Batzuentzat munduaren ardatza Real Madril denez, hurrengo ordu eta egunetan askok hitz egingo dute talde espainiarraren ezinaz, baina gaurkoan Eibarrek berdinketa lortu badu ez da kasualitatez, partida ederra jokatzearen ondorio baizik.
Gipuzkoarrak aurreratu dira markagailuan partida hasi eta berehala, bosgarren minutuan, Fran Ricoren golari esker. Ez dago hobeto hasterik. Baina hortik aurrerakoa zen benetan zaila, Real Madrili eustea alegia. Bikain aritu da Eibar, urduri jarri gabe, bere ahalmenean sinistuta, eta Balek 17. minutuan partida bana jartzea lortu badu ere, ez dio utzi aurkariari gaina hartzen, eta halaxe bukatu da partidua, banakoarekin.
Garaipen usaina duen berdinketarekin itzuliko dira eibartarrak etxera.