Pozarren agurtu du denboraldia Eibarrek, eta poltsikoa beteta: hiru puntu eskuratu ditu ligako azken partidan, Sevillari 1-3 irabazita, eta, hala, sasoia borobildu. Mailari eustea zuen denboraldi honetako helburu nagusia, eta aise lortu du; lau jardunaldi falta zirela, ziurtatua zuen jada. Are, zortzigarren postuan amaitu du sasoia, 38 puntu batuta. Yerai Martin teknikariari agur gozoa egin diote, beraz.
Sanchez Vera Realeko entrenatzaileari ez, ordea. Txuri-urdinek denboraldi gorabeheratsua egin dute, eta, azken neurketetan hobeto aritu badira ere, kolpea hartu dute gaur, Teneriferen aurka 4-1 galduta. Gainera, hainbat jokalarik azken partida jokatu dute gaur Realeko elastikoarekin, datorren denboraldian ez baitute jarraituko Ane Etxezarretak, Amaiur Sarriegik, Sanni Franssik, Elene Letek, Manuela Vanegasek, Izarne Sarasolak, Elene Vilesek eta Lorena Navarrok. Bestalde, Maria Valle Real Madrilera itzuliko da, denboraldi honetan utzita aritu ostean. Zapore garratzarekin amaitu dute aroa horiek guztiek.
Athleticen egoera bestelakoa da. Zuri-gorriek gol zaparrada bat jasota amaitu dute sasoia, baina parean ez dute izan edozein aurkari: Bartzelona, txapelduna. 6-0 galdu du Athleticek, baina, oro har, harro egoteko moduko denboraldia egin du. Laugarren amaitu du liga, eta ia amaierara arte egon da Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan.
Horiek horrela, azken partida galduta ere, gustura amaitu du sasoia Bizkaiko taldeak, baita Eibarrek ere. Ez, ordea, Realak.