Ekaitza dago iragarrita abuzturako

Abuztuaren 20tik irailaren 11ra jokatuko da Vuelta; sei etapa amaituko dira gain batean, eta erlojupeko luze bakarra izango da1994tik lehen aldiz, Euskal Herrian amaituko dira bi etapa: Bilbon eta Gasteizen

unai zubeldia
Donostia
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Eguraldi iragarpenik ez dago oraindik, baina trumoi lainoak ageri dira urrutira begira jarrita. Mendatean amaituko diren sei etapa —bi berriak dira—, tartean Anglirun amaituko dena, beste amaiera bihurri asko, 16 kilometroko taldekako erlojupekoaz gain 40 kilometroko bakarkako bat ere bai... Kirol ekaitza dago iragarrita 2011ko Espainiako Vueltarako. Iaz ere izan zen nahikoa zalaparta. Antolatzaileek asmatu egin zuten ibilbide gorabeheratsua prestatuta. Amaiera gaiztoek ikusgarritasuna eman zioten itzali antzean zebilen itzuliari. Eta balio duena errepikatzea erabaki dute. Abuztuaren 20an Alacanten hasi eta irailaren 11n Madrilen amaituko da itzulia.

Eta 1994an Iruñean Vueltako etapa bat amaitu zenetik lehen aldiz, bi etapa amaituko dira Euskal Herrian: irailaren 9koa, Bilbon; eta hurrengo egunekoa, Gasteizen. Eguraldi mapei begiratuta 2011ko irailaren 9ko eta 10eko iragarpenik ez dagoen arren, egun horietarako ere ekaitza dago iragarrita. Bateko eta besteko erreakzioetan «normaltasun» hitzak entzuten ziren atzo, baina zale asko ez dira gustura egongo Espainiako Vuelta Euskal Herrian barrena ikusita. Hala ere, 2005ean kilometro gutxi batzuk egin zituen Vueltak Euskal Herrian, Bizkaian. Irailaren 9an, kamioi baten matxura tarteko, ibilbidea aldatu behar izan zuten, eta Bizkaian sartu-irtena egin zuten, Lanestosatik barrena.

Alacanten hasiko da 2011ko Espainiako Vuelta, Benidormeko hondartzan, 16 kilometroko taldekako erlojupekoarekin. Orihuelan, bigarren etapan, gozatuko dute lehen aldiz esprinterrek, hirugarrena, Totanan amaituko dena, amaiera bihurridun lehen etapa izango delako. Hirugarren mailako mendate bat igo beharko dute helmugarako hamar kilometro eskas faltako direnean. Giharrak berotzeko balioko du etapa horrek; laugarrena, Sierra Nevadan amaituko dena, serioa baita. Etapa hastearekin batera Filabres lehen mailakoa igo beharko dute, eta azken 25 kilometroek ere gorako joera izango dute. Goi mendia hotz-hotzean iritsiko denez, Sierra Nevadan sortuko dira Vueltako lehen alde nabarmenak.

Igor Antonek ondo markatuta edukiko du biharamuneko etapa, iaz bi besoak altxatuta iritsi zelako Valdepeñas de Jaengo helmugara. Pareta motz baina pikoa da azken hori, segundo polit batzuk irabazteko modukoa. Gaiztoa da Kordobako etapa amaiera, eta esprinterrentzat egokia Talavera de la Reinakoa.

La Farrapona eta Angliru

Valdepeñas de Jaengo etapa amaieraren antzeko pareta dauka gordeta 8. etapak, El Escorialen amaituko denak —%23ko aldapa bat ere badago—. Lehen atseden egunaren aurretik, berriz, La Covatilla gogorrean amaituko den etapa eta Salamancako 40 kilometroko erlojupekoa izango ditu tropelak.

Hurrengo bost etapetatik hiru gogor-gogorrak dira, Manzaneda eski estazioan, La Farraponan eta Angliru gainean amaituko direnak. Vueltaren hiru laurdenak hortxe erabakiko dira, muturreko igoera horietan. Bigarren atseden egunaren ondoren, Peña Cabargan, El Viveron, Elosuan eta Urkiolan gora egingo dute azken indar hustuketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.