Matematika ikasi, eta txirrindularitzan bidea egin. Asmo horrekin joan zen Groningenera (Herbehereak) Yago Agirre (Donostia, 2004). Hango unibertsitatean izena eman zuen, eta, aldi berean, talde bila hasi zen. Alemaniatik iritsi zitzaion eskaintzarik erakargarriena: Kontinental mailan —txirrindularitza profesionaleko hirugarren koska— jarduteko aukera eman zion Sauerland taldeak, bizilekua Groningenetik mugitu behar izan gabe. Hala, profesional gisa lehen denboraldia osatu zuen iaz. Ondo moldatu zen bizikleta gainean, baita kalkulagailu artean ere. Ordea, denboraz larri ibili zen kirola eta ikasketak bateratzeko. Bat zati bi. Hala, arreta osoa ziklismoan jarri du aurten.
Noizbait goreneko mailan aritu nahiko luke Agirrek. Ekuazio korapilatsua du esku artean, eta ezohiko formula erabiliz ebatzi nahi du: junior mailatik zuzenean egin du jauzi profesionaletara, 23 urtez azpikoetan lehiatu gabe. Beste ziklista batzuek ere erabili dute prozedura hori: besteak beste, Remco Evenepoelek (Soudal), Carlos Rodriguezek (Ineos) eta, berriki, Markel Belokik (Education First). Haiek World Tourrera igaro dira zuzenean. Eskura eman diete buruketaren emaitza. Beste batzuek, ordea, arbela kalkuluz bete behar izaten dute. Agirrek ez du presarik; Kontinental mailan zaildu nahi du lehenik. «Biderik motzena ez da beti izaten biderik onena. Era berean, gehiago ikasten da profesional gisa amateurretan baino, emaitza apalagoak lortu arren».
Agirreren ustez, Kontinental maila «oso egokia» da ziklista gazteen garapenerako. «Ez dut egokitzeko zailtasunik izan. Jauzia ez da horren handia. Euskal Herrian 23 urtez azpikoen maila dugu, baina, Europan, ondo dabiltzan junior asko Kontinental mailako taldeetara joaten dira. Tropela oso gaztea da, beterano batzuk ere badauden arren». Iaz ezin izan zuen nahi beste gozatu, arlo akademikoari ere denbora asko eskaini behar ziolako. «Ezin izan nuen nahi bezala egin ez bata, ez bestea. Oso pozik nengoen ikasketen edukiarekin, baina denbora falta zitzaidan. Txirrindularitza lehenetsi dut azkenean, orain saiatu ezean, aurrerago ez baitut aukerarik izango».
«Agian, talde honetan bertan igo naiteke ProTeam mailara. Hori da nire hurrengo helburua. Bestela, Euskal Herriko taldeen aukera ere hor dago».YAGO AGIRRE Rembe Sauerland taldeko txirrindularia
Buru-belarri dabil bizikletan, eta horrek, ezinbestean, eragina du errendimenduan: «indartsuago» sentitzen da orain. «Ezberdina izan da denboraldiaren prestakuntza. Gauzak lasaiago egin ditut, eta hobera egin dudala nabaritzen dut». Horren adierazle da lasterketetako jarduna. Mallorcako Challengean eta Antalyako itzulian hasi du sasoia, eta pozik da izandako sentipenekin. «Iaz baino hobeto aritu naiz lehen lasterketetan, iazkoak baino gogorragoak izan arren. Egia da World Tourreko jendea urruti ikusi dudala, baina aurrerapausoa eman dut, eta hori da garrantzitsuena».
Sauerland taldea ere hazten eta heltzen ari omen da. «Iaz oso multzo gaztea genuen: 25 urtetik beherakoak ginen denak. Ordea, aurten aldatu egin dugu babeslez eta zuzendariz, eta, ondorioz, mentalitatez ere bai: haztea eta, ahal dela, ProTeam mailara iristea da orain helburua». Txirrindulari eta teknikari gehienak alemaniarrak dira, baina taldea nazioartekotzen ari da. «Zeelanda Berriko teknikari bat iritsi da, eta hango txirrindulari bat ekarri du. Ingeles bat eta suitzar bat ere badauzkagu. Eta ni ere hor nago. Aberasgarria da herrialde ezberdinetako taldekideak edukitzea».
Arnasa luzeko igotzailea
Oso umetan zaletu zen Agirre, aitonarekin Frantziako Tourra ikusiz. Behin etapak bukatuta, bizikleta hartzen zuen, eta irudimenari bide eman. Bere fantasietan, beharbada, Alberto Contadorren ibilera dantzaria imitatuko zuen. Hura zuen begiko, bereziki. Hazi ahala, ametsa gorpuztuz joan zen Agirre, Donostialdea Bizikletan taldean. 2022an junior mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta helduen tropelera iritsi zen jarraian. Ziklista gisa aldatuz joan da bidean aurrera egin ahala. «Lehen ibilbide guztietarako txirrindularia nintzen, baina, orain, eskalatzailetzat daukat neure burua, nahiz eta ez izan igotzaile petoa. Proba gogor eta luzeetan moldatzen naiz ondoen».
Unibertsitatea utzita, gurasoen etxera itzuli da Agirre. Ulerkorrak izan dira semearen erabakiarekin. «Begi onez ikusten dute egin dudan apustua. Badakite ametsa dela niretzat eliteko txirrindulari bihurtzea, eta aukera baliatzeko esan didate». Ordea, ez du baztertzen aurki Alemaniara joatea bizitzera. «Lasterketa ugari izango dut han, baita Belgikan eta Herbehereetan ere, eta bidaiak asko laburtuko nituzke Alemanian biziko banintz». Zeresana eman nahi du, laster ProTeam mailara igotzeko. «Agian, talde honetan bertan egin dezaket urratsa. Bestela, Euskal Herriko taldeen aukera ere hor dago. Haiek erakartzeko, ordea, emaitza onak behar ditut».
Egunen batean Tourreko irteera marran izatea da Agirreren ametsa. Eta ez badu lortzen bizikletan bidea egiterik? Irtenbide erraza du: zenbaki artera itzultzea. «Atea zabalik gelditu da. Ikasgai guztiak gainditu nituen iaz, eta itzuliko banintz, bigarren ikasturtetik abiatuko nintzateke. Ez diot eperik jarri neure buruari. Orain txirrindularitzan jarriko dut arreta, eta gero gerokoak».