Kontxako bandera

Kontxa, eguzki printzen artean

Gaur jokatuko da Kontxako Banderako lehen jardunaldia, eta bezperan talde batzuk Donostiako uretan aritu dira azken arraunkadak ematen. Emakumezkoetan, Arraun Lagunak da faborito, eta gizonezkoetan, Orio. 26 urteren ostean, 'Lekittarra' barruan da.

Arraun Lagunak taldeko arraunlariak uretara irten aurretik beroketa ariketak egiten. GORKA RUBIO / FOKU
Arraun Lagunak taldeko arraunlariak uretara irten aurretik beroketa ariketak egiten. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur jokatuko da Kontxako Banderako lehen estropada. Lehia horretan bada zaleak eta arraunlariak biltzen dituen puntu estrategiko bat, itsasoaz gain: Kaiko arrapala. Lanari ekin aurretik, han biltzen dira arraunlariak, eta inguru hartan daude aldagelak. Horrez gain, traineruak garraiatzeko furgonetak handik gertu aparkatu ohi dituzte, eta saltsa berezia egoten da talde guztiak bertaratzen direnean. 

10:00ak dira, termometroak 26 gradu markatzen ditu, eta eguzkiak gogor jotzen du Donostiako kairako bidean. Lehen jardunaldiaren bezperan talde gehienek azken entrenamendua egin nahi izan badute ere estropada eremuan, guztiak ez dira izan Donostiako badian. Joan direnak, baina, goizean goizetik izan dira Donostian, eta hasieratik kaiko arrapalan egon ez badira ere, pixkanaka-pixkanaka Pasealeku Berriko eskaileretatik jaitsi dira, txandaka, trainerua hartu eta entrenatzeko. Emakumezkoetan, soilik Arraun Lagunak-ek eta Hibaikak entrenatu dute bertan, eta gizonezkoetan, berriz, Oriok, Urdaibaik, Isuntzak, San Juanek, Getariak eta Donostiarrak.

Arraun Lagunak taldeko trainerua izan da itsasoratzen lehena; asteazkenean lehian aritu beharrik gabe jardungo dute Kontxako Banderan. Izan ere, araudian aldaketa bat izan da aurten, orain arte Donostiarra baitzen zuzenean sailkatzen zen talde bakarra, baina, aurten, bien artean ligako posturik onena eskuratu duena sailkatu da zuzenean Kontxako Banderarako: Arraun Lagunak, alegia, liga irabazi baitu —Donostiarra zazpigarren izan da—.

Asteazkena ez zen egun batere erraza izan Donostiarrarentzat, lehen aldiz jokatu behar izan baitu sailkatze estropada, eta sartu izan ez balira, historiako lehenengo aldia zatekeen traineru hori Kontxako Bandera irabazteko lehiatzen ez zena. Hala ere, lan bikaina egin zuten, guztira hamaika minutu eta 53 segundo behar izan baitzituzten ibilbidea osatzeko, eta Oriorengandik, lehen sailkatuarengandik, hamaika segundora geratu ziren, sailkapenean hirugarren. 

Hibaika, berriz, lehenago irten da uretara, eta Maddi Insausti arraunlariak hizpide hartu du taldeak zer aurreikuspen dituen estropadarako: «Badakigu gauzak estu egongo direla, ligan bezala, eta zaila izango dela. Gure helburua, hala ere, ez da soilik sailkatzea izan: lehiakorrak ere izan nahi dugu, eta gauzak ahalik eta ondoen egin». Azken urteetan ez bezala, aurten zalantzak zeuden Hibaika barruan izango ote zen ala ez, eta Insaustik bereziki nabarmendu du taldearentzat zer den hamahirugarren aldiz sailkatu izana: «Estualdi handiak egon ohi dira sailkatze estropadan: beti izaten dira zalantzak, eta egun gogorra izan ohi da. Behin sartzean, hala ere, asko gozatzen dugu, eta, guretzat, hamahirugarrenez Kontxako Bandera jokatzeak esan nahi du goi mailan gaudela. Geuretzat ez ezik, herriarentzat ere berezia da».

Aurkia eta ifrentzua

Polemikarako tartea ere izan zen, Zarauzko patroiak estatxa epaileek irteteko agindua eman baino lehen askatu baitzuen, eta ondorioz, erlojupeko araudiari jarraikiz, hamar segundoko zigorra ezarri zieten zarauztarrei. Aurretik euforia zen nagusi Zarauzko taldekideen eta zaleen artean, baina ez zien askorik iraun. Aurkia, berriz, Zumaiako traineruaren aldera erori zen; Maddi Aranburu arraunlaria hizketan ari zela jakin zuen taldeak epaiaren berri. Amane Jimenez patroiak esan du asteazkenean ohiko mailatik «behera» aritu zirela, eta datozen bi igandeetan «ondo» aritu nahi dutela. 

Emakumezkoen estropadan arituko da Euskal Herrikoa ez den traineru bakarra: Astillero. Ligan bosgarren izan dira kantabriarrak, baina haiekin ere zalantza zegoen, sartuko ote ziren hala ez. Estropadan agerian geratu zen, zalantza horiek ez zirela funsgabeak, seigarren postuan geratu baitziren, zortzigarrenetik bost segundora. Hala ere, ligako helburuak beteta, Kontxan ahalik eta ondoen lehiatzen saiatuko dira.

Gizonezkoei dagokienez, Getaria izan da trainerua uretan sartzen lehena. Historia egiten ari dira getariarrak, laugarrenez jarraian arituko baitira aurten Kontxan. Jon Larrañaga entrenatzaileak kontatu du taldeak ostegunean bizi izandakoa: «Helburua bete dugu, eta gustura gaude horrekin. Ilusio handia dugu, eta ahalik eta estropadarik onena egin nahiko genuke». Getariaren helburua «garbi» dagoela aipatu du Larrañagak: «Estropada jokatu nahi dugu, eta barruan dugun guztia atera. Hortik aurrera, gertatzen den hori onartu beharko da». 

Isuntza, Kontxan 26 urteren ondoren

Lekeition jaietan murgilduta daude, eta osteguneko sailkatze estropadaren emaitza beste aitzakia bat izan zen ospatzeko, noiz-eta Antzara Egunaren bezperan Isuntza Kontxako zortzi onenen artean sailkatu baitzen 26 urteren ostean. Osertz Aldai entrenatzaile eta arraunlaria horren inguruan aritu da: «Lorpen handia izan da. Beste batzuetan ere sailkatzeko aukera izan dugu, baina ez dugu asmatu. Sailkatze estropada oso exijentea da, eta edozein hanka sartze garesti ordaintzen da. Denboraldia hasi aurretik kezka genuen, askok uste baitzuten azken postuan geratuko ginela. Hau oso polita da guretzat eta herriarentzat».

Osteguneko denborarik onena Urdaibaik egin zuen, baina Orio izango da biharko faborito nagusia. Denboraldi hasierako aurreikuspenak bete ditu Iker Zabalaren taldeak, eta, liga irabazi ostean, Kontxako Bandera izango dute begiz joa, denboraldia biribiltzeko asmoz. Irabaziz gero, Gorka Aranberri izango da Kontxan bandera gehien astindu duen patroia, Aita Manuel gaindituta. Horrenbestez, Aranberrirentzat ez litzateke nolanahiko garaipena izango. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.