Futbola

Eibarrek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur, Ipuruan

Bi taldeek irabazteko beharra dute, bolada txarrean baitaude: gipuzkoarrek azken bost partidak galdu dituzte; bizkaitarrek, berriz, azken bost partidetatik lau.

Athleticek eta Eibarrek lehen itzulian Lezaman jokatutako derbia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Athleticek eta Eibarrek lehen itzulian Lezaman jokatutako derbia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 22a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren astez jarraian, derbia jokatuko dute Espainiako Lehen Mailan. Duela astebete, Realak 0-2 irabazi zion Athletici Lezaman. Gaur, berriz, Eibar eta Athletic ariko dira elkarren aurka, Ipuruan (12:00, ETB1).

Beharraren derbia izango da, bi taldeek baitute irabazteko beharra. Eibar bolada oso txarrean dago, galdu egin baititu azken bost partidak. Ezinean aritu da neurketa horietan, bi gol baino ez baititu sartu, eta hamabost jaso. Eibartarren zorionerako, abantaila handia du jaitsiera postuekiko: zortzi puntukoa. Hala ere, suspertu beharra dute, denboraldia sufrikario bilakatzea nahi ez badu.

Athletic ere eskas ari da azkenaldian: Liga eta Kopa kontuan hartuta, galdu egin ditu azken bost partidetatik lau. Galdu dituen lau neurketa horietan aurkariek aise sartu dizkiote golak: hamalau, ia lau partidako. Tartean, 2-1 irabazi zion Espanyoli Lezaman, baina egun horretan ere gogotik sufritu zuen. Iragana da sasoi betean zebilen garaia.

Bi taldeen egoera kontuan hartuta, irabazleak arnasa hartuko du; galtzaileak, ordea, arnasestuka jarraituko du. Lehen itzulian, Athleticek 2-0 irabazi zion Eibarri Lezaman, hamargarren jardunaldian. Ane Camposek eta Ane Azkonak sartu zituzten golak. Egun horretan irabazi zuen lehen aldiz talde zuri-gorriak.

Reala, Espanyolen aurka

Realak, berriz, Espanyol hartuko du Zubietan (16:00, DAZN). Txuri-urdinak suspertu egin dira Kopatik at geratu eta gero, eta azken bi partidak irabazi dituzte. Hirugarrenez jarraian irabazi nahi dute, eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko beste urrats bat egin. Lehen hiru taldeak sailkatuko dira, eta, gaur egun, hirugarren da Reala, laugarrenak baino zortzi puntu gehiagorekin. Aukera ona du gaur irabazteko, Espanyol hainbestean ari baita: 11. postuan dago. Lehen itzulian, 2-3 nagusitu zen Reala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.