Eibarrek eta Realak puntu bana bildu dute Ipuruan jokatu duten derbian. Eibarrek Europako postuetara gerturatzeko hiru puntuak nahi zituen, eta Realak Imanol Alguacil entrenatzaile berriarekin lehen garaipena eskuratzea zuen helburu, baina, ez batak eta ez besteak, ez dute golik egitea lortu eta 0-0 emaitzarekin amaitu da neurketa.
Eibarrek Realak baino hobeto hasi du partida. Talde armaginarenak izan dira lehen zatiko aukera garbienak, eta ez dio utzi Realari baloia nahi bezala jokatzen. Presio handia egin diote etxekoek talde txuri-urdinari.
Jose Angelek, Jordanek eta Pedro Leonek Eibarren lehen gola egiteko aukera izan dute. Azken hori izan da lehen zatiko jokalaririk arriskutsuena, eta buruhausteak sortu dizkio Realari baloia eskuin hegalean hartu eta areara gerturatu den bakoitzean.
Lehia parekatuagoa izan da bigarren zatiaren lehen minutuetan. Realak hobeki egin dio aurre Eibarren presio altuari, eta Juanmik bi gol aukera izan ditu lehen minutuetan. Odriozolaren erdiraketa errematatzeko zorian izan da lehenik, eta area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan zaio ondoren.
Reala nagusitzen joan da pixkanaka eta partidako gol aukerarik garbiena izan du 60. minutuan. Odriozolak eskuin hegaletik egin duen erdiraketa penalti puntuan errematatu du William Josek, baina atearen gainetik joan zaio jartiketa.
Eibarrek ere izan du markagailuan aurreratzeko aukerarik bigarren zatian. 75. minutuan, oso gutxigatik ez da iritsi Jordan Inuiren erdiraketara. Hamar minutu beranduago, Kike Garciak Realaren jaurtiketa egin du area kanpotik, baina zutoinaren kanpoaldetik bidali du baloia.
Januzajek izan du partidako azken aukera, 90. minutuan. Area barruan ezkerrarekin jo du baloia, baina desbideratuta joan zaio jaurtiketa.
Puntu bana lortuta, 40 punturekin da Eibar, eta 34rekin Reala.