FUTBOLA. ESPAINIAKO KOPA

Eibarrek Kopako sailkapena ospatu nahi du gaur, Ipuruan, Xerezi irabazita

Jon Rejado.
GASTEIZ
2003ko urriaren 11
00:00
Entzun
Garrantzi handiko garaipena lortu zuen Eibarrek asteazkenean Sportingen kontra, eta gaur hori ospatzeko asmoa du bere zaleen aurrean, 20:00etan. Kopako hurrengo kanporaketarako txartela lortzeak konfiantza handia eman dio Gipuzkoako taldeari, eta horren berri eman nahi dute Xerezen kontra orain arteko maila polita eskainiz.

Denboraldiak aurrera egin ahala Eibar geroz eta erosoago agertzen ari da Amorrorturen sistemarekin, baina azken pausoa ematen saiatuko da gaur. Denboraldia hasi zenetik ezohiko oldarkortasuna erakutsi izan du, azken metroetan asmatu ez arren. Hor eraginkortasun gehiago lortzea da Amorrortuk zuzentzen dituen jokalariek bilatuko dutena, defentsa lanean oinarrituta.

Xerezek, ordea, maila ona erakutsi du orain arteko defentsan. Lau gol baino ez ditu jaso, eta horrek Carlos Oruek entrenatzen duen taldearen sendotasuna argi uzten du. Hortaz, ez dio Eibarri gehiegi erraztuko erasoko lana, Amorrorturenak egin ohi duten bezala azken segundora arte borrokatu arren.

Epeltasunean jarraitzeko asmoa

Aipatu hiru puntuek sailkapenaren gune epelean mantendu ahal izateko garrantzi handia dute, une honetan Eibar goiko postuak zein behekoak lau puntura baititu. Partidarako, Amorrortuk eskura dituen jokalari guztiak sartu ditu deialdian. Hiru hutsune izango ditu, hala ere: Uriz lesionatuta dago eta Romero eta Alaña zigortuta. Hortaz, Eibarreko entrenatzaileak talde lehiakorra egiteko aukera izango du Xerezen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.