Ur bizietako C-1 mailako finalean laugarren denborarik onena lortu du Ander Elosegik —102,61 segundo– eta domina lortzetik hurbil gelditu da irundarra. 2008an Pekinen lortutako postua errepikatu du, nahiz eta, denbora hobea egin duen. "Beste zerbaiten bila nentorren; pena handia izan da", esan dio Elosegik BERRIAri.
Tony Estanguet frantziarrak irabazi du urrea, 97,06 segundorekin. Hirugarren aldia du jarraian Olinpiar Jokoetan urrea lortzen duena. Sideris Tasiadis alemaniarra izan da bigarren, segundu bakarrera. Michal Martikanen jaitsiera ere oso ona izan da, eta hirugarren postua eskuratu du: 98,31.
Sailkapenean zehar lan bikaina egin du Elosegik, baina, ez da aski izan domina etxera eramateko. "Erdi partean huts egin dut, eta dominarako borrokatik kanpo geratu naiz", azaldu du. Xabier Etxaniz hautatzaileak ere horixe azpimarratu du: "Ate batzuetan aurrera egin ezinik geratu da, eta aurkariek huts egingo ote zuten zain egon gara. Baina ezinezkoa izan da. Pena da, domina eskuratzeko moduan zegoelako".
Goizean finalerako laugarren postuan sailkatu da Elosegi, Martikan esloveniarrarekin denboran berdinduta. 104,04 segunduko denbora egin du Elosegik, ez da jaitsiera onegia izan, baina nahikoa finalean egoteko. Hamabi aritu dira finalerdietan, eta zortzi onenak sailkatu dira finalerako. Kalean geratu da David Florence etxeko piraguista eta lehen zerrendaburua.
Herenegun ere lan ona egin zuen sailkapen fasean. Lehen jaitsieran lortu zuen finalerdietarako txartela: 93,24 segundo eta penalizaziorik gabe. Nahikoa eta sobera. 96,60 segundo behar izan zituen bigarren jaitsieran.