Elurra, hotza eta Grenobleren aurka ari beharko du Miarritzek

Lapurtarrek aurkari gogorra izanen dute, igo berritan seigarren postuan dagoelako Grenoble

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Joan den astean Clermonten aurka itxura ona eman ondoren, Miarritzek etxetik kanpo pasa beharreko astea bururatuko du Grenoblen. Top 14ko hastapeneko ezustekoa ematen ari da Alpeetako taldea. Bigarren Mailatik igo berria izan arren, Heineken Kopako postuetan dago, seigarren postuan. Bi puntu gibelago dago Miarritze, eta etxetik kanpo kolpea jotzeko asmoz joanen da Grenoblera.

Europa mendebaldea astintzen ari den hotz boladak ez du hutsik egin berez hotza den inguruan. Alpeetako sarreran dago hiria, mendiz inguraturik, eta ez da arraroa izaten han hotza eta elurra egitea. Aste honetan mara-mara ari du elurra, estadioko azpiegitura batzuk hondatzeraino. Ez dute lan erraza izanen, beraz, Miarritzeko jokalariek hotzera eta elurretara ohituta dauden jokalariak menderatzen.

Joan den astean Clermonten emandako itxura ona esperantza iturri izanen da, hala ere, xuri-gorrientzat. Etxetik kanpo puntuak lortzera kondenatuta daude, eta zelai aproposa izan daiteke Grenoblerena. Clermonten galdu ondotik, Grenoblera joan ziren zuzenean lapurtarrak, gaurko partida prestatzera. Egia da bi hiriak hurbil daudela, baina intentzioz ariko dira miarriztarrak.

Damien Traille irekitzaile postuan ikustea izango da partidako berritasun nagusia. Zango jokoa eta eskarmentua eskainiko ditu kapitainak. Wenceslas Lauret, berriz, ez da zelaian izanen. Garuneko bi kommozio jasan eta gero, atseden izanen du; gaurkoaz gain, Frantziako selekzioaren partidak ere galduko ditu.

GRENOBLE-MIARRITZE

Grenoble. Buckle, Hegarty, Edwards; Hand, Beukes; Vanderglas, Faure, Best; Courrent, Pelissie; Waqaseduadua, Buto, Hunt, Dupont; eta Gencebacher.

Miarritze. Blaauw, Genevois, Kodela; E. Lund, Taele; Guyot, Dubarry, Lakafia; Peyrelongue, Traille (kap.); Baby, Bosch, Burotu, Ngwenya; Balshaw.

Epailea. Mathieu Raynal.

Lekua. Grenobleko Lesdiguieres estadioa (12.000 ikusle).

Ordua. 14:10 (Fr. Canal Plus).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.