Joan zen abuztuaren 27an irabazi zuen azkeneko aldiz San Mamesen Athleticek. Aste Nagusia zen, Reala zen aurkaria eta garaipenari esker (3-0 irabazi zuten zuri-gorriek) egun biribila izan zuten athleticzaleek.
Marijaia joan zen eta berarekin eraman zuen San Mameseko xarma. Katedralak gotorleku izateari utzi zion. Hiru hilabete pasatu dira eta irabazi ezinda dabil Athletic. Aurkariak, gainera, ez dira goi mailakoak izan. Egiari zor, ez da maila handirik erakutsi behar izan Bilbon saria eskuratzeko. Zelaian ondo kokatu eta defentsan gorengo mailako talde batek egin behar duen gutxieneko beharra eginez gero, gutxienez puntu bat bermatuta izan du San Mames bisitatu duen taldeak. Garaipen gose apur bat erakutsiz gero... hiru puntu eta etxera!Lehen Mailan jarraitzeko ezinbestekoa da egoerari buelta ematea. Javier Clementek zuzentzen dituen jokalariek askoz ere gogorragoak izan behar dute San Mamesen. Jokorik ezean, defentsan sendo aritu eta aukera dagoenean aprobetxatu egin beharko dute. «Ea etxean ere zerbait egiten hasten garen», azpimarratu zuen Athleticeko entrenatzaileak atzo. Aurreko partidak ikusita, ez da gaitza izango zerbait gehiago egitea. Nahikoa egingo al duten jakitea da gakoa.
Garrantzitsuena, nola jokatzen den
Bigarren garaipena eskuratzeko ez dirudi aldaketa asko egingo dituenik. «Garrantzitsuago da nola jokatzen den nork jokatzen duen baino», adierazi zuen entrenatzaile zuri-gorriak. Lerro artean egin daitekeen irakurketetako bat erdiko hiru atzelarirekin jokatzen jarraituko duela da. Hori egia bada, zortearen edo geldikako jokaldi baten zain egon beharko dute jarraitzaileek. Izan ere, puntu premia duen talde batek etxetik kanpo jokatzeko era aproposa izan daiteke. Etxeko norgehiagoketetarako, ordea, ez dirudi horren aproposa denik. Athleticek etxetik kanpo egiten duen jokoa egiten ahaleginduko da aurkaria San Mamesen. Beraz, joko ekimena eta erantzukizuna zuri-gorrien esku egongo da. Athleticek estutu beharko du aurkaria eta horretarako ezinbestekoa izango da zelai erdiko jokoa kontrolatu eta, era berean, kontrarioaren defentsa zulatuko duen jokoa sortzea. Bost atzelarirekin ez da lan samurra izango hori egitea.
Atletico Madrili aurre egiteko hutsune bakarra du Athleticek. Fernando Llorente. Aurrelari espainiarrak min hartu zuen bizkarrean asteazkeneko entrenamendu saioan. Hasiera batean ez zirudien larria, eta atzoko entrenamenduan normaltasun osoz aritu zen. Halere, ez da osatu eta aukeratuen zerrendatik kanpo utzi du Clementek. Ismael Urzaiek hartuko du bere lekua taldean. Lesioak eta atseden egunak tarteko, 200 egunetik gora daramatza golik sartu barik Urzaizek. Denbora asko da taldeko erreferentzia nagusiarentzat. Era berean, Llorenteren hutsuneak deialdiko ateak zabaldu dizkio Julen Guerrerori. Espainiako Kopako azken kanporaketan min hartu zuenetik jokatu barik dago kapitaina.Athleticek hutsune garrantzitsua izango du. Atletico Madrilen aurrean, ordea, ez dago kexatzeko moduan. Carlos Bianchik taldeko bizkarrezurra aldatu beharko du: Pablok, Luccinek eta Fernando Torresek partida bateko zigorra bete behar dute. Lerro bakoitzeko aldaketa bat egin behar du, beraz, entrenatzaile argentinarrak. Hori gutxi balitz bezala, azken unean beste hutsune garrantzitsu bat izango du: Antonio Lopez ezker hegalekoak min hartu zuen atzoko lan saioan. Hutsune asko eta garrantzitsuak aurten gauza handiak egiteko antolatutako taldean.Jokalari onak baino horren onak ez direnek jokatzea hobea dela argi izan arren, gaizki egingo lukete Athleticeko futbolariek Espainiako taldea gutxietsiko balute. Ordezko jokalari onak ditu Atletico Madrilek eta Athleticen aurkako partidak bereziak izaten dira beti. «Klasiko bat da, partida garrantzitsua. Harmailetan giro bikaina egoten da eta lehia estuak eta borrokatuak izaten dira», esan zuen Clementek 1980. hamarkadako partida ikusgarriak gogora ekarrita. Gaur ere ez da oso ezberdina izango. San Mames gainezka, bero-bero, negu giroan... egoera aproposa Athleticek bere onena emateko. Halere, puntuak irabazteko jokoa behar da.
Ekin!
Athleticek Atletico Madrili irabazi nahi dio gaur San Mamesen, etxean daraman bolada txarrari amaiera emateko; Llorente min hartuta dago eta Urzaizek hartuko du bere lekua hamaikakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu