futbola

Emakume futbolariek grebara jotzea erabaki dute

Oraindik ez dute argitu noiz egingo duten, eta izango duen iraupena. Lehen lan hitzarmena adosten ari dira kluben elkartearekin, baina negoziaketak etenda daude aurreko astetik.

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 22a
07:30
Entzun

Ez zuten horra iritsi nahi, baina azkenean urratsa egin dute. Emakume futbolarien lehen lan hitzarmenerako elkarrizketak hautsi eta gero, futbolariek grebara jotzea erabaki dute. Hala erabaki dute gaur, gehiengoa duen AFE sindikatuak deitutako bileran. Madrilen bildu dira 200 futbolaritik gora, eta bertan adostu dute. Oraindik ez dute argitu noiz izango den, eta ezta zenbat iraungo duen ere.

Duela astebete hautsi ziren elkarrizketak. Lan hitzarmena adoste aldera kluben elkarteak eta sindikatuek egindako hemezortzigarrena izan zen. Hain zuzen ere, lanaldiaren iraupenean dago traba nagusia. Kluben elkartea —bertan daude klub guztiak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik— eta sindikatuak (AFEk du gehiengoa) ados daude gutxieneko soldata gordinaren inguruan: 16.000 euro. Sindikatuek, hasiera batean, lanaldi osoko kontratuak eskatu zituzten. Baina jasotako ezetzaren aurrean, eta jarrerak gerturatze aldera, %75ekoak izatea onartu zuten. Kluben elkarteak, ordea, lanaldi erdian jarri du muga: «Hazkunde jasangarri bat bermatze aldera, ezin gara hortik igo».

Urtebete da lan hitzarmena adosten hasi zirenetik. Negoziaketak ez ziren ondo hasi, sindikatuen artean ez zirelako ados jartzen mahaian izan beharreko ordezkaritzaren inguruan. Azkenean lan bitartekaritza sartu zen, eta AFEk du gehiengoa. Ordutik ez atzera eta ez aurrera ibili dira, eta soka apurtu egin da. Eskaerak argiak dira, eta lanaldiaren iraupenaren inguruko baldintzak ez ezik, gaixoaldiari, oporraldiari, osasun probei eta irudi eskubideei buruzkoak ere jaso nahi dituzte; baita sexu jazarpen eta haurdunaldi kasuetarako protokolo bat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.