lehen Mailarako igoera epikoa izan zen. Hunkituta esan zion agur Gasteizi, eta jende askoren ustea plazaratu zuen, erabakia «bidegabea» zela esanez. 

Garcia Plazaren ostean, Coudeten aroa hasi zen. Eztabaida handia egon zen Coudeten inguruan; izan ere, askoren ustez hura ez zen aulkiari jarraipena emateko egokiena. Egia da aurretik liga ezagutzen zuen entrenatzaile bat zela, Celtan aritu baitzen bi urtez, Galiziako taldeari 84 partida zuzenduz. Baina Alavesera iritsi aurretik, beste bi esperientzia izan zituen Brasil aldean; eta Atletico Mineiro eta Internacional taldeetan ez zuen arrakasta handirik izan. Hala ere, denboraldiaren azken zatian kategoria mantentzea lortu zuen, jokoa eta sartutako gol kopurua hobetuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.