PILOTA

Elordik eta Rezustak sufritzen ere irabazten dute

22-17 hartu dituzte mendean Artola eta Imaz Donostian, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko lehen partidan. Aspeko bikoteak jokatu dituen hiru neurketak irabazi ditu.

AITOR ELORDI
Aitor Elordi, errematatzeko prest. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 8a
20:25
Entzun

Binakako Txapelketan elkarrekin ariko zirela jakin bezain laster, pilotazaleek itxura ona hartu zioten Aitor Elordik eta Beñat Rezustak osatutako bikoteari. Bata, buruz buruko eta binakako txapelduna da; bestea, berriz, binakakoan bitan txapeldun eta beste bitan txapeldunorde izandakoa. Sasoiko badaude, eta elkarrekin ondo moldatzen badira, dena daukate bikote oso indartsua egiteko.  

Ligaxkako lehen hiru partidak jokatuta, haiengandik espero zitekeena ari dira egiten: ondo ari dira. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago: lider dira, eta jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte. Azkena, gaur, Donostian, Atano III.a frontoi eraberrituan. 22-17 hartu dituzte mendean Iñaki Artola eta Ander Imaz.

Lehen bi partidetan izandako erraztasunen aldean, Elordik eta Rezustak gogotik sufritu dute hirugarren garaipena lortzeko. Argigarria da datu hau: lehen bi partidak kontuan hartuta, aurkariek hemeretzi tanto egin zizkieten. Hamazazpi egin dizkiete gaur Artolak eta Imazek. Hauxe da azalpena: batetik, Aspekoak ez direla aurreko bi neurketetan bezain sendo aritu; eta, bestetik, aurkariek oso estu hartu dituztela. Meritu handia du horrek, kontuan hartuta bi egun eskas lehenago jokatu zutela, eta ia ez dutela izan astirik indarberritzeko. Galdu arren, berriro erakutsi dute lanak emango dizkietela aurkari guztiei.  

Hutsek desorekatu dute lehia. 11 egin dituzte galtzaileek, horietatik hamar Artolak. Bederatzi tanto egin ditu, baina hamar huts horiek zama izan dira. Batez ere, asko une erabakigarrietan izan baitira. Lehenbizi, partida estu zegoenean: launa berdinduta zeuden, eta 10-5 aurreratu dira Aspekoak. Eta, gero, Baikokoek atzetik aurrera egin dutenean: 18-11tik 18-16ra egin dute. Baina, Elordiren eta Rezustaren zorionerako, hor amaitu da susperraldia. Zorionez ere bai, ez du ondoriorik izan 10-7koarekin Aspeko atzelariak bere aurrelariari aurpegian emandako pilotakada bortitzak.    

Laso berriz ariko da bihar

Bihar, Lasok eta Arangurenek Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute, Iruñean, Labriten. Laso asteazkenean aritu zen, urte erdiz lesionatuta egon ondoren. Ez zuen minik izan, baina eskas aritu zen. Baita Aranguren ere. Horren ondorioz, Artolak eta Imazek erraz irabazi zieten. Lasok beste aukera bat du sasoia, erritmoa, jokoa eta konfiantza hartzen joateko.

Baikokoek bikote indartsua izango dute parean. Lehen jardunaldian, gaizki aritu ziren Peio Etxeberria eta Zabaleta, eta 22-11 galdu zuten Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren kontra. Bigarrengoan, ordea, gora egin zuten, eta erraz irabazi zieten Danel Elezkanori eta Julen Martijari: 22-9.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.