Lehen harria jarri zutenetik hamar urte bete dituen honetan, loraldi betean murgilduta dago Emakume Master Cup Zirkuitua. Nekez pentsa zitekeen hamar urtean halako iraultza biziko zuenik emakumeen esku pilotak, baina bide oparoa egiten ari da, batez ere azkenaldian. Gogorrak izan ziren hasierak, inor gutxik jokatzen baitzuen eskuz pilotalekuetan. Palaz jarduten zuten gehienek, bestelako aukerarik ez zutelako. Askok pilota utzi ere egin behar izaten zuten. Ilusioari eta gogoari esker, eskuz jokatuz ere bidea egin zitekeela sinetsarazi zien hainbat emakumeri Iker Amarikak, Emakume Master Cupeko sortzaileak. Larrabetzun (Bizkaia) pilotan aritzen zen neska talde bat hartu zuen abiapuntu, eta, gaur egun, hainbat eta hainbat dira txapelketetan lehiatzen ari diren emakumeak. Kopurua ez ezik, maila ere geroz eta handiagoa da, eta etorkizunari baikor begiratzen diete pilotariek.
Duela hamar urteko hasiera haiek ondo gogoan dituzte Olatz Arrizabalagak (Gernika, Bizkaia, 1997) eta Arrate Bergarak (Tutera, Nafarroa, 2001). Biek jaso zuten Amarikaren deia. «Esku pilota utzita neukan, eta palaz aritzen nintzen. Ikerren deiari ezezkoa eman nion lehenbizi, baina azkenean konbentzitu egin ninduen eskuz txapelketa bat jokatzeko. Horixe zen baldintza: txapelketa bakarra. Eta begira orain noraino iritsi garen», aitortu du Arrizabalagak. Bestelakoa izan zen Bergararen kasua: «Tuteratik Bergarara etorri nintzen bizitzera hamabost urte nituela, eta bete-betean harrapatu ninduen Zirkuituaren sorrerak. 2017an, lehen edizio hartan, Bigarren Mailako finala jokatu nuen, eta Lehen Mailakoan aritu zen Arrizabalaga. Haren jokoarekin txundituta geratu nintzen, eta orduan erabaki nuen eskuz jokatzen jarraitu nahi nuela

Bergarak gogoratu bezala, 2017koa izan zen lehen edizioa, eta gorengo mailan txapeldun izan zen Arrizabalaga, Leire Etxanizekin batera, Nagore Arozenaren eta Maider Mendizabalen kontra (22-14). Egun hura mugarria izan zela uste du gernikarrak: «Finala Zornotzan jokatu genuen, eta mugarria izan zen egun hura. Zazpiehun lagun bildu ziren harmailetan, eta olatu bati hasiera eman zitzaion. Finaleko lau pilotariok geneukan esku pilota utzita, baina txapelketa horretan maila duina eman genuen». Horregatik, ondorengo txapelketetara ikusle gehiago joaten hasi zen. «Hasieran gure senide eta lagunak bakarrik joaten ziren partidak ikustera, baina final horren ondoren bestelako egoera bat ikusten hasi ginen. Mugimendu sozial gisa sortu zen zerbait ikuskizun bihurtu genuen, eta orain jendea benetan joaten da gure neurketak ikustera. Lortu dugu kirola normalizatzea».
«Mugimendu sozial gisa sortu zen zerbait ikuskizun bihurtu genuen, eta orain jendea benetan joaten da gure neurketak ikustera. Lortu dugu kirola normalizatzea»
OLATZ ARRIZABALAGA Pilotaria
Ikuskizunari lotuta, pilota gozotik mistora egindako jauzia izan zen gakoa, Bergararen esanetan. «Zirkuituko antolatzaileek asmatu egin zuten lehen bizpahiru urteetan pilota gozoa jartzen partida guztietan. Horrek ateak ireki zizkigun hainbat neskari, baina beharrezkoa zen lehenago edo beranduago pilota mistorako jauzia egitea, ikuskizunaren mesedetan. Ohitzen joan gara, eta orain eroso sentitzen gara pilota gogorrekin». 2019an gertatu zen aldaketa hori, Arrizabalagak gogoratu duenez. «Kirol guztietan abiadura da sekretu nagusia, eta ikusi genuen beste abiadura bat eman behar geniola gure jokoari. Aldaketa gogorra izan zen, baina orain gazte guztiek badakite nolako pilotekin jokatzen dugun, eta halaxe entrenatzen dute». Alde horretatik, beste jauzi bat pozik egingo luke gernikarrak. «Eboluzionatzen joan behar dugu, eta iruditzen zait oraindik ere abiadura apur bat handiagoa eman behar diogula gure kirolari. Horretarako pilota bizixeagoak erabiltzearen aldekoa naiz».
Izugarri aldatu zaie bizitza hamar urteotan Arrizabalagari eta Bergarari. Hasieran inondik ere ez zuten imajinatzen pilotari lotuta biziko zirenik. Profesionalak izan ez arren nesken pilota profesionalizatuta dagoela azaldu du Bergarak. «Eboluzioa ikaragarria izan da. Gure egunerokoan barneratuta daukagu, eta horretarako trebatzen gara. Arlo askotan prestatu ohi gara: fisikoan, nutrizioan, mentalean... Psikologoak ere baditugu pilotari askok». Entrenamenduen garrantzia aipatu du Arrizabalagak. «Emakume Master Cupek pilotarioi modua eman zigun elkartu eta elkarrekin entrenatzeko». Esaterako, Arrizabalagak berak eta Bergarak elkarrekin entrenatzen dute Gernikan. Baita Enara Gamindek eta Amaia Aldaik ere. «Norberaren maila hobetzea eta lehiakortasuna sustatzea dakar horrek. Ezinbestekoa da kirolak aurrera egin dezan».
Ereduen beharra
Bietako inork ez zuen erreferentziazko emakume pilotaririk duela hamar urte, ez baitzegoen halakorik. «Nirea Juan Martinez de Irujo zen. Gizonei begira hazitakoak gara», aitortu du Bergarak. Orain, ordea, haiek dira gazteen erreferentziazko pilotariak. Arrizabalaga: «Adibidez, ni neu Gaminderen pilota irakaslea izan nintzen, eta orain bera da atzelari onena. Horrek izugarri pozten nau. Horrez gain, gogoan dut nola Goiuri Zabaleta etorri zen behin gure partida bat ikustera, oso gaztea zela. Gaur egun dauzkagun gazte pilotariak guri begira hazitakoak dira, eta ohore izugarria da». Bergara oraindik ez da ohitu horretara. «Ume asko gerturatzen zaizkit, eta hain umeak ez direnek ere geratzen naute kalean. Ez naiz ohitzen kontu horietara, baina gauza oso polita da».
«Zirkuituko antolatzaileek asmatu egin zuten lehen bizpahiru urteetan pilota gozoa jartzen partida guztietan. Horrek ateak ireki zizkigun hainbat neskari,
ARRATE BERGARAÂ Pilotaria
Hain zuzen ere, Arrizabalagak eta Bergarak elkarrekin jokatuko dute aurtengo Emakume Master Cup txapelketako finala, Alize Sagardui eta Gaminderen aurka, hilaren 22an, Eibarko Astelenan. Iaz finala galdu zuten, eta arantza atera nahi dute. Arrizabalagak seigarren txapela luke binaka, eta Bergarak, lehena. «Nire ibilbidea biribilduko luke txapelak», dio gipuzkoarrak. Â