Espainiako Kopa

Ehunka zalek agurtu dute Realaren autobusa

Kantuan eta bufandak astinduz, realzaleek mezu argia eman diete jokalariei: «Jo eta ke, irabazi arte». Partida zaila izango dela uste dute, baina baikor daude.

Realzaleak autobusa agurtzen, Zubietan. JON URBE / FOKU
Realzaleak autobusa agurtzen, Zubietan. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Zubieta
2026ko apirilaren 17a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bufanda eta elastiko txuri-urdinez bete dira Zubietako bazterrak, eta zaleek agur beroa eman diote Realaren autobusari. Ehunka zale elkartu dira, eta mezu argia helarazi dute: «Jo ta ke, irabazi arte». Titulu gosez dira guztiak, eta sumatu da hori giroan: ilusioa eta gogoa. Asko eta asko Sevillara joanak ziren ordurako, baina ehunka zale bildu dira hala ere Zubietan, eguraldia ere lagun. Txaloak, oihuak... hasi da finala. «Lo, lololo, lorololololololo, goazen Reala, goazen txapeldun». 

Donostiatik joan dira Maritxu eta Nekane autobusa agurtzera, «ilusioz». Zale amorratua da Nekane, baina ez zitzaion sarrera tokatu, eta bidaia garestiegia zela azpimarratu du. Beraz, hirian ikusiko dute biek finala, Alderdi Ederren jarritako pantaila handietan. Partida zaila espero dute, baina baikor daude: «Irabaziko dugula uste dut. Gainera, Atletico Madrilek baino atseden gehiago hartu dugu, Txapeldunen Ligako partida jokatu dutelako. Esperantzaz gaude». 

Baikor dago Patxi Agirrezabala ere. Hernanitik joan da Zubietara, eta gauean hartuko du autobusa Sevillarantz: «Gauza gutxi gertatuko den partida bat izango dela uste dut, baina irabaziko dugu: 0-2». Finala gerturatu ahala, urduritzen hasia da, inguruan dituen zaleak bezala. 

Batzuk lagunekin joan dira autobusa agurtzera, bakarrik beste batzuk, eta familiakoekin ere ugari. Gurasoekin joan dira Manex eta Mikel Elkoro, eta pozik, gogotsu eta itxaropentsu daude biak. Zarautzen ikusiko dute partida, han ere pantaila handia jarriko baitute, Gipuzkoako beste zenbait udalerritan bezala. «Zaila izango da, baina irabazi egingo dugu». Emaitza esatera ere atrebitu dira: 2-3 Mikelen ustetan, eta 1-2 Manexen iritziz.

Ospatu, elkarrekin

Batzuek lehen aldiz biziko dute halako egun bat, Realak 2021ean Kopa irabazi zuenean zalerik gabe jokatu baitzuen finala. Orain, giroaz gozatu nahi dute, eta den-denek nabarmendu dute hori. Guztiek dute plana egina, eta titulua elkarrekin ospatzeko gogoz daude.

Haurra eskuetan duela egin ditu adierazpenak Itziar Iturriozek. Ez da bereziki futbolzalea, baina haren etxekoek ilusioz bizi dute finala, eta hura ere animatu da azkenean autobusa agurtzera. Txurdinekin entretenituta dago haurra, baina galdetuta nork irabaziko duen, ez du zalantzarik egin: Realak. Golak nola ospatu ere badaki dagoeneko. 

Ilusioz dago Tenoch Rios donostiarra ere. Gauean joango da Sevillara, eta Cartuja estadioan ikusiko du finala: «2021ean ezin izan genuen joan, eta gogotsu gaude. Pozez animatuko dugu taldea. Ez dugu non lo egin; espero dugu Realak irabaztea eta gau ona izatea».

Zaleek kantuan itxaron diete jokalariei, pozarren, eta autobusa azaldu denean lehertu da festa. Errepidera atera dira zaleak, bufandak astinduz. Bengalak piztu, eta indarrez jo dute autobusa: «Goazen Reala, goazen txapeldun». Aitor Zabaleta ere izan dute gogoan, nola ez.

Errepidean behera segitu diote autobusari: korrika batzuk, oinez besteak. Eta halaxe agurtu dute, Kopan lagun izan duten abestia kantatuz: «Por la mañana café, por la tarde ron; llévame a Sevilla, Orri Oskarsson» (Goizez kafea, arratsaldez rona; eraman nazazu Sevillara, Orri Oskarsson).

Aireportuan ere hainbat lagun izan dituzte zain txuri-urdinek. Helmuga: Sevilla. Eta helburua, finala irabaztea. Harrera ere Kopako titulua eskuetan egitea nahi lukete.

Reala
Carlos Soler Realeko jokalaria haur bati kamiseta sinatzen, aireportuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA