Hertzainak musika taldearen hitzei buelta emanez, ekaitzaren ostean barealdian da Reala. Hautsak harrotu zituen denboraldi hasierak, eta Sergio Francisco entrenatzailearen postua bitan izan da kolokan dagoeneko. Baina liga eta Espainiako Kopa kontuan hartuta, azken hiru norgehiagokak irabazi egin ditu talde txuri-urdinak, eta larunbatean Athletici irabazi izanak hauspotu egin du taldearen egoera; izan ere, derbian jokoan ziren hiru puntuak eskuratu zituzten (3-2). Jon Gorrotxategik sartu zuen gola partida amaitzear zela. Larunbatekoa garaipen garrantzitsua izateaz gainera, jokoaren hobekuntzaren isla izan zen.Â
Gaur segida eman nahi diote horri, Elxen zelaian (21:00, La Liga). Ez da neurketa erraza,  Eder Sarabiaren aginduetara bikain hasi baitu denboraldia Elxek. Dena den, apur bat behera egin du azken jardunaldietan, jokatu dituen azken lau partidetan puntu bakarra atera baitu.Â
Realak hobera egin du azken geldialdiaren ostean, eta horren gakoetako bat Jon Martinen itzulera izan da. Erdiko atzelariak 20 urtez azpiko Munduko Kopa jokatu behar zuen Espainiarekin, baina min hartu zuen orkatilan, eta Donostiara bueltatu zen. Aste batzuk eman zituen jokatu gabe. Bitarte horretan Zubeldiak eta Caleta-Carrek jokatu zuten. Batez ere kroaziarra ez zen fin aritu, eta huts nabarmenak egin zituen. Bost norgehiagokatan zazpi gol jaso zituzten. Harrobiko jokalaria hamaikakoan ari denetik, Realak hobera egin du defentsako lanean, sendoago eta oldarkorrago aritu da. Nahiz eta huts batzuk ere egin dituen: adibidez, Athleticek larunbatean sartu zion lehen golean. Baina baloia ateratzeko orduan eta goitik datozen baloien defentsan askoz hobeto ari da, Jon Martini esker.Â
Fitxaketak ere ari dira pixkanaka berea ematen. Soler eta Guedes dira horren adibide. Pixkanaka hamaikakoan finkatzen ari dira, eta, jokatu ahala, erakusten ari dira zer maila duten. Biek gol garrantzitsuak sartu dituzte, gainera, azken jardunaldietan: Solerrek Celtaren kontrako berdinketaren gola sartu zuen partida amaitzear zela, eta Guedesek Athletici sartu zion neurketako bigarrena. Keinu tekniko bikain bat eginez aurrez aurre geratu zen Unai Simonekin, eta ez zuen barkatu. Vigon ere, zelairatu zenean beste erritmo bat eman zion taldearen jokoari. Yangel Herrera ere fin aritu da jokatu duen denboran; Vigon hasieratik ipini zuen Sergiok, eta jokalariak argi erakutsi zuen zergatik hautatu zuen entrenatzaileak. Baloi ugari berreskuratu zituen aurkariaren zelaian, eta presioan ordu arte Realak lortu ez zuen sendotasuna eman zion. Sevillaren aurka Anoetan jokatutako norgehiagokan, gainera, penalti bat behartu zuen. Baina min hartu zuen, eta aldatu egin behar izan zuen Sergiok. Ezusterik ezean, etenaren ostean itzuliko da.Â
Golak sartzea ere kostatu egin zaio Realari, baina joera hori ere aldatzen ari da pixkanaka. Negreirari eta Athletici hiru sartu zizkien, eta Sevillari bi: hiru partidatan zortzi gol. Gainera, Oiartzabalez aparte, beste zenbait jokalarik lortu dute aurkariaren atea urratzea: aipatutako Guedesek eta Solerrek, Gotik, Zakharianek eta Turrientesek. Albiste ona da hori Realarentzat. Bestalde, urte eta erdi baino gehiago zeraman partida bat irauli gabe, baina larunbatean, Athleticek bitan berdindu zionean, gai izan zen kolpetik altxatu eta berriz ere aurretik jartzeko. Gainera, azkenera arte ez zuen burua jaitsi hori lortzeko. Beraz, psikologikoki ere aurrerapauso bat eman duela esan daiteke.Â
Barrenetxea ez da osatu
Horri guztiari segida ematea erabakigarria izan daiteke, gaur Elxen zelaian gailentzeko. Alex Marchal da deialdiko berritasun nagusia. Barrenetxea ez da osatu derbian hartutako kolpetik; Zakharian, berriz, bai. Jokatu ezinik jarraitzen dute Yangel Herrerak, Oskarssonek eta Karrikaburuk. Sergio Franciscok honela aztertu du gaurko partida: «Elx talde ona da. Igo berri diren taldeek energia handiz ekin ohi diete denboraldiei. Ederrek [Sarabia] beti prestatzen ditu gauza bereziak. Baloia nahi duen talde bat izango dugu aurrean, gauza diferenteak egiteko gai dena. Aurkariak erabakiak bizkor hartzera behartzen ditu. Beraz, adi egon beharko dugu».
Taldeak aurrerapausoa eman duela onartu du: «Celtaren aurkako partida mugarri izan zen». Baina taldeak zazpi hilabete daramatza etxetik urrun irabazi gabe: «Elxen beste aukera bat dugu horretarako, eta hori lortzeko moduak bilatzen saiatuko gara».