Eibar

Eibarrek 0-1 irabazi du Espanyolen zelaian

Talde armaginak azken partidetako bolada antzua eten du. Hiru puntuak eskuratzea lortu du, Lombanek lehen zatian egindako golari esker. Espanyolek hobe jokatu du bigarren zatian, eta partida berdintzeko aukerak izan ditu, baina Dmitrovic atezainak aldeari eutsi dio.

David Lomban Eibarreko atzelari golegilea Espanyoleko Leo Baptistaorekin baloiarengatik borrokan, gaur, RCDE Stadiumen. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2018ko apirilaren 18a
07:08
Entzun

Eibar nagusi izan da lehen zatian. Ongi lotu du Espanyol, eta talde kataluniarra ez da gai izan Dmitrovicen ate inguruan arriskua sortzeko. Armaginen nagusitasunak uzta eman du 33. minutuan. Pedro Leonen erdiraketa bat sareetara bidali du Lombanek, buruz. Atzelariaren lehen gola izan da Eibarrekin.

Bigarren zatian, suspertuago zelairatu da Espanyol, eta Eibarren zelaian gehiago jokatzen saiatu da. Gol aukerak izan dituzte, Gerard Morenoren eta Sergio Garciaren eskutik. Espanyolek gertu izan du banakoa. Eibarrek eutsi egin dio, ordea, kataluniarren gorakadari. Dmitrovicek behin baino gehiagotan eragotzi du berdinketa.

Armaginek ere izan dute gol aukerarik. Alejok jaurtiketa gurutzatua eta indartsua egin du arearen ertzetik, 63. minutuan, baina kanpora joan zaio. Kike Garciak gertu izan du armaginen bigarrena, 81. minutuan, baina ez du asmatu Alejoren erdiraketa atera errematatzen.

Azkenean, 0-1 amaitu da norgehiagoka eta Eibarrek hiru puntuak eraman ditu etxera. Era horretan, azken jardunaldietako bolada txarra etetea lortu du Mendilibarren taldeak. Sei partida zeramatzan irabazi gabe.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.