Berritasunekin dator gaur 81. Uliako krosa. Azken urteetan, partaideak gutxiten ari zirela ikusirik, antolatzaileek lasterketaren egitura errotik aldatzea erabaki dute, edozein korrikalariri proban parte hartzeko aukera emanez. Herri izaera handiagoa ematea erabaki dute, beraz, orain arte federatuta zeuden kirolariek soilik korri zezaketen eta.
Ibilbidea ere aldatu dute. Grosko auzoan zehar 4.800 metroko zirkuituari bi buelta emango diote lasterkariek; Zurriolan hasi eta bukatuta. Ibilbideko berritasun nagusia Nafarroako hiribidea eta Ategorrietako hiribidea zeharkatzea izango da, Saguesera bidean. Nagusien proba 11:45ean hasiko da, gaur, Kursaaletik
Aldaketekin lasterketa inoiz baino herrikoiagoa izango da, eta horrek parte-hartzaile gehiago erakarri du. Ez dirudi, gainera, partaideen maila gutxituko denik; urtero bezala elitezko hainbat korrikalari ariko dira eta. Aurreko urteetan ez bezala, aurten ez dago faborito garbirik; bai, ordea, irabazle izateko aukerak dituzten hainbat kirolari.
Azken orduan etorri den Abdella Tafharrafet marokoarrak irailean hamar kilometro 28 minutu eta sei segundoan egin zituen. Abdelaziz Merzugi iazko juniorretako Europako kros txapelduna ere irabazteko prest azaldu da. Gideon Kipketer keniarra eta Ferhu Feyisa etiopiarra Hulshouteko (Belgika) krosean lehenengo eta bigarren geratzetik datoz. Jesus España 5.000 metroko Europako txapeldunordea ere gogotsu etorri da Donostiara. Elija Karanja, Evans Mayoyo eta Rachid Nadjik ere zer esana eman dezakete.
Emakumezkoetan, iazko garaile Malika Asahssa marokoarra da faboritoa, eta haren aurkari nagusiak dira Lucy Karimi eta Samira Ahbuche. Aukera izan beharko luke ere aurtengo Behobia-Donostiako irabazleak, Maria Lopez Tejada donostiarrak.
10:15ean hasiko dira probak, alebinen eta infantilen lasterketarekin. 1.985 metro egingo dituzte. Jubenilak 10:45ean aterako dira, eta 4.800 metroko zirkuituari buelta bat emango diote.
Eliteko korrikalariei herrikoak gehituko zaizkie Uliako krosean
Gaurko probak ez du faborito garbirik gizonezkoen artean, eta Asahssa da hautagai nagusi emakumeetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu