'CITIUS, ALTIUS, FORTIUS'

Egurrezko bihotzik ez

enekoitz telleria sarriegi
2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Tramontana izena zuen aitona Jose Martinen itsasontziak. Pasaiatik Ternuara, Irlandara eta Norvegiara eraman izan zuenak, bakailaotara. Beasainmendikoa zen aitona, goierritarra, Loitzene baserrikoa. Garai hartan behar zuten itsasoan eskulana eta behar zuten izaera gogorreko jendea, eskuetatik lana aterako zuena, eta, inon halakorik bazen, Beasainmendi malkar hartan zen. Ez baitzen han aldapa, murkoa eta belar txarra besterik, eta ez eskuetatik lanik atera gabe haiek otzantzeko modua egingo zuenik inor. Horietako bat zen aitona.

Eta maite nuen aitona, eta maite nituen haren istorioak, eskatuz gero mahaiaren bueltan kontatzen zituenak. Hari entzun nizkion ingelesez aurreneko hitzak, eta hari aurrenekoz portugesezkoak ere. Haiekin akordatu naiz Pau de Açucar ikusi dudanean (azukrezko ogia). Aitonarenak, ordea, Madeira eta curaçau ziren. Kontatzen zuen nola desbideratu zituen behin ekaitzak euren ohiko ibilbidetik eta nola bukatu zuten Madeira izeneko irlan. Paradisua zela hura, haiek zirela hondartzak, haiek paisaiak, haiek... Edaten zutela han curaçau izeneko pattar bat, berak aitortu nahi izan zuena baino gehiago. Eta akordatzen naiz nola egiten zioten diz-diz begiek, baita artasoro hartan zurtoin batekin galdutakoak ere. Eta nola ikusten nuen nik beste modu batera aitona. Nola egiten zen goxoago, nola irekiago, nola bigunago. Ez aldapa, murko eta belar txarrak otzantzen gogortutako aitona. Aitona abenturazalea, aitona pirata, baizik. Eta akordatu naiz harekin eta jakin dut madeira hitzak egurra esan nahi duela, eta curaçau pattarrak, bihotza. Eta esan nahi nion aitonari nik beti jakin dudala izaera gogor haren atzean ez zegoela egurrezko bihotzik. Akordatu naizela horrekin gaur Pao de Açucar ikusi dudanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA